2019-04-27

Hatsegin (sic) dugu Hatsa



Hil honetan eman berri da argitara aurtengo Hatsaren poesia bilduma. Maite dugu Hatsa. Hatsegin (sic) dugu Hatsa. Izan ere, olerkari anitz eta askotarikoak biltzen dituen bilduma da, urterik urte ateratzen dena, hutsik egin egin gabe azken hogeita bat urteotan. Iragan den mendeko azken urtean sortua izanagatik, XXI. mendeko euskal poesiaren lagin ezinbertzekoa bihurtu da, urteen poderioz, Hatsa bilduma. Urte oro, ehun olerkari baino gehiagok bina edo hiruna olerki igorrita, mende honetako euskal poesiaren erakusgarri aparta sortzen da. Eta hor dago aurtengo liburuaren azala, Mattin-en marrazki bat oraingo honetan, ohiko argazkia bazter utzita. Eta barruan, olerkiak. Horietarik bat, hauxe:

Olerkariok ez omen dugu
inorentzat idazten
ezpada mahatsondoetako antxetentzat.
Dantzan suelto ikasi dugu
ekinaren ekinaz,
atzeak erakusten baitu
nola idatzi aurrea.
Eta hurrena?
Hurrena, hur-hurrean,
mahatsondoetako antxeta urrunak,

xede hartuak.

Izan ere, poesia idazten dugunok beti izan ohi dugu zama erantsi bat, alegia, norentzat idazten dugun, poesia jende gutxik irakurtzen baitu. Mikel Balentziaga lagunak badu argitaratu gabeko poema-bilduma bat, Mahatsondoetako antxetak izenekoa, eta niri beti begitandu zait ederra dela irudikatzea olerkariok irudimenezko mahatsondoetako antxeta batzuentzat idazten ditugula gure olerki ttipiak.

Olerki hori aurtengo Hatsaren poesia bilduman argitaratu da; aurtengo bilduman, ehun eta hogei olerkarik parte hartu dugu... Hatsegin (sic) dugu Hatsa!



2019-04-06

M1ekoLak

Gaur arratsean pasatuko da Korrika Ezkaba mendiaren magaletik. Bart, honen atariko eta Korrika kulturalaren baitan, Minutu Bateko Eleak ekimena egin genuen Berriozarko Herria ostatuan, ohi den gisara.

Ekitaldi xumea bada ere, badu bere xarma, eta atzo dozena bat lagun baino gehiagok parte hartu genuen, mikrofonoaren aitzinean nork bere testua -maileguan hartua edo espreski sortua- irakurtzeko. Testua, izenburuak berak agintzen duenez, ezinbertzez laburra, minutu bat baino luzeagoa ezin baita izan!

Duela hamar urte abian jarri genuen ekimeneko argazkiak ikustean, hor agertzen zaigu Pello Uharte Orotz zena, guretzat lagun eta eredu, maisu eta burkide, baita bertze lagun zaharrak ere ere, gaur egon ez direnak...

Nik atzo olerki ttipi hau egin nuen:


Zurekin izandako
une goxoak
marmol-harrian behar ditut zizelkatu,
eta zurekin izandako
haserraldi gorriak
hondartzaren harean
behar ditut zirriborratu,
olatu harrotuek azkar
ezaba ditzaten.





Liburutto batean bildu dira testuak eta bost euroan salgai jarrita, lortutako dirua Korrikari laguntzeko bideratuko da.


Gora Euskara, gora Korrika eta gora Berriozar!