Pandemiak ezarritako itxialdiaren alde positibo bat,
positiborik bada, denbora gelditu zela izan zen, sormenari leiho bat zabaldu
ziolarik. Munduaren akabera badator, betor, baina idatzita behintzat gera
dadila, mundua bukatu aitzin, Zuihitsua.
Euskal letretan ez dago tradizio oparo eta itxia saiakerei
dagokienez eta horra hor, enetzat, abantaila bat, euskaraz saiakerak idazteko
potentzialtasuna handia baita. Izan ere, den-dena izan daiteke saiakera, alor
emankor eta zabala. Saiakera, berez, saiatzea da, saio bat egitea. Gainera, saiakera egiteak aldez aurretik ez zenekizkien gauzak
idaztera eramaten zaitu, idatzi aitzin lotu gabe zenituen ideiak uztarturik
gelditzen dira, idatzi baiko sortzen delarik. Hori horrela, idazteak ideiak
garatzen laguntzen du, ez da
komunikazio-tresna soila eta hutsa; idazketak ideia berriak sortzen laguntzen
dio idazleari, lerroak idatzi arau agerian gelditzen direnak, idazkerak berak
ekoitziak, idazlumak berak sortuak neurri batean
Bitxia da japonieraz Zuihitsua hitzak esanahia ildo
horretatik doala, eta horregatik Idazlumari jarraiki du azpititulu
saiakera honek, eta zin-zinez esan nezake zein idazlumarekin idatzi nuen atal
bakoitza, testu-prozesadorearen arriskuez jabeturik, lehenik eskuz izkiriatu
bainituen liburu honen atalak oro, eta gero, ordenagailura eraman nituelako
Baiki eta eiki: Zuihitsua entsegua da, saiakera, idazlumari jarraiki
sortutako ideia bilduma. Saiakera gutxi idatzi da euskaraz, gutxi irakurtzen
omen da, eta are gutxiago saltzen da... Hori horrela bada, biziki eskertu behar
zaio DAKIT argitaraldiari saiakerak, besteak beste, argitaratzeko ausardia eta
erabakimena.