Kanikosen eleberri labur bat da, Takiji Kobayashi idazlearena. Ozenki errepikatzen baduzu "
kanikosen, kanikosen, kanikosen", onomatopeia horrek eramanen zaitu arrantza-ontzi japoniar batera, duela laurogei urte karramarroak biltzen zituen arrantza-ontzi japoniar batera, eta Errusia eta Japoniaren arteko itsaso hotzera eginen duzu jauzi, arrantzale, galdatzaile eta marinelen artera:"Infernura goaz". Horrela hasten da eleberri labur hau.
Hakko Maru aranntza-ontzian egonen zara, Asakawa ugazabaren ankerkerien lekuko.
Langileen zapalkuntza gordinaren erakusgarri, arin eta azkar -bi arratsaldetan- irakur daitekeen eleberri honek sekulako arrakasta izan du azken urteotan Japonian, batez ere, gazteengan: fenomeno oso bat da. Argitaratu zenean, 1929an, arrakastatsua izan zen eta, egun, Japoniako literatura klasiko bat da. Luzemetraia bat ere egin zen berrogeita hamargarren hamarkadan. Baina, batez ere orain, krisi garaian, berpiztu da "
Kanikosen fenomenoa" eta azken bi urteotan
Kanikosen eleberriaren 1.600.000 ale saldu dira Japonian. Gainera, beste luzemetraia bat,
remake bat egin dute, baita
manga bat ere.
Arrakasta horren haritik argitaratu dute gaztelaniaz duela sei hilabete eskas
Ático de los libros argitaletxean... Ederra litzateke euskaraz irakurri ahal izatea liburu hau, fenomeno honetatik at ez gelditzeko, eta, batez ere, Takiji Kobayashi ekartzeagatik euskal letreetara, Yukio Mishima, Yasunari Kabawata eta Haruki Murakami ekarriak izan diren gisara.
Takiji Kobayashi egilearen inguruan ezin aipatu gabe utzi garesti ordaindu zuela bere engaiamendua: behin baino gehiagotan atxilotu zuten, Japoniako Idazleen Elkarteko idazkaria izanik ere. Errepresioaren hatzaparretatik ihes egin nahian, 1932an, ezizen bat baliatu behar izan zuen argitaratzen jarraitzeko. Tamalez, langileen mugimenduan infiltratutako sator batek salatua, 1933ko otsailaren 20an atxilo hartu, jipoitu, eta bortizki torturatu zuten. Biharamunean hil zen, hogeita bederatzi urte zituelarik.