2010-12-23
Hamaika -telebista- ikusteko jaioak gara
Telebista kate horietan guztietan diskurtso okaztagarri bera. Hamaika telebista kate ikus dezaket nik Lurreko Telebista Digitalari esker, baina gure seme-alabek Doraemon, Kodea Lyoko, Hattori-ninja, One piece..., marrazki bizidunak euskaraz behera kargatzen dituzte, telebista kate horietako guztietako tele zaborra irentsi ezinik.
Hamaika telebista kate, baina ez Hamaika telebista Ea noizbait aukerarik dugun Hamaika Telebista ikusteko Nafarroan ere.
2010-12-12
Trepeta bitxia
Atera eta berehala sakelako telefono bat eman diote. Zenbat hilabete, zenbat urte zeraman sakelako telefono bat hartu gabe? Sakelako telefonoak oso tresna bitxiak direla otu zaio, edozein mementotan eta edozein tokitan zaudela, zure barrenak astintzeko gaitasuna daukalako. Bitxiena da, gainera, gizakion penak eta larrialdiak, tristurak eta nahigabeak, istripuak eta heriotzak berehala jakinarazteko gai dela, XXI. mendeko jainko orojakile bat bailitzan. Egia da, bestalde, pozak eta albiste onak, alegrantziak eta bozkarioak, sariak eta opariak jakinarazteko gaitasuna ere baduela, kasu honetan bezala.
-Ama, ni naiz. Kalean nago.
Eta handik 500 kilometrora, Euskal Herrian, kalera atera berri den preso politikoaren amak hilabeteak eta urteak gorderik izan duen oihua bota du. Eta gero, negarrez hasi denean, malkoak ez dira izan azken hilabeteetan, azken urteetan, isuritako malkoak bezain garratzak: malko goxoak isuri ditu, eta semeari zer esango zion erdi-pentsatuta zuen arren, bakarrik atera zaio galdera erretoriko bat malkoen artean.
-Baina ongi zaude?
-Bai ama, ongi nago: kalean nago.
Preso politiko atera berriak aditu ditu amaren negarrak, baina une batez pentsatu du agian sakelako telefonoaren kontua dela. Ederki daki, haatik, telefonoek ez dutela malkorik isurtzen. Belarritik aldendu eta harriduraz begiratu dio trepetari, amaren malkoak pantaila txikian ikusi beharko balitu bezala, eta ez daki oso ongi nola heldu trasteari, ez baitauka azken urteotan erabili duen kartzelako telefonoen forma bera... Preso politikoa hizketan ―ia-ia oihuka― eta telefonoari begira, kontatu dio amari norekin dagoen, nortzuk izan diren Euskal Herritik bere bila joan direnak, hor dagoela arreba, koinatua, Urlia eta Berendia, koadrilakoak... Amak jakinen ez balu bezala, ―motel, motel... jakinen ez du, bada, nortzuk izan diren semearen bila joan direnak―. Baina, gutxienez, amaren negarra gelditzeko balio izan du eta amari negarrik aditzen ez zaionean, preso politikoa konturatzen da ez dakiela zer gehiago esan... Eta zertaz eta eguraldiaz galdetu dio amari.
-Zer moduz eguraldia han?
Amak ez zuen espero hainbeste hilabete, hainbeste urte, kartzelan eman eta gero hori izanen zela semearen lehen galdera: ea zer moduz eguraldia...
-Eguraldia? Hemen ona, beno, hodeiak badira, baina... tenperatura ona.
Eta preso politikoa konturatzen da agian amari galdetu behar ziola zer moduz dagoen hura, eta zer moduz aita diabetearekin, eta zer moduz izena Juanita... baina ez eguraldiaz... eta preso politikoak orduan esan dio:
-Ba, hemen ere eguraldi ona, ama, beroa baina ona... Bo, ama, bagoaz harantz, gero hitz eginen dugu.
Eta preso politikoak, eskuetan erreko balio bezala, atzera ematen dio sakelakoa lagun bati, itzaltzeko teklari sakatu gabe, ez baitaki tramankulu hori nola itzaltzen den... Eta beranduegi ohartu da ez diola amari galdetu nola dagoen... eta gaizki sentitu da preso politikoa, baina ongi pentsatuta, zertarako galdetu? Badaki, ederki jakin ere, nola dagoen ama... Eta etxerako bidean pentsatu du horrelako trepeta bat erabiltzen ikasi beharko duela berandu baino lehen, kartzelatik ateratzeko zorian zelarik egindako lehentasunen zerrendan horrelakorik agertzen ez den arren...
Egin dezagun urratsa, urtarrilaren 8ko manifestazio nazionalean, hitzordua dugu, Bilbon.
