Hegoaldean festa egun batzuk ditugula profitaturik, nire lankide bat Londresera joan da. Inbidiatan ibili naizela ez dut ukatuko, baina norberak bere baldintzak -eta subjuntiboak- bizi dituenez, nik ingelesezko liburu bat irakurtzearekin konformatu behar izan naiz. Bai, badakit ez dela gauza bera...
Eskuartean daukat Iruñeko Auzolan dendan aspaldi eta lau txakur txikitan erositako eskaintza polit bat: Sherlock Holmes,
The Complete Facsimile Edition, jatorrizko istorioak
Strand aldizkarian bertan argitaratu ziren marrazki zoragarriekin lagunduta.
Eskuartean daukat Sir Arthur Conan Doyle-ren liburu hori eta gogoa doakit liburua estreinako irakurri nuen garaira. Gazte eta berde nintzen garaian, ingelesez irakurtzen nuen gauez etxeko nire ohean, harik eta aita jaiki eta purrusta egin arte.
“Itzal ezak argi puta hori behingoz; argindarra gastatu, besterik ez duk egiten eta. Bihar goizean irakurriko duk, egun argiz,
dedio!" Trapuketari zen aita bizibidez, eta 13.000 pezeta kobratzen zuen hileko; semeak zer irakurtzen zuen inporta ez zion arren, ezin zuen eraman dirua gastatzearen –haren hitzetan alferrik xahutze-aren– zama.
Gogoa joan zait gazte eta berde nintzen garaira liburua berriro zabaltzean, eta azpimarratzen nituen hitzak, ulertzen ez nituen hitzak, berriz ikusi ditut: “
woe” eta “
groove”, eta hainbat eta hainbat hitz. Orduan ez nituen hitz horiek ezagutzen, eta orain... ere ez. Seinale txarra: nekiena eta dakidanaren arteko tartea murriztu ez deneko seinale. Lehen bezainbeste –edo lehen bezain gutxi- dakit orain ingelesez. Eta jadanik ez naiz ez gazte, ez berde. Baina hori nabaria da, agerikoa; Sherlock Holmesek berak esango lukeen gisara: “Elementala, Watson maitea.”
Ala ez, zeren, egia esatera,
blog honetan bertan aipatu nuen gisara, Sherlock Holmes-ek ez zuen sekula esaldi hori esan...