2018-10-04

Liburuaren historia ttipia

Gizakiak idazketa asmatu zuenean, material hauskorrak erabiltzen zituen; adibidez, buztina,  hezurrak, oskolak, keramika zatiak... Gainera, material hauskorrak izateaz gain, ez ziren erosoak biltzeko edo gordetzeko. Egiptiarrek papiroz egindako papera asmatu zuten, eta horri esker idazketa garatu ez ezik, liburuak eta liburutegiak ere sortu ziren. Garai horretan liburuak ez ziren gaur ezagutzen ditugun bezalakoak, biribilkiak baizik, eta saskietan, keramikako pitxerretan, kutxetan eta armairuetan gordetzen zituzten; biribilki horiei bolumena deitzen zitzaien. Liburutegia hitza grekoz biblioteka esaten da, eta jatorrian papirozko biribilkiak biltzeko armairua zen

Erromatarren garaian agertu ziren lehenengo liburudendak eta liburutegia publikoak.Ospetsuena, K.a. IV. mendean Ptolomeo I.ak eraikitzen agindu zuena,  Alexandriako liburutegia izan zen. Esaten zen liburutegi horrek mundu osoko zinetzilari eta idazle guztien liburuak gordetzen zituela.

Baina papiroa lortzea gero eta zailagoa bihurtu zen, eta Erdi Aroan bildotsaren azala erabiltzen hasi ziren, hau da pergaminoa. Material hori ez zen papiroa bezain hauskorra, eta azala zenez, josteko aukera zegoen. Azal batzuk jostea bururatu zitzaien eta, azal bakoitza orrialde bat balitz bezala, gaur ezagutzen ditugun liburuen antzekoak sortu zituzten, kodex edo kodizeak izenekoak. Garai honetan ere kodizeak ilustratzen hasi ziren.

Liburuak eskuz idazten ziren, eta lan hori hasieran monjek eta sororek egiten zuten monasterioetan; monasterietan liburutegi handiak ere bazeuden. Liburuak eskuz idazten zirenez gero, oso liburu gutxi zegoen, eta, beraz, oso baliotsuak eta garestiak. Liburuak altxor baten parekoak ziren.



Arabiarreri esker, X. mendean paperaren erabilera zabaldu zen, eta, hortaz, liburua ere gizartera zabaldu egin zen. Papera egitea merkea zen, liburuak arinagoak ziren eta paperean errezago idazten zen.

XIII. mendetik aurrera liburuak ez zituzten idazten bakarrik fraileek eta sororek, eta gaiak ez ziren bakarrik elizari lotuak, liburu zientifikoak, poesiazkoak eta abenturazko liburuak ere hasi ziren idazten.

Inprentaren asmakizunari esker, gero eta jende gehiagok izan zuen aukera liburu bat erosteko eta irakurtzeko. Hori XV. mendean gertatu zen arren, XIX. mendean, inprenta mekanizatu zenean, liburuak benetan merketu ziren eta edonork izan zuen liburu bat erosteko eta irakurtzeko aukera.