Showing posts with label erlijioa. Show all posts
Showing posts with label erlijioa. Show all posts

2024-09-19

Gesto aldizkariaz, bi hitz

 

Uda amaitzera doa eta Eliza Katolikoak Hego Euskal Herrian banatu duen aldizkari baten berri eman nahi dizuet, gogoangarri, ez eredurgarri, ordea. Uda honetako oparia dakarkizuet Gipuzkoako eliza batean jasotako aldizkari baten azala, honako hau:





Gesto du izena, eta Haur misiolarien aldizkaria, azpititulu. Espainia aldean egiten duten aldizkaria “egokitu” dute atal gutxi batzuk euskaratuz, baita azala ere. Izan ere, azala behar da horrelako marrazkia jartzeko! Han-hemenka Eliza Katolikoaren barruko hamaika pederastia-kasu agertzen direlarik asterik aste, ez zait batere egokia iruditzen neskatilaren atzetik korrika dabilen gizon bat jartzea, bai, badakit, Jainkoa eta gizona aldi berean, “Sinite parvulos venire ad me” esan omen zuena, ezen ez post pueros et puellas. Jesukristo korrikalari? Jesukristo aizun bat irudikatzeak ez dio mesederik egiten Kristautasunari.


Asaldagarria egin zaidan beste kontu bat izan da Erreportaia epigrafepean dagoen izenburu hori, hasieran “Bi ume bakarra baino hobe” begitandu zaidalako, baina, aitor dezadan (d)efektu optikoa izan dela, urrezko dominez ari baitzen; gauzak zer diren... Hor ere, Urrezko bi, bakarra baino hobe izenburua agian argigarriagoa zatekeen. Ongi letorkioke, bidenabarkoan, gutxienez zuzentzaile ortografikoa erabiltzea, Parixeko Jokutan (sic) bezalako akatsak, barkagarriak ahoz baina ez idatziz, zuzentze aldera.


Izan ere, atal zenbait euskaraz egonik ere, begi-bistakoa da gaztelaniaz mamitutako eta Espainian egindako aldizkaria dela, eta duda mendrenik ere nehork izan ez dezan, azalaren ezkerreko Espainiaren bandera dugu, azal osoan bereizten den bandera bakarra. Eliza Katolikoaren aldizkaritxoak argi erakusten du nazionalismo espainolaren tresna bat dela ume euskaldunak doktrinatzeko fede katolikoan eta, bide batez, espainoltzeko. Baina Espainiaren ikurra ez ezik, Frantziarena ere badugu: Eiffel dorrea, Frantziako nazionalismoaren sinboloa begi-bistan, gure Euskal Herria bitan zatikatzen duten nazio okupatzaileen sinboloak azalean. Gesto aldizkariak euskarazko testu zenbait bai, baina, xede eta helburu, nazionalismo espainola eta frantsesa sustatzea eta bultzatzea Joko Olinpikoen aitzakiatan.


“Nire erresuma ez da mundu honetakoa” esan omen zuen Jesusek. Gesto aldizkari hau behintzat, ez da Euskal Herrikoa, ezta garai honetakoa ere, testuei darien kutsua ikusita. Nire lagun batek, kristaua eta abertzale zintzoa berau, Eliza Katolikoarekin obsesionatuta nagoela dio. Gesto aldizkaria ikusirik eta nihaur ateo izanik haserratu banaiz, kristaua eta abertzalea banintz, suminduta egonen nintzateke.



2021-11-18

On Santosen itzalaren luzea

 

Obanosen irakasle ibili nintzen urteetan, iragan den mendeko azken hamarkadan, On Santos Begiristain apaiz-pistoleroa bizirik zegoen artean. Ohean gaixorik, ezin bizi eta ezin hil, iloba zahar baten zaintzapean eman zituen azken egun eta gau luzeak; beste mundua badenik sinetsita, zain izanen zituenaren beldur, antza, agonia luzatu zen luzatu, haren osasun egoera txarraren oihartzunak eskolara ere heldu zirelarik.

 

Eskola txikian nirekin batera beste bi maistra zeuden, horietarik bat Azagrakoa, eta On Santosen balentziak nik baino hobeki ezagutuko zituen, segur aski. Eskola unitarioa zen, eta Obanosko ume guztiak hiru gelatan zeuden banatuta: “Txikiak” (Haur Hezkuntzakoak), “Ertainak” (lehenengotik hirugarren maila bitarte) eta “Handiak” (laugarrenetik seigarren maila bitartekoak). Gainera, astean bi egunetan etortzen zen On Pedro Crespo apaiza, Erlijio (katolikoaren) eskolak ematera... baina hori beste kontu bat da.

 

Nolanahi, On Santos Begiristain, itzal handiko apaiza, ezin duin bizi ezin lasai hil, ez omen zen ordurako ohetik jaikitzen ahal, baina haren itzal luzeak pisu handia zuen artean herrian. Laudorioak eta losintxak nagusi On Santosen izena aipatzeko tenorean: Erroman ikasia zela, Teologian doktorea zela, Obanosko misterioa zela, Virgen de las Nieves baselizaren sustatzaile zela edo Xabierraldia zela eta.

 

Azkenean, On Santos hil egin zen eta handik gutxira San Juan Bataiatzailearen elizaren ondoko frontoian, (gaur egun zaharberritua) tindaketa bat agertu zen: “Santos Begiristain hiltzaile!”, herrian hautsak dexente harrotu zituena, ekintza horren oihartzunak ere eskolara heldu zirelarik, eta euskaraz egina egoteagatik susmo txar guztiak euskara irakasle honengana bideratzeko balio izan zuena. Entzuteko modukoak izan ziren batzuk, espantuka, horien ustez On Santosen izena ona zikintzeko egindako ekintza guztiz kondenagarri horren kontura, burugabe baten edo lotsagabe baten ekintza zela, agian aldi berean burugabe eta lotsagabe baten lana, dudarik ez, Obanosko misterioaren antolatzaile nagusiaren izena eta izana laidotzeko egindako barrabaskeria, gauez eta azpikeriaz egina gainera! Izan ere, santu izateko nahiko meriturik egin ez bazuen ere, dohatsu izateko, gutxi falta zaio, batzuen ustez bederen.

 

Baina On Santosen aldeko gorazarreak ez zuen zerikusirik antzerkiarekiko zaletasunarekin, ezkutatu nahi zutenarekin baizik. Izan ere, Obanosen hamasei lagun hil zituzten, eta Errepublikaren kontrako haren sermoiek piztu zituzten gerora erabilitako su-armak eta Azagran egindako hilkintzak; hor ibili zen On Santos, esku batean gurutzea, bestean pistola. Egia mingarria ez ikusteko erabiltzen ziren losintxak eta laudorioak, gaizkilea ongile bihurtuta., On Santosek berak idatzita jaso zuen bezala bere Libro de Actos Civiles delakoan: Han muerto, al peso de la justicia, en los primeros días del Movimiento Nacional Salvador de España mis feligreses: (...) Hotzikara batek hartu nau zerrendaren luzea ikustean Izan ere, Azagran hirurogeita hamaika lagun hil zituzten izen-zerrenda, On Santosen eskutik... eta ez da esateko modu bat.

 

On Santos Begiristainen itzal luzea, bere sotana bezain beltza, hor zegoen, eta haren itzal beltza zuritzeko erretolika gogaikarria apalduz joan bada ere. On Santos Begiristainen itzalaren luzea, oraindik itzali ez dena. Eskerrak gure memoriak ez duen preskribatzen.



2017-02-21

Joakin Lizarraga XXI.mendean

Joakin Lizarraga idazlea Elkanon jaio zen, 1748ko irailaren 17an, Migelena etxean, Eguesibarko etxe aberatsenetako batean. 






Iruñean eta Valladoliden ikasi zuen jesulagunekin, eta Donostian apaiztu zen 1771n. Loiolatik sorterrira itzuli zen, Elkanoko parrokiako bikario kargua hartu, eta bertan eman zuen bizitza osoa, apaiz 63 urtez. Elkano, berez, Iruñetik gertu dagoen herri txiki eta lasaia da, eta garai hartan ere halakoa zen. Herriko bakea Penintsulako Gerlak urratu zuen, batez ere 1813. urtean. Izan ere, Lizarraga bera hiltzeko mehatxuak jaso eta bere ondasunak bahitu zizkioten. 1835eko urtarrilaren 20an, 86 urte zituela, sortetxean bertan hil zen, eta Elkanoko elizan bertan lurperatu zuten.




Joakin Lizarraga da, kopuruaren aldetik, euskaraz gehien idatzi duen euskal idazlea: 5.000 orri baino gehiago. Diotenez, Elkanon bertan, etxe zahar baren horma bat botatzean, bertan aurkitu zituzten idazki horietako anitz, XVIII. eta XIX. mendean Iruñerrian mintzo zen euskalkian idatziak, Hegoaldeko Goiz-Nafarreraz: predikuak, katiximak...

Sermolari eta idazle oparoa, herritarren eta beste apaizen beharrez ohartuta, prediku guztiak euskaraz idatzi zituen, eta erlijio-liburuak euskaratzen izugarrizko lana egin zuen. Hartara, Joakin Lizarragak ez ezik, bertze apaiz anitzek baliatu omen zituzten.

Egun, Joakin Lizarraga izena Sarrigurengo Eskola Publikoak darama, Eguesibarren, apaiz idazlea jaio, bizi eta hil zen etxetik ez sobera urrun. Bete-betean asmatu dute eskola berri honi Joakin Lizarraga izena jarrita, Elkanoko idazleak ez baitzuen artean horrelakorik. Aitor dezadan, duela hamar urte baino gehiago, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa (EIBZ) sortzeko prozesuan neronek proposatu nuela Joakin Lizarraga izena jartzea, baina garai horretako Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbiztuko arduradunek ez zutela nire proposamena aintzat hartu; arantza bat nuen, eta Sarrigurengo Eskolari izen hori emanda, arantza hori erauzi egin dut, zorionez.

Zorionak, bidenabar, Joakin Lizarraga Sarrigurengo eskola publikoko irakasle eta gurasoei, bukatu berri den aurrematrikulazioan 126 ume apuntatu direlako —iaz baino 25 gehiago—. Dudarik ez dut, Joakin Lizarraga izena daraman eskolan seme-alabak apuntatu dituzten gurasoei ez zaie damutuko. 

2017-02-12

Si non caste, saltem caute

Carabinieri horiek harrituta gelditu ziren Andrea Contin apaizaren etxea arakatu zutenean: bibradoreak, zartailuak, kateak, emakume-lentzeria lizuna, baita emakume bota txuri berezi bat ere, takoi altukoa. Apaiz baten etxeak baino, sex shopa zirudien. Ustegabea are handiagoa izan zen Paduako komisaldegian Andrea Contin apaizaren etxetik hartutako bideoak ikusi zituztelarik: aita-santu izenak zituzten bideoak izanik ere —Joan Paulus II, Benedictus XVI eta beste— etxean egindako pornoa zen. Italiako Fiskaltzak publiko egin duen auzibidearen atalean agertzen diren zehaztasunak, likits eta lohiak, agerikoak dira.

On Andrea apaizari sexu-jokoak eta pornoa ez ezik, luxua ere gustatzen zitzaion, jatetxe on garestietako oturuntzak, eta Cap d’Agde-era joatea noizean behin. Cap d’Agde-k, Marseillatik hurbil dagoen turismo-gune handiak, ospe handia du: alde batetik, hondartza nudistak direla zio; bestetik, bikote-trukaketa klubak direla kausa.

Apaiza Jaguar gorri batean joaten zen horietara, ederki lagunduta, eta bikote-trukaketa horietan, sexu jolas moduan, hirugarren pertsona batekin sexu harremanak izatean Andrea Continek apaiza zela ezkutatzen zuen —horrek piz lezakeen morboa profitatu gabe— eta abokatutzat jotzen zuen bere burua. Paduara itzulita, Jaguar gorria bere gurasoen etxean ezkutatzen zuen; San Lazaro parrokiako eliztarrek ez zuten zertan jakin Jaguar gorri bat bazuela, nekez azal zitekeena kontuan hartuta apaiz baten soldata 1.050 eurokoa baino ez dela.

“Erregeak ez du zaldi ainitzen jabe izan beharko (Deuteronomioa, 17 16,(...) Ez du emazte ainitz ukanen, haren bihotza desbidera ez dadin, ez du metatuko urre eta zilar. (Deuteronomioa 17, 17) Bistan da, erregeek agian ez, baina apaizek bai.



Ni duela sei urte Paduan egon nintzen, Pisatik Veneziarako bidean, San Antonio eliz ederra ikusteko geldialdi labur bat eginda, gabonetan. Aurtengo gabonetan hitzetik hortzera ibili den auzia San Lazaroko apaizarena izan da. Nik ez nuen ikusi apaiz horren San Lazaro eliza ikusi —San Lazaro berriro ere berpiztuko balitz, bere parrokiako apaizaren balentriak ikusita lotsaren lotsaz hilko litzateke berriz— , baina apaiz hau ez da sexu-jokoetan ibili den apaiz bakarra: Andrea Continek berak grabatutako —eta gero aita-santu izenez etiketatu— bideo porno zenbaitetan agertzen Carbonara di Rovolon elizako parrokoa, Roberto Cavazzana. Apaiz hau, gaztea eta itxura onekoa —George Clooney-ren antzekoa, omen— eliztarrek biziki maite zuten, batez ere, emakumeek.

Bideoak ikusita, Andrea Contin apaizak Roberto Cavazzana apaizarekin amorante batzuk partekatu omen zituen... Emakume horietako batek egindako salaketari esker zabaldu da auzia; lehenago, Paduako eliz-agintarienaga jo baina ez zioten kasu handirik egin, eta horregatik jo zuen Carabinieri-engana; “Emakumeak goiz eta arratsaldez ibiltzen ziren apaizarekin” salatzaileak esan zuenaren arabera... 15 emakume prostituziora bultzatzeagatik akusatua izan daiteke... eta badira zonaldeko beste bi apaiz ere ikerketapean daudenak.

Paduako eskandaluaz eta beste hainbat auzitaz galdetuta, Conferenza Episcopale Italianako idazkari nagusia den Nunzio Galantinok aitortu zuen “apaiz zenbaiten jokaeragatik sufrimendua eta lotsa bazela, baina Eliza ez dutela ordezkatzen”

Diskurtso kanonikoa baliatzen dute berez delituak direnak zuritzeko. Izan ere, on Andrea Continek onartu ditu harremanak izatea emakume batzuekin, bederatzirekin bai; salaketa jarri zion emakumearekin urteak eta urteak oheratu dela ere onartu du, emakume hori jo izana edo beste gizon batzuekin harremanak izatera behartu izana ukatu duen arren. Emakumeak salatu duenez, “apaiz horrekiko harremana zaila zen, berak zeuzkan gustu sexual bereziengatik”.

Apaiz horiek ez badira Elizaren ordezkari, zergatik bidali ditu kanpora, leku seguru eta ezezagun batera eskandalua baretu arte? Hori ez al da balizko delitugile bati ihes egiten laguntzea eta aterpea ematea? Apaiz horiek hainbeste “bekatu” eginda, Elizak deskumika ditzala; gero, utz ditzatela justizia arruntaren esku. Izan ere, Italiako Fiskaltzak egotzitako delituak ez dira nolanahikoak: etxeko indarkeria, dirua bidagabe erabiltzea eta prostituzioa eragitea.

Zelibatuaren arau zahar hori eutsiezina eta sotengaezina da, eta ederki iruditzen zait edonor nahi duenarekin oheratzea, apaiza, moja, apezpikua, gotzain edo aita santua izanik ere... abusatzen ez duen bitartean. Badira kasu ezagun asko: apaiza batzuek harreman normalizatua daramate eta seme-alabak dituzte euren emazteekin. Ez berdin litzaidale apaiz batek gizon batekin ibiliko balitz, besteak ere nahi badu... hor dago gakoa.

Duela urte batzuk idatzitako Deabruen habian banioenez, Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak ez du etenik, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak. Izan ere, Andrea Contin eta Roberto Cavazzana apaizak ez dira salbuespenak... Paduan eta Erroman, Bostonen eta Dublinen, eta badakigu Euskal Herria ez dela salbuespena... Aspaldi sortu zuten Erroman esaera bat: Si non caste, saltem caute: Ezin bazara izan kasto, zuhur jokatu. On Andrearen oturuntzek, orgiek, bideoek eta Jaguar gorriak agerian uzten dute: ez kasto, ez zuhur. 

2016-12-29

Uruguai egunotan: laizismoa, katolizismoa eta masoneria

Laizismoa

Uruguai herrialde laikoa denez gero, egunotan han ez dituzte Gabonak edota Gabon Gaua ospatu, Familiaren Eguna baizik; Aste Santua ere ez, Turismoaren Astea baizik. Estatuaren sekularizazioak erro sendoak ditu, eta XX. mendearen hasieratik Eliza Katolikoak ez ditu festak inposatzen.

Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa, batez ere, José Batlle y Ordóñez presidente koloradoari esker (1903-1907 eta 1911-1915 tarteetan) finkatu zen. Batlle y Ordóñez presidenteak gorabehera handiak izan zituen Eliza Katolikoarekin. Izan ere, heziketa katolikoa jaso arren, Errepublikako presidenteak adibide ezin hobea eman zuen garai haietan eta ezkondu gabe bizi izan zen emaztearekin —“bekatuan”, Elizaren begietan—, eta neurri asko jarri zuen abian, harik eta 1917an Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa gauzatu zen arte. Horretan bederen, mende bat aurreratuago dago Uruguai Estatu Espainola baino!

Orain, Montevideon, uda hasiera epela; epela baino, beroa —29 graduko tenperatura idazten ari naizen une honetan—. Eta Euskal Herrian, aidiz, gabon ospela, oro behe laino trinko batek estalia. Han ikasturtearen amaiera, kaleak jendez lepo, uruguaiarrak matea eskutan dabiltzalarik Montevideoko itsas-ondoko ibilbide luzean barna; edo aulki tolesgarri bat hartu eta hondartzan eseri itsasoa ez den itsasoari begira egoteko... ala erosketak egiteko profitatu, nola ez!

Pocitos, Montevideo

Familiaren Eguneko bazkarian haragi errea ezin da falta —“asadito!”—, eta batata goxoarekin bada, askoz hobe; eta Italiatik hartutako pannettone hartzeko ohitura edo Espainiatik, turroia hartzekoa. Edateko, guztiz gomendagarria den “medio y medio”, edari gasdun bat, xanpainaren antzekoa, ardo gozo txinpartadunaren eta ardo txuri lehorraren nahasketa goxoa; nik Roldos jatetxean bertan dastatzeko aukera izan nuen, Mercado del Puerto mitikoan bertan.

Ni hor egon nintzenean, 2009an, abortatzeko eskubidea zen eztabaidagaietako bat, eta baita sexu bereko kideen arteko ezkontzak; baina Uruguain ez dago eztabaida traumatiko askorik, gaiak oso delikatuak izanagatik.

Katolizismoa

Uruguai beti izan da laikoa, ondoko herrialdeak ez bezalakoa, eta Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa argi eta garbia da, aspaldikoa izateaz gainera. Horregatik XX. mendearen hasiera-hasieratik, Uruguain presidenteek ez dute Bibliaren aurrean zin egiten, ez dago gurutzerik ospitale edo eskola edota institutu publikoetan; Uruguaiko Indar Armatuetan ez dago kapilau militarrik, Elizaren bidezko ezkontzak ez dira onartzen eta Eliza Katolikoaren eragina txikiagoa da Argentinan baino, adibide bat aipatzeagatik.

Eliza Katolikoak parte hartu zuen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbideratzen duten ezkontzaren gaineko eztaidan, baina haren jarrerak ez zuen oihartzun handirik izan, ez gizartean, oro har, ez Alderdi Nazionalean —Eliza Katolikotik gertuen dagoen alderdia izanik ere—. Abortatzeko eskubideari dagokionez, Eliza Katolikoak dei egin zuen “bizitza errespetatzeko”, baina ez zuen
berebiziko garrantzirik izan eztabaidan.


Maldonadoko eliza nagusian egindako argazkia 

Masoneria

Uruguain Masoneriak berebiziko indarra dauka. Masonería Alderdi Koloradoarekin lotuta egon da, boterean urte gehien eman duen alderdiarekin, baina masoneriaren eragina alderdi guztietara eta gizartearen arlo guztietara hedatzen da; Tabaré Vázquez bera, oraingo presidentea, masoia omen da...

2016-07-30

Ardo bedeinkatua

Nafarroako Erriberaren inguruko herri batean gertatu zen, aspaldi ez dela, bertako apaiz zaharrari eztarriko minbizia atzeman zioten eta bolbora bezain azkar zabaldu zen berria. Haatik, apaitzak ez zion meza emateari utzi. Eztarriko minbiziaren ondorioz ahotsa gero eta urratuago zeukanez, apaiz laguntzaile bat jarri behar izan zioten mezan laguntzeko eta, eritasunak aurrera egin ahala, apaiz laguntzaileak berak meza ia-ia osorik ematen zuen. 
Bazen, baina, tarte bat apaiz zaharrak egiten zuena: jaunartzea. Zilarrezko kaliza eskuetan hartu eta, minbizi aurreratua gorabehera, bertatik ardoa edaten zuen “Kristoren odola” ahots urratuarekin esaten zuelarik... eta gero, kaliza beste guztiei ematen zien besteek ere edan zezaten. 
Antza, herri horretako jendeak ardo "bedeinkatu" hori edateari utzi omen zion mezatan.


2015-09-02

Eliza handi bat, Euskal Herria plazan

Orain dela hamar urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren, udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!

Garai horretan Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen, eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa “Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”. 

 Iñigo Orella, mikroa eskuan duela

Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen, egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando Sebastian artzapezpikuak.

Hamar urte igarota, Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?

Gaur egun Euskal Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua, aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!

2015-03-12

Infernuak



Aita Santuak egin infernuaren inguruko adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Infernuak, baina, askotarikoak eta anitzak dira, denak ala denak lurrean egonik ere.

Kanariar Irletako hondartza batera 23 etorkin beltz heldu ziren iragan den udan patera batean, Eguraldi ederra eta egun argitan izanik, etorkinak heldu ziren hondartza hori turistaz beteta zegoen. 23 etorkin horiek hondartzan bertan egon ziren turisten begiradapean, ez bat ez bi, bost orduz baizik. Eguzkiaren galdatan, inork ez zituen etorkin beltzak hartu, inork ez zituen artatu, inork ez zituen bost ordu luze horietan babestu. Zergatik? Turistak beldur omen ziren beltzek ebola gaitza ez ote zieten kutsatuko. Arrazoiak arrazoi ala aitzakiak aitzakia, kontua da Europarekin amets egiten zuten etorkin horiek hondartza horretan infernua ezagutu zutela.

Infernua, beraz, ez da berdina guztiontzat. Eduardo Galeanok kontatzen duenez, 960. urtearen inguruan, misiolari kristauek Eskandinavia konkistatu, eta bikingoei honako mehatxu hau egin zieten: ohitura paganoei eutsiz gero, infernura joango ziren eta han sutan egonen ziren betiko. Bikingoek albiste ontzat hartu zuten: bikingoak hotzez dardarka bizi ziren, ez beldurrez dardarka.

Boca do Infierno, Infernuko Ahoa izeneko tokia, Cascais-en dago, Lisboatik gertu; ez naiz hasiko turista batek aterako lituzkeen argazkiak erakusten, baina Cascais-en duela gutxi izan naizenez, han ikusitakoa ekarri nahi dut hona: han infernua oinezkoentzat da, beheko afixari kasu egitera...




2014-04-10

Udaberriko oporraldiaren atarian

Udaberriko oporraldiaren aterian gaude. Udaberriko oporraldia ez da udakoa bezain luzea, baina biziki eskertzen da. Udaberriko oporraldia, bai; ez Aste Santukoa. Umeei udaberriko oporraldian gaudela esan beharko genieke, izen erlijiosoa duen “Aste Santua” bazter utzirik. Ez ginateke lehenak izanen. Adibidez, ozeanoz bestaldean, Uruguain, “Turismoaren Astea” deritzo oporraldi honi.
Eliza katolikoak, oraindik orain eta oraindik ere, botere handia duen instituzio bat da, hamarkadaz hamarkada eta urtez urte boterea higatuz joan zaion arren. Haren eragina handia da oso gaurko gure gizartean, nahiz eta fededunen kopurua murriztuz joan, nahiz eta sinesdunek beraiek ez bete Elizaren beraren agindu moralak, nahiz eta elizak ia-ia beti hutsik egon.
Eliza Katolikoak fededunenegan eragina izatea normala da, norberak aukeratzen baitu bere taldea edo bere elkartea... eta norberak ordaintzen du. Arazoa da denon zergekin elikatzen dela Eliza Katolikoa, eta ez soilik fededunen diruarekin, denon diruarekin baizik, ateo izan, agnostiko izan, musulmandar izan ala budista izan.

Eta burura datorkit esaldi biribil bat, Lourdes Goicoechearen auziaren kontura aditu nuena: “Ogasuna denok gara, Opus Dei izan ezik”

2014-01-02

Bost soldadu


Argazkiak bost urte baino ez ditu, eta ezkerrekoa Francisco Pérez González da, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua. Amerikarrek Kirgizistan-en duten Manas hegazkin-basean aterea da argazkia, eta hor agertzen da gure artzapezpikua genozida horiei bostekoa ematen.

Nafarroan ez dago eskuina boterean, ultraeskuina ultrakontserbadorea baizik,, eta Barcinaren Tea Party dugu boterean azken hamarkadatan. Horregatik beste inon ikusten ez direnak agerikoak dira hemen, artzapezpiku militar bat beste militar batzuen laguntzarekin, guardia zibilekin, Antsoaingo klinika baten aurrean escrache fatxa bat egiten, diana markatzen gauezko soldaduek jakin dezaten non jo.

Oinarri nabarreroari eta nazional katolizismoari pozik uzteagatik joan da Francisco Pérez González apezpikua, Nafarroa osoan legezko abortuak egiten diren klinika bakarraren atariraino. Ez da Francisco aita santuaren aginduak betetzen ari, botere faktikoenak baizik. Eta, bidenabar, inork ez dezala hitz egin CAN auziaz, desagertu diren 1000 milioiez nehork ez dezala galde... Barcinaren annus horribilis estaltzeko botere faktikoek nahi dute mintzagaia eta erritmoak ezartzea, gelditzen zaien denbora politikoa markatzea eta baldintzatzea.

Berdin zaie nafar gizartean eragin dezakeen arrakala, berdin zaie zer sakona egiten ari den eliza katoliko ofizialaren eta nafar gizartearen arteko amildegia... Boterea galduko duten beldur dira, amorratuta daude, eta zakur amorratuaren gisa, zaunka eta hoska egiten dute, eta General de Brigada den artzapezpikuak badaki aginduak betetzen eta ematen.

Antsoainen egindako agerraldia esperpentikoa izan da, benetan desesperazioaren adierazle, orain arte, bere aurrekari Fernando Sebastian ez bezala, Francisco Pérez isilpeko lanetan aritu baita bost urtez nafar herritarren ondasunak “inmatrikulatzen” alegia, eufemismoak eufemismo, beretzat hartzen, ad maioren ecclesiae gloria. Izan ere, Olentzerok ez dio kasualitatez ikatza ekarri apezpikuari berriz ere. Susmatzen dut, susmo baizik ez da, artzapezpikua gusturago dagoela azpilanetan kale gorrian errosarioak errezatzen baino, pulpituan laketuago publikoan baino.

Afganistanera bonbardaketak egitera joaten diren hegazkin-basean egindako argazki salagarria, jadanik ez dago Interneten: http://www.catholicmil.org/images/gallery/display/10271_hq.jpg.jpg . Hor sakatuz gero, “FILE NOT FOUND” agertuko zaizu, norbait arduratu baita argazki hori kentzeaz...

Francisco Pérez González, milaka lagun hil eta hiltzen dituen inperialismoaren morroi, errosarioa eskuetan bizitzaren alde dagoela dioen hipokrita izugarri bat, Iraken, Afganistanen eta mundu osoan haren lagun amerikarrek hiltzen dituzten ume horiek guztiek ez baitituzte oraindik jaio ez den umeki batek bezainbeste eskubide.

2013-03-23

Deabruen habia


Duela hilabete, Benedikto XVIgarrenak dimisioa eman aitzin, albiste batek eman zidan atentzioa: Sinéad O'Connor abeslariak adierazi du Eliza Katolikoak eskumikatu duela, eta eskatzen dio Vatikanoari ziurtagiri bat. Hona hemen haren hitzok:
"Antza denez, eskumikatu naute, baina hori adierazten duen bakarra L'Osservatore Romano da, Eliza katolikoaren egunkaria, inork irakurtzen ez duena. Baina nik nahi dut bilobei erakusteko moduko zerbait. Txioren bat edo beste bidali diot Benedikto aita santuari, baina ez dit oraindik deus erantzun."
Handik gutxira, Ratzinger aita santuak karguari eta kargari ezin ziola eutsi, eta utziko zuela iragarri zuen, baina ez dut uste abeslari dublindarraren eskaerak zerikusi izanen zuenik. Alta, zerikusi izan omen du Eliza Katolikoaren barruko ustel usain jasan ezinak, artaldea zaindu beharrean arkumeez abusatu dituzten artzainak ez baitira izan ez bat, ez bi, eta salaketa soka luzeak ez du etenik.
Adin berekoak gara Sinéad O'Connor eta biok, eta gazte-gaztetatik miretsi dut kantatzeko haren ahots zoragarria. Baliteke irakurleak gogoan izatea Juan Pablo II. aita santuaren argazki bat urratu zuenekoa, EE BBetako Saturday Night Live telesaioan, zuzen-zuzenean egin ere. Gogoan dut garai hartan sortu zen iskanbilaren haritik neuk ere izan nuela gogorik aita santuaren argazki bat mila puskatan hausteko; ez nuen egin, baina.
Eliza Katolikoaren barruan izan diren umeen aurkako sexu-abusuak direla eta, Sinéad O'Connor dublindarrak horrela deskribatu du Vatikanoa: “deabruen habia".
Ratzingerrek ez zion agiria eman, baina Bergoglio argentinarra horren “irekia”, “herrikoia”, eta “umila” baldin bada, aita santu berriak eskumikatze-ziurtagiri hori eman beharko lioke dublindarrari eta eskatzen duen edonori. Katoliko sentitzen ez garen anitz gara Eliza Katolikoaren zerrendetan, eta uste baina zailagoa da ezabatzea. Izan ere, zailagoa da Eliza Katolikoan baja ematea telefonia-konpainian batean baino. Zerbait egin beharko da L'Osservatore Romano egunkarian agertzeko; iradokizunak onartzen dira. Zenbat argazki urratu behar dugu eskumika gaitzaten? 

2012-12-06

Serora batek esanak


Duela 25 bat urte serora batek hitzaldi bat eman zuen Berriozarko parrokian. Serora hori Filipinetan ibilia zen hainbat urtez, hango behartsuei laguntzen-eta, harik eta paramilitarrek jo-mugan jarri zuten arte. Orduko gotzainaren aginduz, Filipinetatik atera eta serora Euskal Herria etorri zen. 

Hitzaldian, gogoan dut, serora horrek ez zuen serora-jantzirik eramaten, eta  horrek lagundu zuen harengana hurbiltzen, —gaur egun Errekalde kalean bizi diren serorekin gertatzen den ez bezala—. Orduko hitzaldi hura goxoa izan zen, bertatik bertara emana, Berriozarko parrokian, parrokia zabala eta irekia zen garaian, —gaur egungo apaizarekin gertatzen den ez bezala—. Hitzaldi hartan hainbat kontu aipatu zuen, baina bat azpimarratu nahi dut. Serora hark esaten zuen —garai hartan!— hemen, Europan, kontsumismoa handia dela, baina gauza guztiekin, baita kulturarekin ere; kultura maite duen jendeak, hemengo jendeak, kontsumismoa egiten duela gauza guztiekin, baita kontu kulturalekin ere: liburuekin, adibidez. 

Gaur goizean serora hark esandakoa gogorarazi dut neska-lagunak, etxean pilatuta ditugun liburuak non jarri ez dakigularik. Liburu-jale apetatsua izanik, jadanik ez dut kontrolatzen ze liburua dudan eta zein ez, zein eta nori utzia eta zein eta non galdua. Orobat, apalategiko liburu batzuk irakurritzat ditudan arren, ez naiz gai gogoratzeko irakurriak ditudan ala ez. Horixe gertatzen zait, adibidez, ondo-ondoan ikusten dudan El bastardo liburuarekin. Hitzok idazteari utzi, aulkitik altxatu, ondo-ondoko arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi... eta bai! Egilea, Alberto Irigoyen uruguaiarra da; eta bai! Orriak pasatu ahala  irudi lauso batzuk ari dira iratzartzen ene garunaren txoko ezkuturen batean... Bai, aspaldi irakurri nuen, baina zapore gazi-gozoa utzi zidan. Agian berriz irakurri beharko nuke. 

Izan ere, asko ikasten da liburua irakurriz, baina baita liburuak berrirakurriz. Gainera, ni ez naiz duela 20 urteko bera —gauza bistakoa da— eta ideia bat dabilkit buruan jira-biraka: liburu zaharrak irakurtzeari ekin behar diot berriro. Adibidez, Andolin Eguzkitza zenaren Heriozaren itzalpeetan liburua. Berriz ere lerrook lotzeari utzi, altxatu, arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi Bai! 1998ko martxoan irakurri nuen, artean Andolin bizi zela... Eta bai!, liburua irakurri nuen, dudarik ez dut, azpimarratuta daudelako esaldi zenbait, eta alboko ohar batzuk, arkatzez eginak... 

Buruan jira eta bira dabilkidanez ideia hori, erabaki bat hartu dut: liburu gehiagorik ez dut erosiko, harik eta etxeko liburu guztiek sortutako anabasa txukundu, sailkatu eta berriz irakurri arte. 

Baina nor ari naiz engainatzen? Ene burua engainatzeko bezain txepela ote naiz? Badakit ez dudala beteko arestian agindutakoa. Serora batek esana dakit kulturarekin, liburuekin adibidez, kontsumismoan erortzen garela, eta "tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da". Hori ez zuen serorak esan, jakina; Oscar Wildek esana da. Durangoko liburu eta disko feriara joanen naiz bihar-etzi, eta Oscar Wildek esandakoaren eta serora horrek esandakoaren arteko lehia bizia izanen da. 


Serora bat Vatikanon, Pinaburuaren patio ospetsuan

2012-05-23

Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen Zerbitzua

Urgell-eko apezpiku José Caixal Estradék emandako dispentsa bereziari esker, 1847ko abenduan onetsi zen “Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen kidegoa” sortzea. Kideak emakumezkoak ziren, kanpai-jotzaile errukitsu izenarekin ezagunak, prest zeudenak, itxura fisikoa edo adina gorabehera, kontsolamendua emateko bigarren gerra karlistan zauritutako soldaduei kanpai-jotzeen bidez.

Ideiaren sortzailea Sor Ethel Sifuentes serora izan zen: 45 urteko emakume hau erizain aritzen zen Jesusen Bihotzaren Babes Etxean soldatu zaurituak artatzen. Sor Ethelek aspaldi gaztigatua zuen soldadu zaurituak sendatu eta sendotu ahala, gizonezko hauen urduritasun, ezinegon, oldarkortasun eta grina lohia handitzen zela neurrigabe, soldatu bizkortu berriak antsietate eta testosterona-neurri oro gainditzeko zorian zirela. 

Sor Ethel bera hasieran, eta Jesusen Bihotzaren beste serora batzuk gero, kanpai-jotzeak hasi zitzaizkien egiten hala eskatzen zuten soldaduei, berdin kapitain, lotinant, kaporal edo soldadu xehea izanik ere, neholako maila-bereizketa egin gabe, alegia. Harrezkero, eguneko kanpai-jotze bat zela medio, emaitza onak berehalakoak izan ziren. Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko giroa goitik behera aldatu zen, eta soldaduak amultsuki eta gizalegez jokatzen hasi ziren, —armada ezberdinekoak izanik ere—.

Denboraren poderioz, eta eskaintzak eskaera asetzen ez zuenez gero, Jesusen Bihotzaren serora ez ziren beste emakumezko batzuk batu ziren kidegora, pairamenezko zerbitzuak  hartaratuak, eta kobratu gabe ere. Emakume hauen izen ona salbatzearren eta ohitura onek aginduta, boluntario berriei ezarri zitzaien uniforme jakin bat janzteko arau zurruna: jantzi lasai bat emakumearen itxura lausotzeko, baita aurpegia estaltzeko lihozko “paramenta” edo beloa.

Ekimenaren arrakasta erabatekoa izanik, kanpai-jotzaile kidego berriak onetsi ziren han-hemenka;  hala  sortu ziren  Erregearen Kanpai-jotzaileen Zerbitzua, Aragoiko Kanpai-jotzaile laguntzaileen Zerbitzua, Mariaren Bihotzaren mirabe kanpai-jotzaileak,  harik eta Kubako gerlan gertatutako gehiegizko ustiapen bat zela kausa, Vatikanoak jarduera hori bertan behera uzteko agindu zorrotza eman zuen arte, Abusus non est usus, sed corruptela delako ebazpenaren bidez, orain dela 114 urte, 1898ko Pazko Astelehenez emana. Eliza Katolikoaren historiagileak ez dira ados jartzen, debekuaz geroztik jarduerak segidarik izan zuen ala ez. Nolanahi  zelarik ere, teologo aditu guztien esanetan, ekimenaren beraren arrakasta izan zen, nolabait esateko, ekimenaren beraren hondoratzearen zio nagusia: bere arrakastaren beraren biktima, labur esanda.

Orduko hartan sortu omen zen gaur egun ere zenbait lekutan bizirik dirauen esapidea: “Ezin da kanpaia jo eta, aldi berean, prozesioan ibili”. Hizkuntzaren bideak —Jaikoaren berarenak bezalakoak—  antzemanezinak dira, zinez.

Eta egia bada, sakelan sar; gezurra bada, kontuan ez har; eta egia ez bada ere, italiarrek dioten gisara, se non è vero è ben trovato.

2010-06-26

Deitu erleei

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñe Arrieta hil dela, Montevideon, duela egun gutxi batzuk, buruko isuri baten ondorioz.

Deitu erleei zabal dezaten hutsune handia utzi duela Uruguaiko euskal jendearen artean, baita ozeanoz alde honetan ere, Garbiñe ezagutzeko aukera izan genuen guztion bihotzetan.

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñek erakutsi zigula elkartasuna, herriarekiko maitasuna eta behartsuen alde lan egitea zer den, hitzetatik harago erakutsi ere.

Deitu erleei zabal dezaten laurogeita hamalauan bera zikintzen saiatu ziren ABC-ko kazetari txakur horietaz, “Purificación” deitu zioten horietaz, irri egiten zuela Garbiñek.

Deitu erleei zabal dezaten Garbiñe bezalako moja bat ezagutzea ohore handia izan dela ni bezalako antiklerikal batentzat, duela gutxi ezagutu nuen arren.

Deitu erleei zabal dezaten, batez ere, emakume zoriontsua izan zela, eta, bizitza gogorra gora behera, zoriontasun hori bazekiela partekatzen, bere inguruan barreiatzen zuela.

Horregatik, deitu erleei zabal ez dezaten tristura, denok gogora dezagun Garbiñe alai, edo kantuan, edo txiste bat kontatzen, edo hizketan, uruguaieraz ala euskaraz, zeren Ameriketan urte asko egonda ere, Garbiñek ez zuen sekula euskara goxo zoragarri hura galdu.

Erleek jakinen dute hori egiten.

2010-05-02

Beirateari begira


Beirateek argitasun pixka bat ematen dute elizen barruko ilunetan. Ez dakit zein elizatan dagoen beirate hori. Edonon delarik ere, garrantzi gutxiko zehaztasun bat da hori. Alta, garrantzitsuena da beirate horrek agerian uzten duela adierazi nahi ez duena. Esan liteke ozenago, nekez argiago. Errealitateak gain hartu dio artelanari, gainezka egin arte.

Eliza katolikoak hainbat urtez ezkutuan eta gorderik izan dituen apaiza pedofiloen auziak azaleratzen dira herrialdez herrialde eta egunez egun. Ez dut irakurlea aspertu nahi kasuan kasuko eta tokian tokiko zehaztapenekin. Gainera, horrelako kasu nabarmenak ateratzen direnean, prentsan beti agertzen dira ultrakatolikoak biktimarena egiten: gaur igandeko editoriala Diario de Navarra-n horren adibide bat da. Elizak kontrolatzen dituen komunikabideak, agerikoa dena ezkutatu ezinik, justifikaezina justifikatu nahian dabiltza.

Halarik ere, apaizen lotsak airean ikusirik, pederastria kasuen aurrean Eliza katolikoaren jokaera mafiosotzat har daiteke, apaiza pedofiloak babestu eta babesten baititu mafia batek eginen lukeen gisara. Ezin bestelakorik espero, jakina baita Eliza katolikoa erabat jerarkizatuta dagoela eta demokratikoa ez dela; halere, delitu-egileak babestea ez al da delitu?

Herrialde Katalanetan izan nintzen azkenean, artean entzuten ziren Vicente Artero eskolako maisuaren kasuaren gaineko oihartzunak. Auzi luze eta korapilatsua, zalntzarik gabe, baina pederastriaz akusaturiko maisu hori soldatarik eta enplegurik gabe utzi zuten, eta otsailetik espetxean dago. Ni ere maisua izanik ere, ez naiz hasiko maisu horren alde gaizki ulertutako korporatibismoagatik.

Baina Elizarekin egiten dugunean topo... Gotzainek lekuz aldatzen dituzte apaiza pederastrak, eta dena estaltzen dute ad maioren gloriam Ecclesiae. Alegia, enpresaren -ups, barka lapsus kamani hori- izenean, kristorenak eta bi justifikatzen dituzte.

Jesukristok esana omen: “Petri (Harri) zira zu, eta harri horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko” Hala agertzen da Marcel Etchehandy-k lapurtar-baxenabartarrentzat egokitutako Biblian. