Ekuadorreko funtzionario bat atxilotu dute homosexualitatea
sendatzeko klinika bat zuzentzen edota kudeatzen zuelako. Lesbiana
batek egin zuen salaketa baten ondorioz etorri da atxiloketa, klinika
horretan pairatu behar izan zuenagatik: tratamendua baino tratu
txarra eman zioten.
Homosexualitatea eritasuntzat hartzea oraindik harrigarria egiten
zait, bistan da, baina albistearen hondarrean agertzen zen datu
batek eman dit atentzioa: Ekuadorreko Kode Penalaren arabera gorrotoa
delitua da, eta lesbiana horri emandako tratu gorrotagarria ekintza
judiziala abiatzeko oinarria izan da. Izan ere, akusatuari gorroto
delituagatik aplika dakiokeen zigorraldia sei hilabete eta bi urte
bitartekoa da.
Espainiako Kode Penalean gorrotoa delitutzat hartuko balitz,
Nafarroako eskuin atzerakoi eta navar-ero-ko buruek ikurriñari
erakutsitako gorroto eta sektarismoa oinarri sendoa izan liteke
auzipetzeko eta zigorraldi luzeak ezartzeko agintari bati baino
gehiagori.
Arrantzale bizardunek uztailaren 6an egindakoa ezin daiteke delitua
izan, ekintza ausart, eredugarri eta biribila izan baitzen, inor
zauritu ez zuena, guztiz pazifikoa eta bihotz-altxagarria; askok eta
askok eginen genukeena. Delitua, ordea, fatxek erakusten duten
gorrotoa da. Sanferminetan agerikoa izan zen politikari batzuen
gaitasun falta euren ohiko eskemetatik at dagoen edozein egoerari
aurre egiteko.
Zorte pitin batekin, ikurriñafobia
erakutsi duten horiek, gainera, kontrako efektua lortzen dute:
ikurriñitisa.