Dialisi-makinaren argitxoek logelako iluntasuna urratzen dute. Drainatzeak min eman eta esnatu egin nau. Hainbat hilabetetan, dialisi-makinaren zarata txikiek lagundu naute lorik gabeko gau luzeetan, makinaren zaratei eta drainatze-zikloei ohitura hartu arte. Amorantearen argazkia izeneko testuan aipatu nuen jada: iazko urritik dialisia egiten dut gauero-gauero bederatzi orduz, ohean nagoen bitartean, eta maiatzean gaudelarik, neurria hartu diodala esan dezaket.
Gaur, baina, drainatze mingarriak esnatu egin nau. Gauaren ilunean dialisi-makinaren pantailla txikian 6tik 3. drainatzean dela dio: dreinatzeak ez ninduen esnatu beharko, baina esnatu egin nau azken xurgaketak. Baxter etxeko makinaren zaratak ederki ezagutzen ditut jada; begiratu gabe ere badakit bukatu duenean xurgatzen eta glukosa berriz nire gorputzera sartzen hasten denean.
Gaur mina ez da oso handia izan, nahikoa, baina, loaldia hausteko; sei drainatze egiten dituenez gauero, oraindik gauaren erdian gaudela esan nahi du; eskubiko eskua luzatu eta hatzen puntekin iratzargailua hartu nahi izan dut; bada garaia orratz argiztatuak dituen beste iratzargailu bat erosteko, etxean duguna ez baita iluntasunean ikusten, eta gauez botoi bati sakatu behar zaio zein ordutan bizi garen jakiteko.
Gauaren sakonean, baina, hatzak ez dira nahi bezain trebeak eta hatz-puntekin ukituta iratzargailua bota egin dut lurrera. Erdi esna erdi lo nagoen honetan maldizioka hastear egon naiz, baina ondoan datzan emazteak ez du hori merezi; emaztea ere ohituratu egin da dialisi-makinaren gora-beherei eta orain alarmak ere ez ditu beti aditzen; drainatze-makinaren alarma zaratatsua gutxitan hasten da joka, eta jadanik hain ongi ezagutzen ditudanez zantzuak, batzuetan alarma jo baino lehen kapaza naiz aurre hartzeko arazoari eta alarmaren zarata gogaikarria saihesteko emaztea ez esnatzeko. Zeinen zoriontsu egiten nauen emaztearen arnasaldi erritmikoak.
Erdi esna-erdi lo nagoen honetan dialisi-makinaren zarata txikiak eta emaztearen arnasaldien kulunkan gelditu naiz... lo.
2016-05-19
2016-05-17
Maiatz aldizkariaren literatur topaketa: Iruñea - Baiona
Beti
eraman ohi dut agenda bat aldean, dela alkandoraren poltsikoan, dela
berokiaren patrikan. Izanez ere, alkandora poltsikodun izan ezean
ez dut erosten, eta berokiaren poltsikoan agenda sartu ezean, ere ez.
Agerian dago, beraz, moda ez den beste irizpide zenbaiten pisua.
Etxetik kanpo nagoela, agenda horretan jasotzen ditut egunean zehar
entzuten, irakurtzen edota aldez eta moldez jasotzen ditudan
istorio-mixtorio eta kontu bitxiak.
Noizbait
gertatu izan zait agenda ahaztea etxean eta istorio bat galtzea
garaiz ez jasotzeagatik. Duela bost urte, Maiatz
argitaletxeak 30 urte betetzen zuela eta, Lucien Etxezaharreta
editoreak gonbidatu gintuen Maiatz
aldizkariaren kolaboratzaileok bazkari batera Baionara. Iruñetik
Juankar Lopez-Mugartza eta biok abiatu ginen goiz hotz batean
Iparralderantz, haize hotzak lagun eta elurraren beldur. Baina bidaia
oso atsegina izan zen, Juankar lagunaren hitz jario aberatsari esker.
Istorioak lotuz eta hizkuntza jolasekin gozatuz egin genuen bide zati
bat eta Bidebietako tunelaren parean oso berezia zen zerbait bota
zuen Juankarrek, buruan argi-izpi bat piztu zidan zerbait... Tamalez,
ez nuen jaso, ez nuen hitz pare bat edo hiru bereden jasotzeko
aukerarik izan, agenda etxean ahantzirik... Autoa geldiarazteko eta
paper txatal batean bizpahiru hitzetan ideia biltzeko eskatzeko
zorian izan nintzen... baina hori eskatzea gehiegi iruditu zitzaidan.
“Hortik
ipuin bat atera daiteke, Juankar!“ esan nion lagunari, buruan ipuin
bihur zitekeen ideia hori azpimarratu nahian. “Zuk beti esaten duzu
gauza bera, Josu” eman zidan arrapostu. “Idatz ezazu ipuin bat,
bada!”
Bidean
aitzina egin genuen, eta bertze gai batzuk izan genituen solasgai,
eta irri karkaila anitz egin genuen, eta Baionara heldu ginen, eta
oroitzapen hitseko Monbar hotelean hartu genuen kafea, eta eguerdiko
12,30etan bazkaltzera bildu ginen Maiatz-eko lagunekin, eta Lucien
laguna han genuen zain, eta Itxaro Borda zuberotarra, eta Piarres
Aintziart heletarra, eta Hegoaldeko Iñigo Aranbarri, Patxi
Larrionekin; eta Iparraldeko Aurelia Arkotxa, eta Peio Jorajuria
garaztarra, eta Txomin Peillen handia, —ni, Txomin Peillen
miretsiarekin bazkaltzen eta hitz egiten!— eta poesiaren tunelaren
barnera sartu ginen eta zeharo ahaztu nuen Juankarrek kontatutako
pasadizo horren haritik buruan piztu zitzaidan ipuin-gai hura...
Baionatik bueltan, etxera helduta, gogor eta gogoz saiatu nintzen
gogoratzen... alferrik, baina.
Oso
gaizki eman nituen hiru edo lau egun, ideia hura gogoratu ezinik.
Guztiz jota eman nion hamaika buelta
ene buruari, argi hura nolakoa zen gogoratzen saiatzen nintzelarik.
Baina ideia “etorri” ez, eta urduritu nintzen izugarri. Tunel
baten barruan sentitzen nintzen, ilunpean, tunelaren ahoaren argia
antzeman ezinik. Saiatu nintzen aletzen Juankarrekin izandako
mintzagaiak, baina orduak igaro ahala, gero eta zailagoa zitzaidan
ideiak ordenatzea, eta tunelaren ahoaren argia gero eta lausoagoa
zegoen nire baitan, gero eta antzemanezinago.
Amore
eman nuen nire ezintasunaren tunelean, eta tunelaren beltzera begiak
behin egokituta, nire ezintasunaren inguruko hitz hauek idazten hasi
nintzen, tunelaren baitan bildutako lerroak, eta paradoxikoa den
arren, tunelaren beltzenean aurkitu nuen tuneletik bertatik
ateratzeko bidea, testu txiki hau apailatzeko bidea.
Bioy
Casares idazle argentinarrak azaldu zuen istorio bat sortzen ahal
dela gutxien espero duzun lekuan eta gutxien espero duzun unean;
gutxien espero daitekeena izan daiteke idazteko akuilu: “Estimulu
asko eta askotarikoetatik sortzen dira ipuinak. Denborari eta
eskarmentuari esker, narratzailearen buruan osatuz doa
istorio-prozesadore moduko bat, makina txiki baten tankerakoa. Makina
txiki hori baliatuz, burmuinak jasotzen dituen informazio batzuk
baztertzen eta bestetzuk hartzen ditu. Orduan i(ra)gartzen du: hemen
bada ipuin bat.” Baita tunel beltz batean ere.
Labels:
idazkuntza,
poesia
Location:
Iruñea, Nafarroa Garaia
2016-05-03
Batzuei poesia gustatzen zaie -Wislawa Szymborskaren poema bat-
BATZUEI POESIA GUSTATZEN ZAIE
Batzuei,
erran nahi baita, guztiei ez.
Gehienei ere ez, gutxi-gutxiri baino ez.
Ez kontuan hartu eskolak, hor derrigorrezkoa da-eta,
eta poetak berak ere bazter uztita,
mila lagunetik biri gustatzen zaie.
Gustatzen zaie,
bati fideo-zopa gusatzen zaion gisan,
bati kunplimenduak eta urdin kolorea gustatzen zaion gisan,
bati bufanda zaharra gustatzen zaion gisan,
bati beti berea lortzea gustatzen zaion gisan,
bati txakurrari laztan egitea gustatzen zaion gisan.
Poesia,
baina zer da poesia.
Zalantzazko erantzun bat baino gehiago
eman zaio galdera horri.
Eta jakin, nik ez dakit, eta gogor heltzen natzaio poesiari
helduleku bati heltzen zaion gisa berean.
Batzuei,
erran nahi baita, guztiei ez.
Gehienei ere ez, gutxi-gutxiri baino ez.
Ez kontuan hartu eskolak, hor derrigorrezkoa da-eta,
eta poetak berak ere bazter uztita,
mila lagunetik biri gustatzen zaie.
Gustatzen zaie,
bati fideo-zopa gusatzen zaion gisan,
bati kunplimenduak eta urdin kolorea gustatzen zaion gisan,
bati bufanda zaharra gustatzen zaion gisan,
bati beti berea lortzea gustatzen zaion gisan,
bati txakurrari laztan egitea gustatzen zaion gisan.
Poesia,
baina zer da poesia.
Zalantzazko erantzun bat baino gehiago
eman zaio galdera horri.
Eta jakin, nik ez dakit, eta gogor heltzen natzaio poesiari
helduleku bati heltzen zaion gisa berean.
Hasiera eta
bukaera, 1993.
Subscribe to:
Posts (Atom)