Hego haize leunak aurpegia
laztantzen dit; ezinegon handia susmatzen dut ene barnean, eta era
berean, lasaitasun handia, lasaitasun urduria erranen nuke
paradokixikoa izanik ere. Burua astun sentitzen dut, agian hiru egun
badaramadalako gaueroko pilula txikia hartzen, loaren lagungarri;
Hendaiako hondartzan barna oinutsik ibiltzeak arintasun-sentsazioa
ematen dit. Kaioek itzulika egiten dute hegan ene gainetik. Saharako
Galia izeneko neskatikoa hondartza honetan egon zen jolasean duela
urtebete.
Argitasun handiko eguerdi
honetan oso jende gutxi dabil hondartzan, eta eguraldi iragarpenek
adierazi bezala, haize hotz leuna dakar; hegazti batek txilio berezi
bat egin du, eta hunkitu egin naiz. Hondarrean ibiltzearen ibiltzeaz
hozminduriko hankak igurtzi ditut hondar ale batzuk kentzeko eta
harrizko eskaileratan gora abiatu naiz. Xehetasun orok ekartzen dit
gogora Galia neskatikoa, baita hondar aleak kentzeko keinuak ere.
Itsas ondoko harresian txori
txiki bat da, papo laranja eta luma hori-beltzak dituena; txonta
arrunta behar du, baina hegan egin du ihes ni hurbildu ahala. Txoria
zegoen leku berean eseri naiz hanketako hondar aleak kentzeko, eta
nire azpian txoria egondako leku zehatzean Galia ere egon zelako
sentsazioa izan dut gorputzean zehar.
Ederki gogoratzen dut Galia
hondartza honetan bertan, “I'm thirsty” zioen kamiseta bat
jantzita, “Egarri naiz” alegia. Paradoxikoa zen arren, hemen zela
ez zen egarri, ez gose, ez hemen Iparraldean, ez Hegoaldeko gure
etxean. Errefuxiatu jaio zen Galia Balal Mohamed neskatoa, gure
etxean, Oporraldia Bakean programari esker, azken bost urteotan udak
eman dituen neskatikoa; aurten, baina, jadanik ez da etorri,
programak ezarritako adin-epea bukatuta, eta Hendaiako hondartzak
hutsik dagoela ematen du, Berriozarko gure etxea bezain hutsik.
Dunbarri haitzak
uhainek bortitz joak
apar usaina