2015-12-15

Kalashnilova basamortuan

Ez naiz oroimen eskasekoa, baina eskuetan su-arma bat eduki izanaz ez naiz oroitzen. Eta su-arma bat kontu makala ez denez, ez dut uste ahantzi zaidanik. Su-arma bat eskuetan hartzeko aukera duela bi urte izan nuen, Saharara egindako bidaian, errefuxiatuen kanpamenduetatik urrunduta, dunak ikustera joan ginen batean. Eskolta lanetan aritzen ziren polisarioetako batengana hurbildu nintzen eta berarekin argazki bat ateratzeko baimena eskatu nion. AK 47 bat, kalashnikov bat, bazuen eskuartean Fronte Polisiarioko kideak, eta baietz, argazkia berarekin ateratzeko arazorik ez zegoela. Zertan ukatu, tentatuta ibili nintzen kalashnikova hartzen eskatzeko, ez tiro egiteko, jakina, baizik eskuetan izateagatik fusil mitiko hori; baina jostailua ez denez, eta ez nion eskatu: ez nuen konpromiso batean jarri nahi izan. Argazkia eginda, dunetan barna urrundu zen polisarioa, gu hobeki zaintzeko agindu zioten lekuraino. 

 
Euskalerrira itzuli eta handik egun gutxira albistea eman zuten, Mikhail Kalashnikov, izen bereko fusil horren sortzailea hil zela Errusian, 96 urte zituela. “Fusil batekin ezin da lurra irauli, ezin dira lurrean ildoak egin ereiteko; baina fusilik gabe, lurra ere ezin da defenditu”. Hori esana utzi omen zuen fusil mitiko horren asmatzaileak.

Aurten ez naiz Saharan egon. Emaztea eta alaba bai, handik etorri berriak dira, errefuxiatuen kanpamentuetatik. Segurtasun neurriak zorrotzagoak izan dira aurtengo bidaian, segur aski etzi, Fronte Polisarioak Dajlan hasiko duen kongresu erabakigarriaren karietara. Laster 40 urte basamortuan errefuxiaturik daraman Saharako Herriaren norabidea zehaztuko da. Kalashnikovaren bidea utzi zuten sahararrek 91n, su-etena aldarrikatu zutenetik erreferendum bat egiteko baldintzapean; haatik, erreferendum hori ez inoiz gauzatu, eta Marokok Mendebaldeko Sahara zapaltzen jarraitzen du. Espainiak ere erantzukizun handia dauka, eta datorren igandeko bozen ondorioz sortuko den Gobernuak ezin du jarraitu ezikusiarena egiten. Izan ere, sahararren pazientzia agortzear dela, Nazioarteko Komunitateak egiten duena baino zerbait gehiago egin beharko luke sahararrak euren lurraldera itzul daitezen 40 urteko erbestealdiari amaiera emanda, berriz ere kalashnikovaren bidea hartu behar ez dezaten.

2015-12-03

Amorantearen argazkia

Honekin ematen ditut gauaren oren luzeak. Itxuraz ez da oso erakargarria, baina zin dagit ase ezina dela, eta azken tanta xurgatu arte ez didala bakerik ematen, batez ere gaueroko lehen hustuketan.

Gauero-gauero nauka harrapatuta, ia-ia bederatzi oren luzez, eta bost aldiz esnatzen nau; hilabete elkarrekin daramagun arren, ez dut lortzen bere erritmora egokitzen, estu-estu loturik nauka eta.

Diotenez, zientifikoki frogatuta omen dago, egoera berrietara egokitzeko 21 egun behar omen du gizakiak... Bada, nik muga hori gaindituta ere, ez naiz laketu, eta gainera, ez dakit nahi dudan...

Amerikarra da berez, eta Baxter du bere grazia, nik Bazterretxe deitzea nahiago dudan arren, etxeko bazter batean egoten baita gau eta egun; izena ere, jarri diot, Betty, beti-beti hor nire zain egoten baita.

Umorez saiatzen naiz hartzen gauero-gauero dialisi-makinari lotuta egon behar hau, eta amorantea deitzen diot, batere maite ez dudan arren, eta amore eman nahi ez dudalako... Hauxe duzue, biluz-biluzik, nire amorantearen argazkia...