2010-12-08
Montevideo-ko mojategian
Agenda ausaz ireki eta nirea ez den idazkera topatu dut: izen bat eta helbide bat:
Francisco Simon 2212
16000 Montevideo
Moja euskalduna ezagutzera joan behar ginela esan zidatenean, hemengo serorategi eta komentuekin ez zuela zer ikusi handirik gaztigatu zidaten.
Eta kausitu nuen mojategia, hauxe:
Duela urtebete, Uruguain, presidente hautatzeko bigarren itzuliko hauteskunde-kanpaina zen, komentuko leihoan dagoen Frente Anplio-aren bandera hori lekuko.
Ez, ez du zer ikusi handirik Eukal Herriko komentuekin, ez horixe!
Frente Amplioko hautagaia, José Pepe Mujica, MLNko buruetako bat, tupamaro zahar bat . Bozketa aise irabazi zuen Frente Amplio delakoak eta martxoaren 1etik Uruguaiko presidentea da tupa ohia.
Ez, horrek ere ez du zer ikusi handirik Euskal Herriko kontuekin, ezta?
Uruguai minez nagoela aitortu dut aurreko testuan eta ildo beretik joan da oraingoa. Susmatzen dut duela egun gutxi Gurutze Plazako institutuko aretoan ikusitako payadoreek badutela zerikusirik nire idazki nostalgiko hauekin. Gabriel Lucero-ren eta, batez ere, Mariela Acevedo-ren kantuek eta kontuek piztu zuten nigan Uruguai min hau. Iruñeko emanaldia zorgarria izan zen, baina, tamalez, irudirik ez dut. Eskerrak Gasteizko emaldiaren zati bat Interneten dagoen
2010-12-03
Gaur dela urtebete, Colonian
Daniel Vidart uruguaitarrak, euskal jatorriko antropologo entsutetsu batek, hauxe diosku Historiaren iheslariak liburuan: “Nostalgia hitzak itzultzeko desio mingarriari egiten dio erreferentzia”. Etimologiari kasu egitera, halaxe omen da: grekoz, nóstos, itzulera, eta álgos, mina.
Hiztegi Batuan agertzen den hitza dugu nostalgia, ahoskera batuaren arabera ozenki esateko oraindik ere lanak ematen dizkidana. Gure idazleek usu baliatu dute hitz hori: bai Iparraldekoek, “Beti halako nostalgia hunkigarri batez agertu zen Manex” (I. Borda); bai Hegoaldekoek, “alga usainaren ausentzia dastatu zuen airean, eta beste itsaso baten nostalgia” (R. Saizarbitoria)
Era berean, Emilio Lopez Adanek, Beltzak, idatzi zuen Telesforo Monzonek Urrundik. Bake oro atera zuela Mexikon, eta olerkiak zirela, “Euskal Herriko penaz eta oroitzapenez egina, herrimina eta nostalgia nagusi”.
Beltzaren testuan sinonimotzat hartzen diren arren, hitz horiek ezin dira beti sinonimotzat har; non esaten diren. Sarasolaren hiztegiak epaitzen du: “sorterritik urrun egoteak sortzen duen goibeltasunezko egoera” dugu herrimina.
Gaur dela urtebete, Uruguain nintzen, Colonia de Sacramento hirian hain zuzen, Uruguai eta Argentina lotzen dituen ferry bati begira. Xabierko Frantziskoren Eguna, Euskararen Eguna, eta ni Euskal Herritik hamaika mila kilometrora eta, halabeharrez, San Frantziskoren beraren irudi bat topatu nuen Coloniako ostatu baten atarian. Aitor dezadan herrimina piztu zidala hormako irudi horrek, Sarasolaren hiztegiak dakarren azalpen biribil-biribilarekin bateginik.
Argazkiak zer diren; urtebete iragan eta gero, orain argazki horrek berak dakarkit gogora Coloniako hainbat eta hainbat istorio, hainbat eta hainbat oroitzapen, urtebetez ahanzturaren zakuan lozorroan izandakoak. Ostatu horretan hartu genuen kafe goxoa -posillo-, guri begira gelditu zen kateme eder hura, peso batzuk eskatu zizkidan umea -gurise-, bertako zezen plaza arraildua... Hamaika istorio datorzkit burura tropoiloan. Baina, batez ere, giza geografiaren mira: Uruguain utzitako lagunak ere biltzen zaizkit trumilka eta barru-barruan nostalgiaren harrak kosk egiten dit gupidagabe.
Uruguai ez da nire sorterria eta, beraz, Sarasolaren definizioari kasu egitera, ezin esan daiteke sentitzen dudan hori herrimina denik. Agian sentitzen dudana nostalgia baino Uruguai mina da.
Azken finean, Pako Aristik dioen bezala, "nostalgia ustegabeko bidaiaria da, eta gure defentsak atsedenaldian hartzen ditu beti".