Showing posts with label kamishibai. Show all posts
Showing posts with label kamishibai. Show all posts

2025-01-25

Doneztebeko liburutegian; kronika ttipia

 

D oneztebe herriko liburutegira etorri eta ondoan aparkatzeko pagotxa izan dut, frontoiaren parean, laxoa izeneko modalitatea oraindik egiten den toki bakarrenetako bat. Doneztebera etortzea beti zait laketgarria, bertan barnetegi bat egin bainuen gazte nintzela euskara ikasteko... Haiek garaiak, haiek!


Kamishibai saioa emateko dena prestatu egin dut, lehenik ene burua, gero bertze guztia: butaia, ipuin sorta, aulkiak... oihal beltz bat ere jarri dut atzeko aldean umeek arreta gal ez dezaten.

Dena prest 16:54


Dozena bat ume etorri dira, lau magrebiar barne, eta arrunt gustura egon dira herriko beste umeekin batera. Lau ipuin kontatuta, zalantza sortu zait: borzgarrena antzeztuko dut ala Sukaldariaren kamishibaiak utzi dien ahoko zapore gozoarekin utziko ditut umeak? Bukatutzat eman dut saioa, nahiago baitut gogo pixka batekin uztea guztia ase-beterik gelditzea baino. 

Kalen eta biok etortzekoak ginen, baina Kalenek gripea harrapatu edo, hobeki esanda, gripeak Kalen harrapatu egin zuen, eta azkenik ni bakarrik etorri naiz, bai kamishibai saioa egiteko, baita hitzaldia emateko ere.

Dena prest 17:52


Hitzaldiaren amaierari erantsi egin diot azken diapositiba bat: Palmak igorritako argazki bat, non bi ume saharar dauden, handiak txikiari laguntzen diolarik, hizkuntz ariketa bat egiten, arbel txuri baten aitzinean. Argazkia hitzaldian egon direnei erakutsi eta galdetu egin diet ea irudi horrek zer iradokitzen dien, ea argazki horrek zer dakarkien gogora, eta azaltzeko, komentatzeko labur badarik ere, hitz batez nahi izatera.

B.-k erran du hunkigarria egin zaiola argazkia
A.-k adierazi du elkarlana egin diola iradoki
Z.-k, ordea, transmisioa ekarri diola gogora irudiak
T.-k, aldiz, aberastasuna, biek ala biek elkarrengandik ikasten dutelarik
A.-k, berdinen arteko tutoretza kontzeptua azaldu du argazkiaren kari.
Nihaurrek erran dut mutiko handiak txikiari nola laguntzen dion iruditu zaidala ederrena.


Zeinen gutura Doneztebeko liburutegian! Luzatu egin gara, luzatu, baina inori ez zaiola inporta dirudi. Izan ere, normalean 20:00 ixten da liburutegia, baina liburuzaina bera gurekin gelditu da, biziki gustura bera ere. Argazki bat eginen dugu bukatzeko?

Denak prest? 20:32 KLIK!










2024-01-09

Kamishibai: ortodoxia vs. heterodoxia

Kamishibai saio bat 
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan


 Mukashi-mukashi

Helduok araudiak eta ortodoxia maite dugu. Haur eta gaztetxoak, berriz, esnatzen direnetik lotara joaten diren arte mugak noraino luzatzen ahal dituzten probatzea eta arauak haustea dute eginkizun eta plazer. Psikologo eta hezkuntza-adituek diotenez, haur eta nerabeek arauak, irizpideak eta ohiturazko jarduerak behar-beharrezkoak dituzte bizimodu estrukturatuta izanen badute; baina haurtzaro eta nerabezaroan den-dena jartzen da zalantzatan. Araudiak urratuak izateko sortuak izan eta dena aldatu dezaketela iruditzen zaie; eta hala behar du.


Jarrera horri esker, sokatira edo tug of war etengabe batean aritzen dira haur eta nerabeak, hartu eta eman, negoziatzen, egia biribilak duda-mudatan jartzen, kritikoak izaten ikasten dute eta, horren ondorioz, ortodoxia ere zalantzatan jartzen dute. Eskerrak horrela den, zeren eta, ez dezagun ahantzi, jarrera errebelde hori ezinbestekoa da sormenerako. Sormenak lagundu egiten die haur eta gaztetxoei ortodoxiaren harresiak goitik gainditzen, albotik saihesten edo azpitik zulatzen: sormena dute bidaide eta lagun. Izan ere, haurtzaroa eta nerabezaroa heterodoxiaren garaia da.


Kamishibai saioa bat eskaini eta gero, umeak ikusten ditut butaira hurbiltzen. Butaiarekin jolasten dute txotxongiloak balira bezala eta, ortodoxiak akuilaturik, alarmak pizten dira ene baitan, gogora etortzen zaizkidalarik Etsuko Nozaka eta Noriko Matsuirengandik irakatsitakoa: butaian kamishibaiaren orrialdeak sartzen dira, eta butaia mundu errealaren eta ipuinaren munduaren arteko bitartekoa da; butaiaren atexkak hurrenkera  jakin batean behar dira zabaldu eta ipuina amaitzean atexkak itxi kontrako hurrenkeran; kamishibaiaren hasierako hitzak, mukashi-mukashi, eta bukaerako hitza, berriz, oshimai; narratzaileak, kamishibaiak kontatzeko tenorean, ez du bere burua gorde behar butaiaren atzeko aldean, eta ez da komeni arropa deigarririk janztea umeen arreta ez desbideratzeko. Irizpide horiek Noriko Matsuiren How to perform kamishibai liburuan –euskarazko bertsioa  Kamishibai Antzezteko Gida, Denonartean, 2010– agertzen dira; horiek eta askoz gehiago ere bai.


Baina ume sahararrak ikusten ditudalarik butaian jolasean, arau horiek guztiak desagertzen dira ene gogotik tximista baino azkarrago; berehala umeek agertzen dute, propio,  jolas bat, butaia sormenari leiho bilakatuta. Kamishibaia antzezteko balio du butaiak, jakina, baina umeek probatzen eta frogatzen dute  balio dezakeela askoz kontu gehiagotarako.


Eta buruan gordetzen dut balio dezakeela, adibidez,  txotxongilo antzeztoki modura, panpinen etxetxo, munstroen agertoki, heroi biltoki, orrialde txuriak sartzeko eta bertan ipuin berri bat egiteko, photocall bat egiteko eta lagun-taldearen argazkia egiteko ere bai; beste hitz batzuekin esanda, irudimena, sormena eta heterodoxia baliatuz.

Oshimai





2020-08-29

Saharako umeen kamishibaiak


Ipuinak kontatzeko kamishibai teknika behin baino gehiagotan izan dut mintzagai, ekainean bertan urrutirago joan gabe. Saharako errefuxiatu kanpamentuetara eramandako kamishibaiez landa, oraingoan badaude bi kamishibai berri, Saharako ahozko tradizio aberatsetik hartutako bi istorio, ume sahararrek kontatuak eta gero kamishibai bihurtuak.


Iruñeko Arte Eskolako lagunei esker, kamishibai horiek, irudi ederrez hornituak, eginak ditugu jada, Covid-19 malapartatuaren ondorioz eta ondoren epe guztiak gaindituta egonik ere.




Kamishibaiak, beraz, prest daude basamortuko liburutegietara eramateko; ea birus madarikatuaren krisialdia gainditu eta gero laster eramaterik ditugun. 

2020-06-23

Amuarrain baten bizitza labur zoriontsua


Urtegian gaupasa egin ondoren, zizare bakar bat ahoratu gaberik eta maldan behera pilpirika dabilen kupela baino zorabiatuago, etxera joatea erabaki nuen. Buztankada bat emanda, errekan gora jo, eta orduan ikusi nuen, errekaren bazterrean soslaia bat; nire barrukiak esan zuen: “Hara, hasi da Gobernua arrantza-baimenak banatzen”. Burua ur-azalera atera eta oihu egin nion: “Hi, hankabiko ergel hori, joan hadi perrotxikoak hartzera” eta nire bideari berriz lotu nintzaiolarik, beste morroi bat ikusi nuen errekaren ertzean, begiak handi-handiak zituela, aldaroka zebilena, eta nire ondotik pasatzean ni ikusi ere egin gabe joan zena: “Hara, bestea, babalore halakoa!” Arrantzaka ez dute astoek soilik egiten.

 

Erreka nagusira ur epela zekarren errekasto baten gora egin nuen; eskertzen da uraren epeltasuna, eta erreka txikiek hori dute on... Baina errekastotik gora egitean, lixiba usaina hasi nintzen nabaritzen... Hankabiko arlote baten batek ziur isuri duela nahita, jakinda lixibarekin zorabiatzen garela, lixibak uraren oxigenoa kentzen baitu, eta orduan, arnasa hartu ezinik, ur azalera ateratzen gara oxigenatzera eta gure zakatzak gorritzera, baina ur azalera erdi zorabiaturik ateratzean, hankabiko batek hartzen ahal gaitu... Eta lortzen ez badu ere, lixibak bere lana egiten jarraitzen du eta errekaren alboetako belarrak erretzen ditu... Eta esandakoa berresteko, bost litroko lixiba pote bat ikusi dut, ur azalean kulunka... Errekasto epeletik ihes egin behar dut, ez hiltzeko.

 

 Baina ordurako, erreka nagusian oinak, eskuak, harriak, oihuak, berunak eta amuak tarteko, azken ur-korrontea gainditu nuen; nahaste-borraste horren erdian, denetarik antzeman nuen... baita hirugihar usaina ere! Harrapa ezazu zangotik! Hauek bai trebeak arrantzan! Banoa hemendik harrapa nazaten baino lehen. Horiek horrela, hondorantz abiatu nintzen eta, —hura eta ura pagotxa!— harri baten ondoan zizare bat ikusi eta kosk egin niolarik, indar ikaragarri batek gorantz eraman ninduen bat-batean, azalerantz etengabe goraka; nik beherantz nahi, baina hankabiko alu batek gorantz egiten zuen tira... eta nik beherantz, neke-neke eginda bukatu nuen arte; azkenik, uretatik atera eta zubirantz igo ninduen.

Hankabiko gaztetxo bat zen, gizaki-kume bat. Tarte batez niri begira egon zen, eta gero, itotzen hasi nintzelarik, gizaki-kumeak amua atera zidan kontu handiz, zauririk eragin gabe, eta errekan utzi ninduen atzera, behar den bezala. Orduan ikasi nuen lekzio eder bat: hankabiko guztiak ez direla berdinak eta ikasgai hori ez zait sekulan ahaztuko.

 

2018-12-08

Munduko Kamishibai Eguna

Blog honetan bertan Kamishibai teknika narratiboa behin baino gehiagotan ageri da. IKAJA International Kamishibai Association of Japan duzu. Aurten estreinakoz Munduko Kamishibai Eguna antolatu da, munduko edozein bazterretan kamishibaiaren xarma zabaltze aldera mundu osoan egun berean.


Data ez da ausaz hautatua izan, Japoniako Armada Inperialak Pearl Harbour eraso egin zuen eguna izan baitzen 1941eko abenduaren 7a. Hau hain zuzen, data esanguratsu  hau aukeratu dute IKAJAko lagunek Mundu mailako lehen Kamishibai eguna antolatzeko, kamishibaiaren eta bakearen aldeko oihu isila mundu osoan zabaltzeko xedez.

Kamishibaia teknika narratiboa gurean aski ezaguna da, urte dexente daramagu eta; guretzat erronka berria izan da egun berean hemen ez ezik, Saharan ere kamishibai egitea. Eta argazkiak erakusten duenez, Brahim liburuzainak egin du!




Beraz, Smarako errefuxiatu kanpamentuan kamishibaia ere antzeztu dute, eta Sahararen aldeko KABIAK elkarteko Ana Larraguetak eramandako materiala argazkian ikus dezakezue.

Bubisher proiektuaren baitan, material berria eraman da. Alde batetik, Iturramako institutuko ikasleek egindako bi ipuin berri eta baita Shertat eta lehoia ipuina ere, butaiaren barnean ikusgai dagoen ipuin hori bera.




Beste aldetik, Iruñeko Arte Eskolako ikasle eta irakaslek egina eta dohaintzan emana duzue butai hori bera; duela aste batzuk jasota eta Saharan dago jada.



Bukatzeko, duela urte batzuk itzuli nuen Noriko Matsuiren gidaren bi ale, gaztelaniaz, Denonartean argitaletxeko Kikek eman zidan opari Saharara eraman genitzan.

  
Baina hemen ere ospatu genuen Kamihsibai eguna, kamishibai ipuin horiek beraiek euskaraz kontatuz. Maite Ramosek Saharari buruzko ipuinak ez ezik, bestetzuk ere kontatu zizkien atzo goizean Iruñeko Sanduzelai eskolako seigarren mailako bere ikasleei; besteak beste, Shertat eta lehoia, nola ez! 



Eta Kamishibai Eguna biribiltzeko, Saharara eramandako ipuinak hemen ere ezagut ditzazuen, Iruñeko Yamaguchi plazako liburutegi publikoan utzi ziren dohaintzan bart, nahi dituenak maileguan har ditzan: Trikua eta antxeta, eta Xertat eta teontzi miragarria.


Kamishibai hemen eta munduan, baita Saharako basamortuan ere!

2012-05-20

Sortzen-en bestan, “Hazia, hasi eta hazi” kamishibaia

Kami hitzak japonieraz papera esan nahi du. Kamishibai hitzak, paperezko antzerkigintza. Ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da, non irudia eta testua uztarri berean doazen, elkarren osagarri. Genero testual berezi bat da non testua eta irudia elkarren osagarri diren, komikiarekin eta iragarkiekin gertatzen den gisara.

Jakina denez, Sortzen-Ikasbatuaz-ek ospatu du gaur aurtengo festa Taknoneran eta, horren harira, aurtengo berrikuntzetako bat izan da kamishibai bat egin dela festarako. 

Pello Uharte Orotzek idatzitako eta Iker Morenok egindako irudiekin ipuin bat egin zen Sortzen-endako, eta ipuin hori izan da oinarria kamishibai berezi bat sortzeko, bai testua, bai irudi zenbait moldatu behar izan direlako kamishibaiaren formatura.

Aitortu behar dut ez zaidala erraza egin egokitzea Pello Uharteren eta Iker Morenoren ipuina kamishibai formatura. Gainera, irudiak moldatzeko aukera handirik ere ez dugu izan, jakina denez eta tamalez, Iker Moreno ilustratzailea oraindik kartzelan dagoelako eta ezinezkoa izan da aldaketa askorik berari proposatzea. Halere, emaitza ttukuna izan dela uste dut.

Gaur goizean emanaldi bat egin dut eta arratsaldean beste bat. Euritan blai eman dugu egun osoan eta arratsaldeko saioan jende askorik egon ez den arren, gustura gelditu naiz...



"Hazia, hasi eta hezi" kamishibaia
Kamishibai hori lortzeko, jarri harremanetan SORTZENek Nafarroan duen ordezkaritzarekin.

Bestalde, euriak ez dut bakerik eman egun osoan eta ohi baino askoz jende gutxiago hurbildu da; gastuei aurre egiteko, ezinbestekoa da denon diru-laguntza...

2012-05-08

Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak


Bihar eta etzi, maiatzaren 9an eta 10ean, Kamishibai ikas-esperientziak trukatzeko jardunaldiak eginen dira Iruñeko ILZn, arratsaldeko 5,30etatik aitzina. Interesik izanez gero, jardunaldien egitaraua, ikusgai.

Baina Iruñera hurbiltzerik ez baduzu, edo irakaslea ez bazara Nafarroan, jakin ezazu jardunaldiak zuzenean ere ikusteko aukera izenen dela streming-en bidez http://bit.ly/J6PrlP,

Jardunaldiotan nire esku dago aurkeztea Noriko Matsui-ren Kamishibai Antzezteko Gida, duela bi urte itzuli nuena, bai euskarara, bai gaztelaniara, blog honetan bertan azaldu nuen gisan, eta oraindik bere bidea egiten ari dena...








2011-10-06

Xahoren itzala


Hilaren 10ean Agosti Xaho sortu zeneko berrehun urte beteko dira. Bigarren mendeurrena parada ezin ederragoa dugu Atharratzen sortutako Xahoren izana eta izena plazaratzeko eta ezagutarazteko.

EIEren eskutik, atzo eta herenegun bi eguneko jardunaldia egin zen Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. 

Fermin Arkotxa, Patri Urkizu eta EIEko lehendakari Ander Iturriotzekin



Iñaki Egañak, 2010eko maiatzaren 9an, BERRIAren gehigarri batean argitaratutako artikulua ekarri nahi dut gogora. BERRIAren igandeko gehigarrian argitaraturiko artikuluak “Ameslariak” zuen izenburua eta bertan gaur hona ekarri gaituen Agosti Xaho aipatzen zen, Xaho ameslaria. Erromantizismoaren garaian ingelesek Lord Byron zuten; Italiarrek, Giuseppe Garibaldi; uruguaiarrek, José Artigas. Alta, estaturik gabeko populua da gurea eta, horregatik, gure Xahok ez du jaso ez Byronek, ez Garibaldik, ez Artigasek jaso duten oihartzuna. Herriaren ametsak, boteretsuen amesgaiztoak. 

Karl Marxek Manifest der Kommunistischen Partei liburu mugarrian aldarrikatzen zuen: “Mamu bat dabil Europan barrena... komunismoaren mamua”. Hori izan zen 1848an. Urte horretan beran, Europako herririk zaharrenean, Xahok aldarrikatzen zuen: “Gora Euskal Errepublika!” Ameslari, bidegile eta, batez ere, aitzindaria: Koldo Izagirrek Autopsiarako frogak liburuan kontatzen duenez, Xahok eta Abadiak “Zazpiak uskal Herrietako Euskalduner” eskaini zieten beren gramatika... 1836an!

Zertaz eta nortaz ari garen ikusteko eta hobeki ikasteko bi egunotan adituak izan ditugu mintzalari, nik baino askoz gehiago dakitenak: Fermin Arkotxa baxenafarra; Patri Urkizu gipuzkoarra, Fermintxo Sanchez Agurrruza nafarra, Kepa Altonaga bizkaitarra...

Xahoren bizitzaz, eta Xahoren obraz mintzatzeko izan dira, hurrenez hurren: Fermin Arkotxa baigorriarra, Xahori buruzko tesia egiten ari dena eta Claude Larronde-ren hitzetan “Munduan Agosti Xaho hobekien ezagutzen duen pertsona”; eta Patri Urkizu, Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak liburuari esker, 1991n, Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saria lortu zuena, eta Agosti Chahoren kantutegia izeneko liburua argitaratu zuena, Susaren eskutik duela bortz urte. 

Atzo mahai-inguru interesgarria izan dugu, EHUko irakasle eta idazle den Kepa Altonagaren gidaritzapean: Xaho XXI. Mendean izenburukoa, Fermin Arkotxarekin eta Fermintxo Sánchez Agurruzarekin. Eta, last but not least, Aitor Txarterinak sortutako kamishibai bat, Xahoren Aitorren elezaharrean oinarritua, jardunaldia biribiltzeko.

Bi egun, aski trinkoak,  baina zinez interesgarriak, Xahoren itzala argitzen laguntzeko. Zorionez ez da izan eta ez da izanen Xahoren inguruan antolaturiko bakarra: Hendaiako Abadia gazteluan Xabier Zabaltzaren eskutik, Xahoren biografia euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, Bidegileak bildumaren barruan aterea. Bertzalde, heldu den larunbatean, Eusko Ikaskuntzak Baionako Euskal Museoan bertze jardunaldi bat eginen du. Izan bitez ekimen guztiak ongi etorriak, Xahoren itzala luzatzeko balioko badute.

2010-10-22

Kamishibai gidaren aurkezpena

Herenegun aurkeztu nuen Noriko Matsui-ren liburu zorgarri bat: Kamishibai antzezteko gida, Galderak eta Erantzunak. Liburua ingelesetik itzuli dut, bai euskarara, baita gaztelaniara ere. Irakasleentzat ez ezik, kamishibai-kontalarientzat ere oso tresna egokia da gida hori, zalantzarik ez dut.

Kamshibaia ipuinak kontatzeko teknika bat da. Noizbait idatzi dut kamishibai teknikari buruz, blog honetan bertan eta ez noa errepikatzera jadanik esan dudana.

Lehengo egunean aurkezpenean baliatu nuen bideoa hauxe duzue:





Zerbait-zerbait gehitzekotan, aipatu behar da informazio osagarria dagoela Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren web gunean eta gida bera salgai dagoela dagoeneko. Inork arazorik badu liburu-dendetan aurkitzeko, kamishibaia oso kontu teknikoa baita azken finean, Interneten ere salgai dago.

2009-02-13

Kamishibai

Gaur zortzi Kamishibai ikastaro bat eman behar dut Donostian, Galtzagorri Elkarteak antolatua. Urteak daramatzat Kamishibai kontuekin eta, harrigarria zaidan arren, orain arte ez dut deus ere argitaratu blog honetan Kamishibaiaren inguruan. Kamishibaia ipuinak kontatzeko Japoniako teknika bat da. Nik lan egiten dudan tokian, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, hiru urtez jarrian eman ditut horrelako ikastaroak ; EIBZren webgunean horren gaineko informazioa duzue. Gainera, irakasleak trebatzeko prestakuntza planean kamishibai ikastaro berrituak aurreikusita daude hurrengo urteari begira.

Kamishibaia ikastaroak emateaz gain, jende aurren kontatzen Ezkabaren magalean hasi nintzen, Berriozarren; gero Ezkabatik Euskal Herriko hainbat lekutara joan naiz: Zizur, Zalduondo, Gasteiz, Tutera, Arrasate, Oñati... Azken saioa, pasa den asteazkenean, Abadiñon eman nuen; eta, zinez, gustura izan ginen denok! Oro har, oso gustagarriak dira kamishibaiak, umeentzat ez ezik, helduentzat ere.

Antza, jende kopuru politak eman du izena Donostiako ikastaroan eta, honezkero, izena emateko epea bukatu da. Mezu hau ez da, beraz, inor animatzeko apunta dadin. Nolanahi den ere, Ezkaba mendiaren inguruan bizi zaretenok jakin ezazue UEUk antolatuko duela Iruñean kamishibaiari buruzko udako ikastaro bat, uztaileko hirugarren astean. Izan ere, iaz, Eibarko Markeskoan beste ikastaro bat eman nuen eta, antza, gustura gelditu zirenez, aurten Iruñean berriz egiteko proposamena egin didate.

Beraz, Donostiako ikastaroaren berri berandu izan duena ez dadila kezka, zeren izanen du, izanen duenez, aukera gehiagorik. Jakin-minak jotako irakurleak jo dezala Iraganaren Bidea izeneko nire blogera: irakurgai batzuk izateaz landara, bideo batzuk ere ikusgai daude. Ez dut hemen errepikatuko berriro jadanik argitaratua dagoena.


2008-07-01

UEUn kamishibai



Ikasturteari amaiera emateko, ikastaro bat Eibarren, UEUren eskutik. Kamishibai ikastaroa da, bi egunekoa, eta indarrez urri eta lo-zorrez urre nabilen arren, ezin ezetzik esan. Izanen dut, izanen dudanez, lo-zorrak kitatzeko aukerarik...
UEUren blogean ere bixkor-bixkor ibili dira horren berri emateko. Guztiarekin ere, informazio osagarria, baita gaurko saioaren nondik-norakoa laburbilduta ere, EIBZren web orrian duzu ikusgai.
Horrelako ikastaroetan ohikoa izaten da Power Point erabiltzea... eta nik, prestatua neukan arren, ez baliatzea deliberatu dut. Eta ez naiz damutu. Arina egin zait, -ezen ez arinkeraz- bost ordu eman dugun arren. Hemen dago gaur azkenik erabili ez dudana:

Bihar goizen-goizean, berriz Eibarreraino... Urrunsko dago Ezkabako talaiatik, baina gaur bezain gustura itzultzen banaiz, pozik eta kontent. Lo-zorrak kitatzeko betarik hartuko dut noizbait...