Hiru Miru
ipuin ilustratua Denonartean argitaletxearen eskutik atera zen duela urte batzuk, eta orduan
argitaletxe horretako Unai editoreak —eta hala ere lagunak—
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren liburutto atera berri bat eman
zidan irakur nezan, Aho
bete amets, ahozko
haur poesiaren aldeko aldarri guztiz gomendagarri bat.
Liburu labur
baina ezin interesgarriago honen hasierak badakar nik hainbeste
miresten dudan Eduardo Galeanoren pasarte bat: “Nazio
batuen Erakundeak 1948an onarturiko eskubideen artean ez omen da
ageri amets egiteko eskubidea, baina —Galeanok argi daukanez—,
hargatik ez balitz, gainontzeko guztiak egarriz itoko lirateke.”
Orobat,
Yolanda Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets
hitzak
hiru esanahi biltzen dituela bere baitan: bat, lotan gaudelarik bizi
izandako gertaera-bizipen-esperientzia sentsoriala —amets
egin dut—;
bi, asmo edo ilusio batekin loturikoa —handia
idazle izatearekin egiten dut amets—;
hiru, desioa edo nahia —umea
zoriontsu izatea da gure ametsa—.
Denonartean
argitaletxeko editoreak Yolandaren liburua eman zidanean opari,
Hiru
Miru Sahararako
bidean jarri zuela esan liteke. Zergatik ez jarri Hiru
miru
Sahararako bidean, beste hegazti baten laguntzarekin, Bubisher
proiektuaren bidez? Hona hor, beraz,
arabieraz
eta gaztelaniaz jarri beharra.
Alde
batetik, Agoitzen bizi den Sidahmed Mohamed sahararrak egindako itzulpenari esker, arabieraz irakur dezaten hemen sortutako istorio bat,
Bubisher proiektuari esker hango kabietara joan daitezen hegan Hiru
Miru; bada gure modu xumea jakin dezaten ez ditugu atzentzen, ez
atzo, ez gaur, ez bihar.
Beste aldetik gaztelaniaz, Koro Azkonak egindako itzulpena, hango
bigarren
hizkuntza ere badelako eta Espainiako Estatuak baduelako erantzukizun
handia, saihestu ezinezko erantzukizuna, hango egoerarekin,
Lehen esan bezala, Yolanda
Arrieta idazle bizkaitarrak diosku amets hitzak hiru esanahi
biltzen dituela. Lehenik, nik ere amets egiten dut Saharako
errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren Balalekin, Jnatharekin,
Mouludekin, Habdalarekin, bost urtez udako oporraldia gure etxean
eman duen Galia neskatoaren familia osoarekin eta han egon nintzenean
ezagutu nituen saharar guztiekin. Bigarrenik, nik Sahara libre
izatearekin egiten dudalako amets. Hirugarrenik, munduan zehar
barreiatuta dauden saharar guztiak Mendebaldeko Saharara, euren
lurraldera itzuli ahal izatea nire nahia, nire desioa delako.
Udak
gure etxean eman dituen Galia neskatila sahararra Oporraldia Bakean
programari esker hartu genuen. Esperientzia zoragarria izan da eta,
dudarik ez dut, askoz gehiago eman digu guk eman dioguna baino, askoz
gehiago ekarri digu guk hara eramandakoa baino. Gure alaba sahararrak
badaki bi familia dituela: berea, Aaiungo errefuxiatu kanpamentuko
Dechera-n bizi dena; eta gurea, harena ere badena, Euskal Herrikoa,
eta hemen ez du Jnatha, baina badu Maite; ez du Balal, baina ni
nauka; ez du Moulud, baina badu Uxue; eta du Habdala, baina badu
Unai.
Unai,
seme nagusia, Hiru
Miru ipuinaren
protagonista da; irudietan agertzen dena Unai semea da, aurpegia
—nahita— erakusten ez den arren. Istorio xaloa da, umeei eta
gazteei begira idatzia, based
in true facts edo
benetako gertaeretan oinarritua, eta
Hiru Miru du izenburua, baina bi agertzen
dira azalean... Hirugarren mirua nor den asmatzeko, irakurri egin
behar da.
Eduardo
Galeanoren testu batekin
hasi eta nik euskarara
ekarritako
beste
batekin
amaitu,
sahararrei buruzko Hodeien
seme-alabak testu
ezagun bat: “Sahararrek euren buruari Hodeien
seme-alabak deritze,
beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek
justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain
zaila aurkitzen”.