Behin bazen eta bazen behin, gizon
aberats bat bailaraz bailara eta herriz herri ibiltzen zena negozioak
egiten. Nonode herrira heldu zenean, asto eder batzuk ikusi zituen.
Negozio-gizonak herritarrei asto bakoitzeko 100 txanpon eskaini zien.
Herritar batzuek astoak saldu zizkioten. Biharamunean, negozio-gizon
berak asto bakoitzeko 150 txanpon eskaini zuen eta beste herritar
batzuek euren astoak saldu zizkioten. Beste egun batean, 300 txanpon
eskaini zien astoko eta gelditzen ziren herritarrek herriko azken
astoak saldu zizkioten.
Biharamunean, beste negozio-gizon bat agertu zen Nonode herrira eta astoak saltzen zituela iragarri zuen: asto bakoitza 400 txanponen truke. Lehendabiziko negozio-gizonaren eskaintza bizi-bizi zegoen Nonodeko herritarren gogoan, eta asto guztiak erosi zizkioten bigarren negozio-gizonari, bakoitza 400 txaponen truke; dirurik ez zutenek, dirua maileguan hartu zuten eta herritar gehienak zor handitan sartu ziren. Izan ere, Nonodeko ez ezik, eskualde osoko astoak ere erosi zituzten nonodetarrek.
Baina negozio-gizonak —ez lehena, ez bigarrena— ez ziren sekula itzuli Nonodera. Horren ondorioz, Nonode astoz eta zorrez beterik dago. Dirua mailegatu zutenek ezin izan zituzten astoak saldu eta, beraz, ezin izan zituzten ez kurrituak ez maileguak ordaindu.
Dirua maileguan eman zutenek agintariengana jo eta euren kexa agertu zuten, zeren maileguak eta kurrituak kobratu ezean, beraiek ere hondoa joko lukete eta ezin izanen lukete maileguak ematen jarraitu; beraz, euren hitzetan esanda, “dena hondoratuko litzateke”.
Mailegu-emaileak hondora ez zitezen, agintariek mailegu-emaile horiei dirutza eman zieten. Halere, mailegu-emaileek dirutzaren zati eder bat hartuta ere, ez zizkieten herritarrei zorrak barkatu, eta herritarrak egunetik egunera handitzen ziren zorretan itota gelditu ziren.
Bestalde, Nonodeko agintariak herri-ondasunak xahutu zituen eta, ondorioz, Udalak berak hondoa jo zuenean, agintariak beste udaletako agintariei diru-laguntza eskatu zien; baina beste agintariek erantzun zioten ezin ziotela dirurik utzi, zeren Nonode bezalako udal batek, hondoa jotako udal batek, ezin baitu maileguan utzitako dirua sekula itzuli.
Finean, nola daude kontuak Nonoden? Aberatsak lehen baino aberatsagoak dira, negozio-gizonak, negozio-gizonaren lagunak eta mailegu-emaileen irabaziak bermaturik; herritarren maileguen kurrituak kobratzen jarraitzen dituzte eta ordaintzerik ez duten herritarrei astoak hartzen dizkiete bahituran. Herritar asko eta asko dirurik gabe era astorik gabe bizi dira egun. Nonodeko Udala bera ere zorrez itota dago. Baina zer egin dute Nonodeko agintariek egoera larria dela eta? Agintariek udal langileei soldata murriztu diete.
Nonode edonon da. Izan ere, edonon, eskuinetik ezkerrera irakurrita duzu Nonode.
Nonoden herritarrek ez dute abererik, ez dira aberatsak eta Andu Lertxundik aspaldi gaztigatu digun gisara, “abere askoren jabeak derrigorrez izan behar abere-kiratsa, aberatsa abere asko —ondasun asko— dituena baita”. Horregatik Euskal Herrian aberatsa abere hatsa duena omen da.
Sufien ipuin honek sekulako gaurkotasuna du, ezta?