2019-02-17

Inauteriei begira, sorginak eta akerra Akelarrean


SORGINAK

Sorginak Mari jainkosaren lagunak, Ama-Lurraren lagunak eta zerbitzariak ziren. Sorginek medikuntza tradizionala erabiltzen, gordetzen, ikasten eta irakasten zuten herriko jendea sendatzeko eta zaintzeko. Haiek ziren herriko sendagileak, erizainak eta emaginak. Hori dela eta, emakume jakintsuak eta boteretsuak ziren, eta, horregatik garai horietako agintariek emakume arriskutsu eta susmagarritzat hartzen zituzten.

Agintean zeuden horiek emakume horien aurkako gezurrak eta funtsik gabeko salaketak asmatu zituzten herriko jendearen artean sorginekiko beldurra zabaldu nahian. Horren ondorioz sorgin asko eta asko atxilotu, eta hil egin zituzten.

Emakume horien aldeko omenaldi txiki bat egin nahi dugu inauteri hauetan.



Tasio marrazkilariena duzu irudia










AKERRA

Arestian aipatu dudan bezala, garai horretan boterean zeudenek sorginen aurkako asmakeria asko zabaldu zuten. Adibide ezagunenen artean, Akelarrea izeneko kontua aipatu behar dugu.


Inkisidoreek zabaldu zuten sorginak, ilargibete gauetan, mendietan elkartzen zirela eta deabrua, akerra, gurtzen zutela.

Zugarramurdin bada soro bat, Akelarre izenekoa, eta inkisidoreek sorginen eta deabruaren arteko elkargunea bertan zela asmatu zuten: Zugarramurdi izan zen, hain zuzen ere, Nafarroa Garaian sorgin-ehiza lazgarriena nozitu zuen herria.

Francisco de Goya-ren "Aquelarre"



2019-02-10

Aingurak eta arrangurak liburuaren aurkezpenak otsailean





Hiru  poeta eta, halere, lagunak. Hirurak Iruñekoak eta hirurak euskaldunberriak. Juankar Lopez-Mugartza, Fertxu Izquierdo eta hirurok.

Hilaren 14an, 7,30etan, Juankar Lopez-Mugartza altsasuarra eta biok Aingurak eta arrangurak liburuaz solas eta jolas Iruñeko Karrikiri liburu-dendan.

Hilaren 21ean, 7,30etan, Fertxu Izquierdo txantrearra eta biok, liburuaz ele eta mele Berriozarko liburutegian.

Hiru poeta eta, halere, lagunak...