2023-12-31

"Ura ez baita beti gardena", ez horixe

 



Urtea amaitzeko, Ura ez baita beti gardena liburuaren aurkezpena izan genuen Berriozarren, Zulo Alai elkartean. Xabi Lasa berriozartarraren lehen nobela honek Irun Hiria saria jaso eta Elkar argitaletxearen eskutik eman da aurten argitara. Liburu aurkezpen arin eta arrakastasua suertatu zen eta bere herrian nehor ez dela profeta erraten den arren, aurkezpenera agertutako jende kopuruari erreparatuta, Xabi Lasaren kasua salbuespena dela ondorioztatzen ahal dugu.


Ura ez baita beti gardena eleberria ez da Xabi Lasaren lehen lan literarioa, poema batzuez landara, aspaldi idatzi baitzuen Manex Erdozaintzi Etxart: Bizitza eta pentsamendua saiakera gogoangarria. Haatik, Ura ez baita beti gardena eleberriarekin jauzi ederra eman du literaturaren arloan.


Ur gaitzen iturriak izenburua zuen hasierako bertsioa arindu eta zorroztu zuen egileak; gero Eta urak bere bidea izena eraman behar zuenak beste izena hartu zuen Irun sariketara aurkezteko tenorean, eta hala eman da; bigarren aukera baztertzea maite ez dudan arren, Interneten bilaketa xume bat egitea aski da probatzeko eta frogatzeko hobea dela izenburu gisa lehenetsi izana Ura ez baita beti gardena.


Thriller Forala dugu, Jon Alonsoren hitzetan, berriozartarraren eleberria: ongi jositako trama polizialean hilketak, mehatxuak eta beste aurkituko ditu irakurleak, baina baita trama horren atzean ezkutatzen diren eta beste nobela anitzetan agertzen ez diren arrazoi politikoak ere.


Nobela Lurberri izeneko Erriberako herri asmatu batean gertatzen da, baina deskribapenetan badira zantzuak irakurle begi-zoliak baliatzen ahal dituenak eszenatokia asmatzeko. Antzeko zerbait gertatzen da pertsonaiekin; izan ere, toki-izenak erabiltzen ditu pertsonaien abizenak izendatzeko, baina badira batzuk Yolanda Barcinaren garaiko Nafarroako egoera politikan pisu handiko pertsonaiak izan zirenak; pertsonaiak fikziozkoak dira, bai, baina fikzioa errealitatea kontatzeko baliatu du idazleak.


Protagonista Sara izeneko emakume bat da, ingeniaria, eta Xabi Lasak Nafarroako Administrazioan hartutako eskarmentuari esker guztiz sinesgarria den pertsonaia eta egoerak deskribatzea lortu du. Uraren azaroa ardatz duen eleberriak Bardeetara garamatza, eta gure iragan hurbilean emandako kasu eta gertakari zenbait kontatu behar zirenez gero, Xabi Lasak kontatu egin ditu: bazen garaia horrelako nobela bat izateko euskal literaturan, Nafarroako Erriberan kokatua eta hemengo batek kontatua.


Nafarroako botere ekonomikoak eta faktikoak eleberrian agertzen dira, baiki, baina ez denak; traman Eliza Katolikoaren itzal luzea ez da agertzen, Nafarroan gertatu ohi den bezala arlo anitz eta askotarikotan, eta alor horretan egileak duen ezaupideak eta bizipenak baliatzen ahal zituen eleberri honetan ere, trama biribiltzeko. Orduan, agian, gehiegi luzatuko zen eta, horregatik, bego bere horretan; haatik, espero dezagun, haren hurrengo lan-literarioetan, Nafarroako Elizaren inguruan Xabi Lasak duen eskarmenua agertzea.


Bukatzeko, Pello Uharte eta Jokin Irigoien lagun berriozartarrei eskaintza egitea keinu polit askoa da, biek ala biek Xabiren eskaintza ez ezik ziur liburua ere gozatuko zutelako, liburua irakurtzen animatzen den orok gozatuko duten gisa berean.







No comments: