Gazte eta berde nintzelarik artean gurasoen etxean bizi nintzen,
ohean nengoen gau batean etxeko telefonoa hoska hasi zen. Ama nire
gelara etorri zen dei hori niretzat zela esateko. Erdi-lotan nengoen
ordurako, eta, gainera, amak gogo txarrez zera bota zidan erdeinuz:
“Uno de esos amigos tuyos, que te pongas...” Ederki daukat
iltzatua gogoan logelatik pasabidearen erdirainoko ibilbidea baina,
—memoriaren kapritxoak
zer diren—, ez dut uste
inolako igurikipen beltzik edo asmo ilunik zebilkidanik buruan.
Haatik, ederki daukat iltzatua gogoan gelatik pasabidearen erdian
zegoen telefonorainoko ibilaldi laburra, oraindik ere begiak itxita
egin nezakeena, hogeita bost urte iragan diren arren. Eta ederki
daukat iltzatua gogoan amaren etxeko telefono txuri hura, Góndola
modelokoa, zenbakiak markatzeko disko biragarria barrualdean
ezkutatzen zuena... sekulako modernidadea garai horretan, alegia.
Aurikular txuria hartu, eta belarrira eramanda galdetu nuen: “Bai?”
Ederki daukat iltzatua gogoan lagun horrek esandakoak sortu zidan
zirrara, bizkarrezur osoa zeharkatu zidana. “Josu Muguruza hil dute
Madrilen, eta Iñaki Esnaola zaurituta dago. Ba al duzu egoitzaren
giltza?” Buruan zorabio moduko bat nabaritu nuen lehenbizi, eta zer
esan ez nekiela gelditu nintzen gero. Mekanikoki erantzun nion ezetz,
nik ez neukala giltza. Egia zen, ni oinarrizko militantea bat baizik
ez nintzen eta... Aunitzetan galdetu izan diot neure buruari zergatik
pentsatuko zuen lagunak nik egoitzaren giltza izan nezakeenik...
Lagunak “Bale, lasai” esanda eskegi zuen, eta ni dardarka itzuli
nintzen nire logelara urratsez urrats. Orduan “¡Ya está bien!
¡Qué horas son estas de llamar a una casa!” hasi zitzaidan
aita bere ohetik purrustaka, ni izuaren eskutik logelara itzultzen
ari nintzen bitartean. Aitaren hitzekin nahasturik, Josu Muguruzaren
irudiak eta erreferentziak trumilka zetozkidan burura, eta
amorrazioaren harra hasi zitzaidan esnatzen “Déjalo, Teófilo,
déjalo” nire amaren ahotsarekin batera. Ohera sartuta eta argia
itzali gabe egon nintzen, eta 5 urte lehenagoko oroipen batzuk
etorri zitzaizkidan burura, GALekoek —”Galgoak
txakurrak dira”, zioen grafitiak”—
5 urte lehenago Santi Brouard hil zutenean Iruñeko Kale Berriko
egoitzara joan bainintzen arratsalde hartan, eta niretzat eredu eta
buruzagi ziren kide batzuen nagarrak betiko sartu zitzaizkidan
gogoan... Eta 5 urte iraganda, Josu Muguruza ere hil dutela! Baina
Madrilgo Kongresuan parte hartu behar zuten biharamunean! “Ostia!
Azaroak 20. Frankoren heriotzaren urteurrena... eta Primo de
Riverarena! Data honetan izanda, Estatuak faxistei egoitziko zien
ekintza eta eskuak garbituko”; oso garbi izan nuen irudipen hori
hasieratik beretik... Baina zergatik Josu Muguruza? Hor zeuden,
besteak beste, Txillardegi fundatzailea, eta Bergarako Elkoro,
eta Toreroa —Irígoras—);
baina Josu Muruguza hil zuten! Hori oso arraroa zen, Josu Muguruza ez
baitzen han ezaguna. Egin-en horren zorrotz idazten duena Josu
Muguruza zela jakin banekien nik, Iratzar, Zohardia atala
zen egun batetik bestera linea politikoa markatzen zuena; banekien,
halaber, ASKtik zetorrela, preso egonda zela... eta, egia esan, ez
askoz gehiago... Behin ikusia neukan mintegi batean, baina ez nuen
berarekin hitzik egin... HBko kideen aurkako eskutitz-bonben garaia
zen, eta gerra zikina pil-pilean zegoen. Aste batzuk lehenago,
Goardia Zibilak Manu eta Txilibita etakideak tiroz hil zituen mugan,
eta Madril Komandoak Auzitegi Nazionaleko fiskala zartatu zuen...
Berunezko garaiak. Arjel-eko negoziazioen porrotaren ordaina. Gau
horretan ez nintzen etxetik atera. Azaroak 20 izanik, ez zen oso
zuhurra, Iruñeko zona nazionalean bizi nintzela kontuan hartuz, eta,
zertan uka, beldurrak nengoen. Izan ere, Kale Berriko egoitza itxita
bazegoen, nora joan ordu horietan? Hobe zentzuz jokatu eta indarrak
bildu biharamunerako. Baina gau horretan denbora luzea eman ohean
begiak bildu ezinik; ez zegoen Internetik, ez mugikorrik, ez
whatsappik... Orduak eman nituen une hartan neuzkan datu
urriei hamaika buelta emanez, eta laster izuari beste sentipen bat
hasi zitzaion lekua hartzen: amorrazioa. Noizbait lokartu nintzen,
eta irudi danteskoz betetako gaua iraganda, trenpu txarrean esnatu
nintzenean, beldurraren ordezko bat topatu nuen nire ohean:
amorrazioaren harra zen, amesgaiztoz betetako gau luze horretan zehar
gizendua, eta goiz horretako harrak amorrazio gorria zuen izena.
Amorrazio gorri hori bidelagun izan nuen Josu Muguruza hil eta
ondorengo egunetan. Harrazkero, gazte izaten jarraitu nuen, baina ez
horren berde; gorriagoa bilakatu bainintzen. “Gerra zikina,
Estatuaren ezina”, zioen beste grafiti batek. Hori guztia euskal
memoria ere badelako.
Mende laurden bat iraganda, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil
zituzten data berean Espainiako —eta
hemengo— komunikabideek Albako Dukesa goraipatuz talaka
gogaikarria ematen dute panegiriko barregarrien bidez.
Ilegalizazio-urteen basamortu luzea gurutzaturik, Santi Brouardek eta
Josu Muguruzak pozik ikusiko lukete Ezker Abertzale indarberituak
emandako jauzia, esperantzaz betetako garai honetan gehiengo berriak
erdiesteko bidean gaudelarik; Josu Muguruzari ez zioten utzi senatari
akreditazioa eskuratzen, eta 25 urte iraganda ezker abertzaleko
kideok ez dugu soilik parte hartzen instituzioetan, instituzio horiek
eskuratzeko eta gobernatzeko borrokatzen gara, instituzio horiek
iraultzeko, Santi Brouardenak, Josu Muguruzarenak, eta gure helburu
estrategikoak diren Independentzia eta Sozialismoa lortzeko bidean,
indarrak biltzeko fasean gaudela badakigularik. Eroriz eta eroriz
ikasi dugu oinez ibiltzen, eta urratsez urrats aitzina goaz, engoitik
hasiak gara bidea egiten irabazi arte. Eta horregatik “Gure
omenaldirik onenea, garaipena” egiten du aldarri grafiti zahar
batek, gaur egun oraindik ere, Iruñeko kale kantoi batean.