Atzo, Valentziako aireportuan, 32 graduko
tenperatura “jasanezina” pairatzen ari ginelarik, Bubisher-en
blogaren bidez, Ez da humanoa testua irakurri nuen. Saharako
errefuxiatuen kanpamentuetan 60 graduko tenperatuta zutela irakurri
nuen.
60 gradutan, saharar zaharrenak eta jaio berri
anitz hil dira honezkero. Eta Saharako egoeraren larria ezagututa,
neure buruari galdetzen diot ea merezi duen guk jarraitzea Sahararen
aldeko Bubisher proiektua sostengatzen, errefuxiatuen kanpamenduetako
liburutegiak laguntzen. Den-dena bertan behera uzteko gogoa ematen
du-eta! Sahararrek deserrian 42 urte daramatzate-eta, dena hankaz
gora jartzeko gogoa ematen du. Sahararren aberria, Mendebaldeko
Sahara, lehorra eta beroa izanik ere, itsasaldeko lurralde oparoa eta
emankorrra ere bada. Aitzitik, Arjeliak utzitako hamada infernu
hutsa da, eta inork ez du merezi bertan bizitzea, ezta eskorpioiek
ere.
Halere, poliki hausnartuta, laguntzen jarraitzea
merezi duela ondorioztatzen dut, bai merezi duela sahararrek lur
mortu horretan bertan jarraitzen dutelarik: merezi du liburutegiak
eraikitzen jarraitzea, jarduerak antolatzen eta maitasunez betetzen,
eta sahararren esku uzten euren geroa erabakitzen, euren bidea
egiten, hartzen duten bidea hartzen dutela. Izan ere, kultura hori
ere bada, nork bere babuz erabakitzeko gaitasuna izatea, mundua
ezagutuz, mundua den bezain injustua badarik ere.
Konformatzen naiz jakinda Mar Benegas-en
gonbidapenari esker El niño de luz de plata liburuaren ia-ia
ehun ale sartu egin ditugula ia-ia umeren bizkarzorroetan. Eta
liburu horiekin jarduerak eginen dituzte, Valentzian ez ezik bertze
hainbat tokitan ere, beti Bubisher zabaltzen laguntzeko, lur mortu
batean bada ere. Gaizki sentitzen naiz; nazkaz eta amorruz
gaixoturik. Baina Nuno Marçal-ek dioenez, geureari eutsiko diogu,
tinko eutsi ere, eta ez dugu sekula etsiko. Uste dut une honetan ez
dagoela beste irtenbiderik: aitzina.
Gonzalo Moure idazlearen artikulu hau jatorriz argitara eman da Bubisher proiektuaren webgunean.
Gari Berasaluzeren argazkia