2023-04-29

On Kixote Mantxako, jendaurreko irakurraldian euskara ere present


Iragan den astean On Kixote Mantxako klasikoaren irakurraldi publikoa egin zen Iruñean Liburuaren Egunaren karietara. Jendaurreko irakurketa  honek hogeita bost urte bete dituen honetan, euskara present egon da bertan sekula baino gehiago. Beste urte zenbaitetan ez bezala, aurten lagun kopuru polita aritu ginen On Kixote Mantxakoaren testu laburrak irakurtzen. 

Esan gabe doa, parte-hartzaile orori eskertu behar zaio bertan egon izana, baina nik bereziki eskertu nahi diet ondoko hauei: Ines Castiella, Ines Genua, Maite Saralegi, Lurdes Larunbe, Rosario Urkiola, Luisa Salaberria, Edurne Iribarren, Rikardo Barea, Irene Txurruka eta Maite Ramosi; osotara, hamaika lagun —hamar gehi bat— aritu ginen euskaraz irakurtzen... Inoiz baino gehiago! Biba zuek! 




Nolanahi dealrik ere, nik badut proposamen ttipi bat hurrengo urte(eta)rako; irakurleok, ahal dela, bertsio bera baliatzea,  Pedro Berrondok euskaratua eta Patxi Ezkiagak egokitutakoa, alegia, Don Kixote Mantxako izeneko liburu formatuan dagoena. 


Soilik paperean egonik ez da bestea bezain erosoa lortzeko tenorean, eta baliteke ez izatea bestea bezain aberatsa, zeren eta, azken finean, egokitzapen bat baita... Baina nik orain berriz egin beharko banu, dudarik ez dut, hauxe ibiliko nuke, duda mendrenik gabe. 





2023-04-17

Hatsaren olerki bilduman, haikuak



Hatsaren olerki bildumak 25 urte betetzen dituen honetan, hiru haiku ttipi eman ditut argitara, eta hemen, horren erakusgarri, batto baino ez:

Laino urrunak
Garraldako bidean,
dilindan tantak

Nolanahi delarik ere, haikuen munduan sakondu nahi duenarentzat, Iruñean maiatzaren ondarrean egonen den Kukai izeneko topaketara gonbit egiteko baliatu nahi dut mezuño hau; datorren hilabeteko azken larunbatean, hitzordua haiku-zaleentzat Iruñean.