Hilaren
22an euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta
euskaraz bizitzeko eskubidea
babesteko,
manifestazioa
Iruñean. Yolanda Barcenas eta Robertico karramarroa
ez dira joanen, kontu ziurra da. Aitzitik, urlia, berendia eta sendia
Antoniutti parkean egonen dira; holakoa, harakoa eta bestelakoa ere
bai; honakoa, harakoa eta haratagokoa ere izanen dira han bost eta
erditan.
Euskalduna
naiz eta haserre nago, baita harro ere. Ez dut erasoen zerrenda luzea
errepikatu behar, baina mutu nahi gaituzte, muturtuta eta zapuztuta,
bistan da; horregatik Nafarroa Garaiko euskal komunitateak erantzun
bateratua, irmoa eta bizia eman beharra du. Euskaltzaindiaren arauen
arabera “ehundaka” ez gara bilduko, baina bai ehunka edo ehunaka,
areago, nik erranen nuke “zientoka” edota milaka bilduko garela,
erantzun tinkoa eman behar baita: beharra, eragile on.
Paul
Auster idazle amerikarraren Brooklyngo
erokeriak
liburuaren zati bat parafraseatuz, “ona
da titulua arranditsua izatea, irakurlea esnatu eta kasu egin dezan
eragiten baitu horrek”. Bada, honaino heldu bazara, irakurle, mila
kilo zorion, goiko izenburu deigarri horren azpian gordetzen dena
agerian uzteko tenorea heldu baita. “Elkar ikusiko dugu” esan
zuen irakasle batek euskaltegi batean eta, kontatu didatenez, A1
mailako ikasle batek galdetu zion ea nor zen “elkar” hori...
Larunbateko manifestaziora “elkar” hori bera ere agertuko da. Eta
zu ez, irakurle?
Ezkaba eskola publikoan ere, euskararen alde!
No comments:
Post a Comment