Showing posts with label hizkuntza. Show all posts
Showing posts with label hizkuntza. Show all posts

2017-03-16

Korrikaren aurkezpenean

Korrikaren 20. edizioa hasteko gero eta egun gutxiago falta dira, eta aurtengo edizioaren aurkezpenean parte hartzeko ohorea izan nuen bart.

Ni Iruñean sortua ikanik, euskaldunberria naiz, eta euskara Iruñeko Joan D'Amendux Gau-eskolan ikasi nuen gaztetan, AEKn; gero, irakaslea ere izan nintzen bertan, eta gaur euskaraz bizi banaiz, neurri handi-handi batean AEKri esker bizi naiz. Hau da irakurri nuen testua.

Indar bat, entzuteko...eta esateko modu bat,
bizipoz bat.

HIZKUNTZA, KULTURA,
MUNDU BAT
Euskara hizkuntza kultura
eta mundu bat da: bertako
hizkuntza, gure kultur izaera
eta munduan nor izateko
modua. 
Euskal Herria euskaraz
ulertzen dugun euskaldun
eta euskaltzaleok aspaldi
ekin genion geure hizkuntza
sendotzeari, etorkizun hobea
nahi dugulako.





Atzoko ekitaldian parte hartzea bereziki zirraragarria izan zen niretzat, eta Saray Robles bertsolariaren bertsoa gozatzeaz gain, euskara ikasten ari diren lagun berriak ezagutzeko aukera izan nuen...  Biba zuek!





2017-02-21

Joakin Lizarraga XXI.mendean

Joakin Lizarraga idazlea Elkanon jaio zen, 1748ko irailaren 17an, Migelena etxean, Eguesibarko etxe aberatsenetako batean. 






Iruñean eta Valladoliden ikasi zuen jesulagunekin, eta Donostian apaiztu zen 1771n. Loiolatik sorterrira itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikario kargua hartu, eta bertan eman zuen bizitza osoa, apaiz 63 urtez. Elkano, berez, Iruñetik gertu dagoen herri txiki eta lasaia da, eta garai hartan ere halakoa zen. Herriko bakea Penintsulako Gerlak urratu zuen, batez ere 1813. urtean. Izan ere, Lizarraga bera hiltzeko mehatxuak jaso eta bere ondasunak bahitu zizkioten. 1835eko urtarrilaren 20an, 86 urte zituela, sortetxean bertan hil zen, eta Elkanoko elizan bertan lurperatu zuten.




Joakin Lizarraga da, kopuruaren aldetik, euskaraz gehien idatzi duen euskal idazlea: 5.000 orri baino gehiago. Diotenez, Elkanon bertan, etxe zahar baren horma bat botatzean, bertan aurkitu zituzten idazki horietako anitz, XVIII. eta XIX. mendean Iruñerrian mintzo zen euskalkian idatziak, Hegoaldeko Goiz-Nafarreraz: predikuak, katiximak...

Sermolari eta idazle oparoa, herritarren eta beste apaizen beharrez ohartuta, prediku guztiak euskaraz idatzi zituen, eta erlijio-liburuak euskaratzen izugarrizko lana egin zuen. Hartara, Joakin Lizarragak ez ezik, bertze apaiz anitzek baliatu omen zituzten.

Egun, Joakin Lizarraga izena Sarrigurengo Eskola Publikoak darama, Eguesibarren, apaiz idazlea jaio, bizi eta hil zen etxetik ez sobera urrun. Bete-betean asmatu dute eskola berri honi Joakin Lizarraga izena jarrita, Elkanoko idazleak ez baitzuen artean horrelakorik. Aitor dezadan, duela hamar urte baino gehiago, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ) sortzeko prozesuan neronek proposatu nuela Joakin Lizarraga izena jartzea, baina garai horretako Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbiztuko arduradunek ez zutela nire proposamena aintzat hartu; arantza bat nuen, eta Sarrigurengo Eskolari izen hori emanda, arantza hori erauzi egin dut, zorionez.

Zorionak, bidenabar, Joakin Lizarraga Sarrigurengo eskola publikoko irakasle eta gurasoei, bukatu berri den aurrematrikulazioan 126 ume apuntatu direlako —iaz baino 25 gehiago—. Dudarik ez dut, Joakin Lizarraga izena daraman eskolan seme-alabak apuntatu dituzten gurasoei ez zaie damutuko. 

2016-11-04

Ryookanen 101 haikuak AUZOLANen

Ryookan XVIII. mendearen erdian jaio zen, Japoniako familia zahar eta ospetsu baten baitan, eta gazte-gaztetatik ibiltzen omen zen beti bere kasa, bakarti, ametsetan, begirada galdua zuelarik. Behin, gaztetan, begirada ameslari zuela, aitak purrusta egin omen zion eta esnaturik zela bederen amets egiteari uzteko agindu omen zion, zeren begirada galdu horrekin jarraituz gero, azkenik arrain bihurtuko baitzen. Orduan Ryookan azkar egin zuen ihes. Handik ordu batzuetara, ama itzuli eta galdetu zuen ea non zen Ryookan gaztea. Aitak gertatutakoa azaldu eta itzultzen ez zelarik, aita-ama abiatu ziren seme galduaren bila. Bila eta bila, iluntzean hara non aurkitzen duten seme galdua, itsasertzean, urari begira, arrain noiz bihurtuko zain.
Ryookan gazteak erakutsi zuen erlijioarekiko interes bizia. 20 urte bete gabe zela, familia utzi, burua soildu, monje-habitua jantzi eta hauxe diosku Rookan gazteak: “Jendeak monje bihurtu eta zazen egiten hasten da. Nik lehenago egin dut zazen eta gero bihurtu naiz monje”. Dogen-en obrak ikasi eta tenploetara joaten zen obrak ikustera eta ikastera.Tenploetan dagoen jerarkia ez zuen Ryookanek maite, eta harrezkeroztik nahiago izan zuen etxola xume batean bizi eta eskale modura ibili tenploetan bizi baino, bizitza osa eman zuen era xume eta umil horretan bizitzen. Zaharra zela Teishin ezagutu zuen, bera baino 29 urte gazteago zen monja bat eta oso harreman berezia izan zuten. Teishinen eta Ryookaben arteko solasaldi poetikoak euskaratu gabe daude oraindik...
Ryookanen liburuttoaren kari, haikuez, haikuguntzaz eta, oro har, poesiaz mintzo gara gaur Iruñearen bihotzean. 

2015-11-24

Arturo Campionen omenezko oroitgarria

Gaur dela hogeita hamar urte, Ezkaba mendiaren magaleko Antsoain herrian, bertako euskaltzaleek Arturo Campion handiaren omenezko plaka bat jarri zuten. Duela hogeita hamar urteko Antsoaienk ez du zerikusi handirik gaurkoarekin, baina plakak hor dirau, inor gutxi ohartzen den arren ondotik pasatzearakoan... Erdaldunei zuzendutako mezuak ez du, haatik, indarrik galdu:

Nafartar guztiok jakin dezagun gure arbasoak euskaraz aritzen zirela; eta euskara ez den bertze hizkuntza baliatzean, harrotu ordez, ohar gaitezen morrontzaren burnia bezalako zerbait daramagula gure bizkarrean.


Udazken egun hotz honetan, den-dena ikusten da Ezkabako Talaia honetatik,

2014-04-10

Udaberriko oporraldiaren atarian

Udaberriko oporraldiaren aterian gaude. Udaberriko oporraldia ez da udakoa bezain luzea, baina biziki eskertzen da. Udaberriko oporraldia, bai; ez Aste Santukoa. Umeei udaberriko oporraldian gaudela esan beharko genieke, izen erlijiosoa duen “Aste Santua” bazter utzirik. Ez ginateke lehenak izanen. Adibidez, ozeanoz bestaldean, Uruguain, “Turismoaren Astea” deritzo oporraldi honi.
Eliza katolikoak, oraindik orain eta oraindik ere, botere handia duen instituzio bat da, hamarkadaz hamarkada eta urtez urte boterea higatuz joan zaion arren. Haren eragina handia da oso gaurko gure gizartean, nahiz eta fededunen kopurua murriztuz joan, nahiz eta sinesdunek beraiek ez bete Elizaren beraren agindu moralak, nahiz eta elizak ia-ia beti hutsik egon.
Eliza Katolikoak fededunenegan eragina izatea normala da, norberak aukeratzen baitu bere taldea edo bere elkartea... eta norberak ordaintzen du. Arazoa da denon zergekin elikatzen dela Eliza Katolikoa, eta ez soilik fededunen diruarekin, denon diruarekin baizik, ateo izan, agnostiko izan, musulmandar izan ala budista izan.

Eta burura datorkit esaldi biribil bat, Lourdes Goicoechearen auziaren kontura aditu nuena: “Ogasuna denok gara, Opus Dei izan ezik”

2014-03-18

Elkar agertuko da

Hilaren 22an euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko, manifestazioa Iruñean. Yolanda Barcenas eta Robertico karramarroa ez dira joanen, kontu ziurra da. Aitzitik, urlia, berendia eta sendia Antoniutti parkean egonen dira; holakoa, harakoa eta bestelakoa ere bai; honakoa, harakoa eta haratagokoa ere izanen dira han bost eta erditan.

Euskalduna naiz eta haserre nago, baita harro ere. Ez dut erasoen zerrenda luzea errepikatu behar, baina mutu nahi gaituzte, muturtuta eta zapuztuta, bistan da; horregatik Nafarroa Garaiko euskal komunitateak erantzun bateratua, irmoa eta bizia eman beharra du. Euskaltzaindiaren arauen arabera “ehundaka” ez gara bilduko, baina bai ehunka edo ehunaka, areago, nik erranen nuke “zientoka” edota milaka bilduko garela, erantzun tinkoa eman behar baita: beharra, eragile on.


Paul Auster idazle amerikarraren Brooklyngo erokeriak liburuaren zati bat parafraseatuz, “ona da titulua arranditsua izatea, irakurlea esnatu eta kasu egin dezan eragiten baitu horrek”. Bada, honaino heldu bazara, irakurle, mila kilo zorion, goiko izenburu deigarri horren azpian gordetzen dena agerian uzteko tenorea heldu baita. “Elkar ikusiko dugu” esan zuen irakasle batek euskaltegi batean eta, kontatu didatenez, A1 mailako ikasle batek galdetu zion ea nor zen “elkar” hori... Larunbateko manifestaziora “elkar” hori bera ere agertuko da. Eta zu ez, irakurle?

Ezkaba eskola publikoan ere, euskararen alde!

2014-03-15

Haiku tailerra martxan




Laket zait "tailer" hitza, hitz horrek eskulana dakarkidalako gogora, ezagutza teoriko hotzetatik urrun eta ezagutza praktiko beroetatik hurbilago sentitzen dudalako. Hartara, haiku tailer honetan haikuak sortzen, egiten eta berregiten, konpartitzen edota hobetzen saiatuko gara.

Nafar Ateneoaren abaroan, hilero bilduko gara talde txikian, eta astelehenean, hilaren 17an, 7,30etan dugu hitzordua Iruñean, Ateneoaren egoitzan.(Barañain etorbidea 10, 1. solairua)

Zu ere, gonbidatuta.

2014-03-06

Harria eta olibondoak

Harria eta olibondoak Bingen Amadoz lagunaren azken —oraingoz— liburua dugu. Kazetari eta idazle nafartarrak Palestinara brigadista egindako bidaietan bizitutakoak eta ikusitakok jasotzen ditu hogeita hamar testu laburrez, lekukotasun zirraragarriz: "Kontatzeko ahalmena neukanez, isilik gelditzea ez zitzaidan zilegia iruditu."

Atzo Iruñeko Auzolan liburu-dendan liburu horren aurkezpen ederra egin zuen Bingenek, Sodepaz elkarteko Xabier Aguirregabiria lagun zuelarik.


Xabier Aguirregabiria eta Bingen Amadoz

Harria eta olibondoak liburua ele biz dago, euskaraz eta gaztelaniaz, eta informazio gehiago Sodepaz-en weborrian duzu.

2014-01-03

Reagan kanpora


Ronald Reagan presidente estatubatuarra bisitan 1985ean, OTANen inguruko erreferendumaren atarian —oroitzen PSEren leloaz? OTAN; de entrada no—. Baina noan harira.

Euskal Herrian, bisitaren aurkako adierazpen, agerraldi, manifestazio, pintada eta pankarta anitz kaleetan. Parkarta horietako batean, Reagan-en karikaturaren osagarri, Reagan kanpora leloa. Garesen, errepidearen ondoko hesi batean pankarta jartzen ari delarik, Goardia Zibilaren jeep bat agertu, zibilak jaitsi eta pankartari begira gelditu dira. Guardia zibil bat, agenda txiki bat eskuan, pankartako testua kopiatzen hasi da; une batean, baina, zalantza nagusitu zaio benemeritoari, eta besteari ozenki galdetu dio:

- Oye, pero antes de p y b ¿no se escribe siempre m?

 -
Tu calla y copia – bestearen erantzuna
 

Behingoagatik, ortografiaz asko zekien goardia zibil bat egokitu zitzaigun. Pena, hizkuntza oso bat zuen faltan: geure hizkuntza.

2012-08-05

Errege ekarpena

Tronpatu esaten diogu okertzeari, hanka-sartzeari, batez ere ekialdeko euskalkietan; orobat, bigarren adiera bat dauka tronpatu aditzak: iruzur egin, engainatu. Horra hor Agostin Xaho zuberotarrak idatzitakoa  Azti Begia liburuan: “(...) populiak harthu behar du letzione. Tronpaturik izan da populia (...)”

Hegoaldeko euskaldunok nozitzen dugun errege jarduerei esker, izugarri zabaldu da tronpatu aditzaren erabilera, Euskalerri osora zabaldu ere. Elefante tronpadunak hiltzera joan zen Corinna zu Sayn-Wittgenstein printzesarekin eta han, Botswanan, goizaldeko ordu txikitan, tronpatu zen. Erorikoa izan eta handik gutxira, ospitaletik ateratzean, hala aitortu zuen, sisi-basa: “Tronpatu naiz eta ez da berriz gertatuko”. Aitzitik,  hiru hilabeteren buruan, erori egin da berriz ere; oraingo honetan ez zegoen printzesa alemaniarrarekin -Madrilen zuen habia utzita, Luxemburg-era bizitzera behartuta, nonbait-, militarrez inguratua baizik eta, halere, oraingoan ere muturreko ederra hartu du borboitarrak, eta  odol urdinaz gainera, orain sudurra eta kokotsa ere urdin-ubeldua dauzka. Eta ez ahantzi iragan den azaroan ere begian ubeldura handi bat zuela agertu zela, Zarzuela jauregian izaniko istripu bat zela kausa; orduan ere tronpatuko zen, nonbait.

Eroriz eroriz ikasten da oinez, dio esaera zaharrak, baina ziur naiz borboitarrak ez duela euskal atsotitzik ezagutzen, ezta ezagutu nahi ere; jarrai dezala, beraz, tronpaz beteriko bere bidetik, eta jakin dezala bere safari, abentura eta kalenturei esker, gure hizkuntzan aditz trinko berri bat dabilela hitzetik hortzera, udako jaietan arrakasta handikoa, edozein herriko jaixetan (sic) sortua. Hartara, ni tronpatzen ari naiz perifrastiko luzea erabili ordez, ni datronpat; hortaz, zu datronpazu, eta Juan Carlos erregea datronpa, gu datronpagu, zuek datronpazue eta haiek datronpate; eta lehen aldian? Erraza; ni netronpan, zu zenetronpan,  eta borboitarra zetronpan... gu, zuek eta haiek aditz forma trinkoak osatzea, irakurlearen esku.

Esan gabe doa, Espainiako erregearen erorikoak ikustean, monarkiaren erortze metaforikoa ikusten dugu askok.

Ez, ez da flexioak egiten ari...

2011-12-30

2012: zabaldu urtea euskarari


Ni euskaraz idazten ari naiz. Zu euskaraz irakurtzen ari zara. Hura euskara ikasten ari da... baina euskaltegian izena emateko epea igarota, bere kasa ikasteko metodo bat ekarri dio Olentzerok: Arian du izena metodoak eta Elkar-en eskutik atera da. Metodo honek ikasleentzako liburua, lan koadernoa eta CDa dauzka, eta laster merkaturatuko dituzte falta diren beste material osagarriak: bertsio digitala eta irakurgaiak.

Arian metodoaren emaitzak ikusteko irrikan nago, eta ez dakit Arian honek gaindituko duen euskara ikasteko Bakarka metodo mitikoa. Nolanahi, ene ustez, metodo hauek guztiak euskara ikasteko osagarri baizik ezin daitezke izan. Nork bere kasa hizkuntza bat ikasteko, ezinbestekoa da sekulako engaiamendua izatea, oso serio hartzea, eta egunero-egunero tarte bat gordetzea ikasteko.

Euskaltegira joateko denborarik ez duten horiek, Arian metodoa erosita, benetan arituko dira ari eta ari, arian ari ikasten egunero-egunero? Batzuk bai, agian, baina nago batek baino gehiagok ez duela laugarren ataletik aitzina eginen, ez baita aski lehen edo bigarren atalak ikastearekin: sekulako konpromisoa eskatzen dute metodo hauek guztiak. Neronek alemana ikasteko ahaleginak egin nituen horrelako metodo batekin... eta gaur egun hitz batzuk baino ez dakizkit alemanez, hasieran aurreikusten nuen mailatik oso-oso urruti.

Gainera, oraingoz, Arian metodoaren lehen maila baino ez dute, A1 mailari dagokiona, euskara ikasten hutsetik hasi nahi dutenentzat alegia; urtero beste maila bat kaleratzeko asmoa dute, hurrenez hurren, A2, B1, B2, eta C1 mailari —EGAren baliokideari— dagokiona.

Ez nuke inor zapuztu nahi: lerrook irakurtzen ari den inork Arian metodoa eros badu, animo! Euskaldunon eginbeharra da euskara ikasten ari denari laguntzea eta animoak ematea. Hortaz Arian ari... euskara ikasi?  

2012...  Zabaldu urtea euskarari!

2011-10-05

Azeri nobleaz



Azeri noblea eleberriaz mintzatu naiz Berriozar Irratian gaur, Berrion magazinean eskaintzen den Literatur Txokoa tartean.
 
Onintza, protagonista, bere bidearen bila dabil bizitzan, eta lagun batekin batera artzain zahar batengana joanak, hortzak eta kakagura tarteko, agure bitxiak “txori ona”, zoriona, erakusten die. Bi animalia agertzen dira Onintzaren bizitzan: arranoa eta azeria; Agustin, unibertsitario sendokote bat, batetik; eta Iker, txikitako amodio galdua, bestetik. Zein da arranoa? Zein, azeria? Hor dago gakoa.

Fernando Morillok ongi garatu du horrela planteatutako istorio hori, eta gazte hizkera sinesgarria garatu du, hitano erregistro ezberdinak eta hitz gorri sinesgarriak baliatu dituelarik. Noizbait sartu badu ere neskato baten ahotan oso sinesgarria ez litzatekeen zerbait, trikimailu bat erabilita ederki sartzen du: “Ba al dakizu nola esango lukeen gure amamak? Zama bat nahi ez mandoari, bi zama”
Hizkuntza zaindu du, beraz, lantzean behin gaitza izanik ere sinestea pertsonaia berak bi esaldiok esan ditzakeenik:

Alde batetik, “Tira, hasteko, zuk ez pentsatu horrek zer nahiko duen. Ispiluari begira eta zuzenean galdetu zure islari”. Bestetik, “Nola jaten da hori?”. 

Halere, arin eta azkar irakurtzen den nobela lortu du, eta, ustez aske gelditutako hari zenbait, ederki txirikordatzen ditu azken ataletan: horra hor, adibidez, agurearen agertze berantiarra nobela bukatzeko gutxi falta delarik, eskumuturrekoarena…

Idazle ofizioa ederki ikasi du eta garapen narratiboan asmatu du oso luzea zatekeen pasadizoa, bi mutilen arteko lehia piraguetan, a posteriori kontatuta. Hartara, nobela ez da astuna egiten. Egin duen bukaera erdi-ireki horrekin ere asmatuko duelakoan nago; happy end erraz batek hondatuko zukeen nobela, ene irudikoz.

Labur esanda. Ongi biribildutako lana, 15-16 urteko neskentzat oso aproposa. Ongi funtzionatuko duen ala ez? “Patuak eta gogoak esango din.”  

2011-03-03

Tila lasaigarria da, baina ez TILA

Ingeles irakaslea izanik, nekez sinets liteke ingelesaren kontra nagoenik. Ni ingeles irakaslea naiz lanbidez eta, zertan ukatu, ingelesaren irakastearen aldekoa naiz. Izanez ere, hizkuntza oro ikastearen eta irakastearen aldekoa nauzu. Irakatsi bai, baina ez edonola.

Nafarroa Garaian, erabaki politiko zehatz batzuen ondorioz, TILA izeneko eredua ezarri dute hainbat eta hainbat eskolatan. TIL sigla horien ordaina, euskaraz, Hizkuntzen Trataera Bateratua da, baina inork gutxik baliatzen du. Beraz, joko handia ematen du esateak: hurrenez hurren, “tila” TILA eta “tilde” TILD. Hitz jokoak eta zirtoak, aise.

Tamalez, gaur egun ez dago behar adina ingeles irakasle kualifikaturik hori aurrera eramateko. Eta tamalez badiot, panorama ezagutzen dudalako diot. Ildo horretatik, hainbat urtez ingeles irakasleen irakasle izan den Richard Weyndling-ek agerian utzi du egoeraren larria.

Bestalde, euskarazko D ereduan irakasle gehien-gehienak EGAdun dira, eta EGA da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C1 mailari dagokion baliokidea. Nekez esan daiteke berdin ingelesa irakasle anitzen mailaz. 139/2009 Foru Aginduan ezartzen dira ingelesez irakasteko behar diren hizkuntz betebeharrak, baina, lege horrek daukan bigarren xede gehigarrian salbuespenak agertzen dira... Hor dago zirrikitua maila nahikorik ez duen hainbat irakasle sartzeko, "programen beharrak direla eta eta hala komeni denean". Salbuespena ohitura bihurtu ote da? Eta horra hemen denok buruan dugun kezka: Nola irakatsiko dute ingelesez maila on-ona izan ezean? Nekez!

TILAn, finean, ikastorduen erdia –gutxienez 14 saio- espainolez emanen dute, (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 401/2009 ebazpena) eta ingelesa ohiko saioez gain, ikasgairen bat(zuk) –zehaztu gabe oraindik- ingelesez. Baina irakasgai bat(zuk) emanda -edo irakasgai horren erdia ingelesez emanda- hori al da programa eleaniztuna? Hori txapuza bat da, hori baizik ez.

Horren adierazgarri, duela hiruzpalau aste Berriozarren PSNk antolatutako hitzaldi bat: La Educación multilingüe izeneko afixa ikusi ahal izan genuen… gaztelania hutsean. Itxurak egiteko bederen, bazuten jartzerik “Hezkuntza eleaniztuna” eta Multilingual Education. Baina ez. PSNkoentzat eleaniztuna gaztelania hutsez iragartzen da. Ez nintzen izan PSOEko parlamentari den Arraiza andereak emaniko hitzaldian, baina lepoa eginen nuke hitzaldi osoa gaztelania hutsez izan zela. Hori al da "hizkuntzen trataera bateratua"?

Hizkuntzen irakaskuntzan adituak direnek gaztigatu digute: hezkuntza munduan, lehenago hastea ez da beti hoberena. Ume txiki-txikienekin aritzeko, gainera, irakasle natiboak izanen lirateke egokienak, ikasleek ahoskera onena lortze aldera. Baina ez dago irakasle ingeles natiborik horretarako…

D ereduetan bai, irakasle natibo -euskaldun zahar- asko daude, eta alfabetaturik, EGAdunak. Itsasoan urak arraina nola, hala behar du hizkuntzak inguratu ikaslea murgiltze eredu batean. Eta horregatik ikasten dute euskara D ereduan, nahiz eta etxeko hizkuntza ez izan.

Oroz gain, D ereduko eskoletan urteak eta urteak daramatzate lanean: zenbaitetan, 30 urteko esperientzia dago. TILA, aldiz, enpirikoki frogatu gabe dagoen eredu bat da, curriculum espezifikorik ere ez duena, eta hainbat eta hainbat erabaki garrantzitsu hartzea ikastetxearen esku geldituko da.

Kontuak ez da saio kantitatea handitzea, baizik kalitatea. Ingelesa, beraz, bai; baina ez edonola! Erabaki politikoak izan dira erabakigarriak, ez didaktikoak. Tila lasaigarria da, baina ez TILA.

Horiek horrela, nire seme-alabak D ereduan daude apuntatuta, aukerarik onena delako. Berdin pentsatu dute hainbat eta hainbat gurasok: 52 ume D ereduan Berriozarko Mendialdea Eskola Publikoan; 39, berriz, TILAn.