Ohituta gaude entzuten adinez aski aurrera joandako jendeak nola
kritikatzen dituen gazteak, ez dutela konpromisorik nahi esanez,
bizitza lasai eta erosoarekin laketu direla eta ez direla ezeren alde
borroka egiteko prest, kontsumismoaren morroi, gailu elektronikoen
mendeko eta errazkeria guztien jopu bihurtu direla.
Ohituta gaude, halaber, beren gazte garaiko balentrien berri
entzuten eta irakurtzen, haiek bai, haiek bai izan zirelako
justiziaren alde borrokatzeko gauza, eskuzabaltasun handienarekin eta
baldintzarik txarrenetan, trukean deus eskatu gabe. Horiek istorio
zaharrak dira, jakina, eta jada inor ez da joango adinez aski aurrera
joandako jende horrengana kontu eske, beren gaztaroa benetan hain
zail, hain eskuzabal eta hain heroikoa izan ote zen galdetzera; inor
ez da joango haiengana galdetzera, demagun, haiek hain borrokalari
zintzoak izan baziren, horietakoa askok nola onartu zuten tailerretik
hasiera-hasieratik pasatu beharko zukeen aldaka hautsiko demokrazia
matxuratu bat, zergatik egin zioten kosk, haginak kamustu arte egin
ere, interes zikinenen sagar ustelari, nola jasan duten hainbeste
hipokresia.
Baina, -beren gaztaro idealizatu horren izenean!-, gutxienez ulertu
beharko lukete kritika horrek ez duela deus balio ikusteko gauza ez
balira, lan politikoa besterik egin ez duen gazteen belaunaldi oso
bat, menturaz arlo honetan ere herri honek eduki duen prestatuena,
urte luzeetako kartzelaldi injustu eta lotsagarriaz ordaintzen ari
dela bere engaiamendu eredugarria; gazte belaunaldi horrek gure
herriari, demokraziari eta justiziari egin dien ekarpena behar bezala
baloratzeko gauza ez balira, eta, besterik ez bada ere, elkartasun
pixka bat emateko gauza ez balira, beren idealen aldeko
borrokarengatik ordaindu behar izan duten eta ordaintzen ari diren
prezio ikaragarri horren aurrean.
Eta askatasunaren aldeko borrokan hain sutsu eta kontsekuente izan
badira, beharbada konturatu beharko lirateke, gure herrian izan diren
azken gertaeren harira, beste aldera begiratzeko garaiak bukatu
direla, jokoan dagoena ez dela lehia partidista bat, lauhazkan
datorren faxismoak denok ukitzen gaituela eta denon eginbeharra eta
denon onurako dela eraso totalitarioei aurre egitea.
Eta
horregatik, beraz, eraiki dezagun harresia; esan dezagun aski dela,
ez dugula demokrazia faltsu eta ustel baten aldarean gure seme-alaba
bakar bat gehiago sakrifikatuko, kartzelak hustutzeko garaia dela,
eta ez betetzekoa, ez diegula utziko gure adiskideetako bat bera ere
eramaten; bakea nahi dugula, bake justua, eta beren idealei hitzaren
eta ekintza politikoaren bidez eutsi dieten errugabeak kartzelara
eramatea ez dela horretarako bidea, helburu horretatik urruntzen
gaituela, irtenbiderik gabeko karrika batera eraman nahi gaituenen
amarrua.
Eraiki dezagun herri harresia; gora herri harresia!
No comments:
Post a Comment