2017-02-21

Joakin Lizarraga XXI.mendean

Joakin Lizarraga idazlea Elkanon jaio zen, 1748ko irailaren 17an, Migelena etxean, Eguesibarko etxe aberatsenetako batean. 






Iruñean eta Valladoliden ikasi zuen jesulagunekin, eta Donostian apaiztu zen 1771n. Loiolatik sorterrira itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikario kargua hartu, eta bertan eman zuen bizitza osoa, apaiz 63 urtez. Elkano, berez, Iruñetik gertu dagoen herri txiki eta lasaia da, eta garai hartan ere halakoa zen. Herriko bakea Penintsulako Gerlak urratu zuen, batez ere 1813. urtean. Izan ere, Lizarraga bera hiltzeko mehatxuak jaso eta bere ondasunak bahitu zizkioten. 1835eko urtarrilaren 20an, 86 urte zituela, sortetxean bertan hil zen, eta Elkanoko elizan bertan lurperatu zuten.




Joakin Lizarraga da, kopuruaren aldetik, euskaraz gehien idatzi duen euskal idazlea: 5.000 orri baino gehiago. Diotenez, Elkanon bertan, etxe zahar baren horma bat botatzean, bertan aurkitu zituzten idazki horietako anitz, XVIII. eta XIX. mendean Iruñerrian mintzo zen euskalkian idatziak, Hegoaldeko Goiz-Nafarreraz: predikuak, katiximak...

Sermolari eta idazle oparoa, herritarren eta beste apaizen beharrez ohartuta, prediku guztiak euskaraz idatzi zituen, eta erlijio-liburuak euskaratzen izugarrizko lana egin zuen. Hartara, Joakin Lizarragak ez ezik, bertze apaiz anitzek baliatu omen zituzten.

Egun, Joakin Lizarraga izena Sarrigurengo Eskola Publikoak darama, Eguesibarren, apaiz idazlea jaio, bizi eta hil zen etxetik ez sobera urrun. Bete-betean asmatu dute eskola berri honi Joakin Lizarraga izena jarrita, Elkanoko idazleak ez baitzuen artean horrelakorik. Aitor dezadan, duela hamar urte baino gehiago, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ) sortzeko prozesuan neronek proposatu nuela Joakin Lizarraga izena jartzea, baina garai horretako Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbiztuko arduradunek ez zutela nire proposamena aintzat hartu; arantza bat nuen, eta Sarrigurengo Eskolari izen hori emanda, arantza hori erauzi egin dut, zorionez.

Zorionak, bidenabar, Joakin Lizarraga Sarrigurengo eskola publikoko irakasle eta gurasoei, bukatu berri den aurrematrikulazioan 126 ume apuntatu direlako —iaz baino 25 gehiago—. Dudarik ez dut, Joakin Lizarraga izena daraman eskolan seme-alabak apuntatu dituzten gurasoei ez zaie damutuko. 

2017-02-12

Si non caste, saltem caute

Carabinieri horiek harrituta gelditu ziren Andrea Contin apaizaren etxea arakatu zutenean: bibradoreak, zartailuak, kateak, emakume-lentzeria lizuna, baita emakume bota txuri berezi bat ere, takoi altukoa. Apaiz baten etxeak baino, sex shopa zirudien. Ustegabea are handiagoa izan zen Paduako komisaldegian Andrea Contin apaizaren etxetik hartutako bideoak ikusi zituztelarik: aita-santu izenak zituzten bideoak izanik ere —Joan Paulus II, Benedictus XVI eta beste— etxean egindako pornoa zen. Italiako Fiskaltzak publiko egin duen auzibidearen atalean agertzen diren zehaztasunak, likits eta lohiak, agerikoak dira.

On Andrea apaizari sexu-jokoak eta pornoa ez ezik, luxua ere gustatzen zitzaion, jatetxe on garestietako oturuntzak, eta Cap d’Agde-era joatea noizean behin. Cap d’Agde-k, Marseillatik hurbil dagoen turismo-gune handiak, ospe handia du: alde batetik, hondartza nudistak direla zio; bestetik, bikote-trukaketa klubak direla kausa.

Apaiza Jaguar gorri batean joaten zen horietara, ederki lagunduta, eta bikote-trukaketa horietan, sexu jolas moduan, hirugarren pertsona batekin sexu harremanak izatean Andrea Continek apaiza zela ezkutatzen zuen —horrek piz lezakeen morboa profitatu gabe— eta abokatutzat jotzen zuen bere burua. Paduara itzulita, Jaguar gorria bere gurasoen etxean ezkutatzen zuen; San Lazaro parrokiako eliztarrek ez zuten zertan jakin Jaguar gorri bat bazuela, nekez azal zitekeena kontuan hartuta apaiz baten soldata 1.050 eurokoa baino ez dela.

Erregeak ez du zaldi ainitzen jabe izan beharko (Deuteronomioa, 17 16,(...) Ez du emazte ainitz ukanen, haren bihotza desbidera ez dadin, ez du metatuko urre eta zilar. (Deuteronomioa 17, 17) Bistan da, erregeek agian ez, baina apaizek bai.



Ni duela sei urte Paduan egon nintzen, Pisatik Veneziarako bidean, San Antonio eliz ederra ikusteko geldialdi labur bat eginda, gabonetan. Aurtengo gabonetan hitzetik hortzera ibili den auzia San Lazaroko apaizarena izan da. Nik ez nuen ikusi apaiz horren San Lazaro eliza ikusi —San Lazaro berriro ere berpiztuko balitz, bere parrokiako apaizaren balentriak ikusita lotsaren lotsaz hilko litzateke berriz— , baina apaiz hau ez da sexu-jokoetan ibili den apaiz bakarra: Andrea Continek berak grabatutako —eta gero aita-santu izenez etiketatu— bideo porno zenbaitetan agertzen Carbonara di Rovolon elizako parrokoa, Roberto Cavazzana. Apaiz hau, gaztea eta itxura onekoa —George Clooney-ren antzekoa, omen— eliztarrek biziki maite zuten, batez ere, emakumeek.

Bideoak ikusita, Andrea Contin apaizak Roberto Cavazzana apaizarekin amorante batzuk partekatu omen zituen... Emakume horietako batek egindako salaketari esker zabaldu da auzia; lehenago, Paduako eliz-agintarienaga jo baina ez zioten kasu handirik egin, eta horregatik jo zuen Carabinieri-engana; “Emakumeak goiz eta arratsaldez ibiltzen ziren apaizarekin” salatzaileak esan zuenaren arabera... 15 emakume prostituziora bultzatzeagatik akusatua izan daiteke... eta badira zonaldeko beste bi apaiz ere ikerketapean daudenak.

Paduako eskandaluaz eta beste hainbat auzitaz galdetuta, Conferenza Episcopale Italianako idazkari nagusia den Nunzio Galantinok aitortu zuen “apaiz zenbaiten jokaeragatik sufrimendua eta lotsa bazela, baina Eliza ez dutela ordezkatzen”

Diskurtso kanonikoa baliatzen dute berez delituak direnak zuritzeko. Izan ere, on Andrea Continek onartu ditu harremanak izatea emakume batzuekin, bederatzirekin bai; salaketa jarri zion emakumearekin urteak eta urteak oheratu dela ere onartu du, emakume hori jo izana edo beste gizon batzuekin harremanak izatera behartu izana ukatu duen arren. Emakumeak salatu duenez, “apaiz horrekiko harremana zaila zen, berak zeuzkan gustu sexual bereziengatik”.

Apaiz horiek ez badira Elizaren ordezkari, zergatik bidali ditu kanpora, leku seguru eta ezezagun batera eskandalua baretu arte? Hori ez al da balizko delitugile bati ihes egiten laguntzea eta aterpea ematea? Apaiz horiek hainbeste “bekatu” eginda, Elizak deskumika ditzala; gero, utz ditzatela justizia arruntaren esku. Izan ere, Italiako Fiskaltzak egotzitako delituak ez dira nolanahikoak: etxeko indarkeria, dirua bidagabe erabiltzea eta prostituzioa eragitea.

Zelibatuaren arau zahar hori eutsiezina eta sotengaezina da, eta ederki iruditzen zait edonor nahi duenarekin oheratzea, apaiza, moja, apezpikua, gotzain edo aita santua izanik ere... abusatzen ez duen bitartean. Badira kasu ezagun asko: apaiza batzuek harreman normalizatua daramate eta seme-alabak dituzte euren emazteekin. Ez berdin litzaidale apaiz batek gizon batekin ibiliko balitz, besteak ere nahi badu... hor dago gakoa.

Duela urte batzuk idatzitako Deabruen habian banioenez, Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak ez du etenik, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak. Izan ere, Andrea Contin eta Roberto Cavazzana apaizak ez dira salbuespenak... Paduan eta Erroman, Bostonen eta Dublinen, eta badakigu Euskal Herria ez dela salbuespena... Aspaldi sortu zuten Erroman esaera bat: Si non caste, saltem caute: Ezin bazara izan kasto, zuhur jokatu. On Andrearen oturuntzek, orgiek, bideoek eta Jaguar gorriak agerian uzten dute: ez kasto, ez zuhur.