Mukashi-mukashi
Helduok araudiak eta ortodoxia maite dugu. Haur eta gaztetxoak, berriz, esnatzen direnetik lotara joaten diren arte mugak noraino luzatzen ahal dituzten probatzea eta arauak haustea dute eginkizun eta plazer. Psikologo eta hezkuntza-adituek diotenez, haur eta nerabeek arauak, irizpideak eta ohiturazko jarduerak behar-beharrezkoak dituzte bizimodu estrukturatuta izanen badute; baina haurtzaro eta nerabezaroan den-dena jartzen da zalantzatan. Araudiak urratuak izateko sortuak izan eta dena aldatu dezaketela iruditzen zaie; eta hala behar du.
Jarrera horri esker, sokatira edo tug of war etengabe batean aritzen dira haur eta nerabeak, hartu eta eman, negoziatzen, egia biribilak duda-mudatan jartzen, kritikoak izaten ikasten dute eta, horren ondorioz, ortodoxia ere zalantzatan jartzen dute. Eskerrak horrela den, zeren eta, ez dezagun ahantzi, jarrera errebelde hori ezinbestekoa da sormenerako. Sormenak lagundu egiten die haur eta gaztetxoei ortodoxiaren harresiak goitik gainditzen, albotik saihesten edo azpitik zulatzen: sormena dute bidaide eta lagun. Izan ere, haurtzaroa eta nerabezaroa heterodoxiaren garaia da.
Kamishibai saioa bat eskaini eta gero, umeak ikusten ditut butaira hurbiltzen. Butaiarekin jolasten dute txotxongiloak balira bezala eta, ortodoxiak akuilaturik, alarmak pizten dira ene baitan, gogora etortzen zaizkidalarik Etsuko Nozaka eta Noriko Matsuirengandik irakatsitakoa: butaian kamishibaiaren orrialdeak sartzen dira, eta butaia mundu errealaren eta ipuinaren munduaren arteko bitartekoa da; butaiaren atexkak hurrenkera jakin batean behar dira zabaldu eta ipuina amaitzean atexkak itxi kontrako hurrenkeran; kamishibaiaren hasierako hitzak, mukashi-mukashi, eta bukaerako hitza, berriz, oshimai; narratzaileak, kamishibaiak kontatzeko tenorean, ez du bere burua gorde behar butaiaren atzeko aldean, eta ez da komeni arropa deigarririk janztea umeen arreta ez desbideratzeko. Irizpide horiek Noriko Matsuiren How to perform kamishibai liburuan –euskarazko bertsioa Kamishibai Antzezteko Gida, Denonartean, 2010– agertzen dira; horiek eta askoz gehiago ere bai.
Baina ume sahararrak ikusten ditudalarik butaian jolasean, arau horiek guztiak desagertzen dira ene gogotik tximista baino azkarrago; berehala umeek agertzen dute, propio, jolas bat, butaia sormenari leiho bilakatuta. Kamishibaia antzezteko balio du butaiak, jakina, baina umeek probatzen eta frogatzen dute balio dezakeela askoz kontu gehiagotarako.
Eta buruan gordetzen dut balio dezakeela, adibidez, txotxongilo antzeztoki modura, panpinen etxetxo, munstroen agertoki, heroi biltoki, orrialde txuriak sartzeko eta bertan ipuin berri bat egiteko, photocall bat egiteko eta lagun-taldearen argazkia egiteko ere bai; beste hitz batzuekin esanda, irudimena, sormena eta heterodoxia baliatuz.
Oshimai
No comments:
Post a Comment