2012-03-14

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots hordigarria


1980ko martxoaren 14an Félix Rodriguez de la Fuente hil zen, Alaskako lur mortu izoztuetan, Bering itsasotik gertu, ez-leku batean. Warren Dodson pilotuaren Cessna hegazkin txikiak lur izoztua jo zuenean, Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri bezain hordigarri hura itzali zen betiko; txakurrez eramandako lera-lasterketa ospetsu bat grabatzen ari zirelarik gertatu zen ezbeharra. Iditarod Trail Seld Race izeneko lasterketa entzutetsuak Anchorage eta Nome hiriak lotzen ditu, ia-ia bi mila kilometroko ibilbide izoztua. Aingura bat ur izoztuan bezain finkaturik gelditu zitzaizkidan neure begiekin sekula ikusiko ez ditudan ez-leku horiek, No men´s land horretan gizakia ezin baita luzaroan bizi, Nome izen paradoxikoa duen ez-leku batean.

Inguru horietan hartza bizi da oraindik eta, diotenez, landareak eta animaliak mintzo ziren garaian hartzarekin batera azeria ere bizi zen mortu izoztu horietan. Borrokatzen zirenean, hartza azeria baino sendoagoa eta ahaltsuagoa izaki, hartza handiak azeri txikia erraz menderatzen zuen. Baina azeria azkarra da oso, eta egun batean hartzari hauxe esan zion:

- Hartza, beti ibiltzen gara liskarretan, eta guk ez dugu zertan borrokatu. Izatez, zuk arrainak gustuko dituzu eta nik ezagutzen dut modu bat zuk nahi adina arrain harrapatzeko. Sartu buztana izotzean egindako zulo batean, eta arrain batek zure buztanari kosk egiten dionean, jarri zutik eta horrela aterako duzu arraina zure buztanari atxikirik.

Hartzak hori egin zuen. Izotzean zulo txiki bat zegoela profitatuz, ondoan eseri eta zulora sartu zuen buztana. Han eman zuen denbora luzea, eta aspertzen hasia zenean, nabaritu zuen arrain batek kosk egin ziola buztanari. Azkar altxatu zen, baina buztanaren inguruko ura izotz bihurtua zenez gero, krak! han gelditu zen buztana, izotzean jelaturik.

Harrezkeroztik hartzek oso buztan motza dute eta beti ibiltzen dira azeri baten atzetik, mendekua hartzeko asmoz eta gogoz; baina azeria, hartzaren beldur, aspaldi utzi zituen lur izoztu mortu horiek eta Hegoalderantz abiatu zen, lurralde epelagoen xerka.

Félix Rodriguez de la Fuenteren ahots liluragarri eta hordigarriarekin kontatua balitz...

No comments: