2013-10-16

Gorrotoa, delitu

 Ekuadorreko funtzionario bat atxilotu dute homosexualitatea sendatzeko klinika bat zuzentzen edota kudeatzen zuelako. Lesbiana batek egin zuen salaketa baten ondorioz etorri da atxiloketa, klinika horretan pairatu behar izan zuenagatik: tratamendua baino tratu txarra eman zioten.
Homosexualitatea eritasuntzat hartzea oraindik harrigarria egiten zait, bistan da, baina albistearen hondarrean agertzen zen datu batek eman dit atentzioa: Ekuadorreko Kode Penalaren arabera gorrotoa delitua da, eta lesbiana horri emandako tratu gorrotagarria ekintza judiziala abiatzeko oinarria izan da. Izan ere, akusatuari gorroto delituagatik aplika dakiokeen zigorraldia sei hilabete eta bi urte bitartekoa da.
Espainiako Kode Penalean gorrotoa delitutzat hartuko balitz, Nafarroako eskuin atzerakoi eta navar-ero-ko buruek ikurriñari erakutsitako gorroto eta sektarismoa oinarri sendoa izan liteke auzipetzeko eta zigorraldi luzeak ezartzeko agintari bati baino gehiagori.
Arrantzale bizardunek uztailaren 6an egindakoa ezin daiteke delitua izan, ekintza ausart, eredugarri eta biribila izan baitzen, inor zauritu ez zuena, guztiz pazifikoa eta bihotz-altxagarria; askok eta askok eginen genukeena. Delitua, ordea, fatxek erakusten duten gorrotoa da. Sanferminetan agerikoa izan zen politikari batzuen gaitasun falta euren ohiko eskemetatik at dagoen edozein egoerari aurre egiteko.

Zorte pitin batekin, ikurriñafobia erakutsi duten horiek, gainera, kontrako efektua lortzen dute: ikurriñitisa.


No comments: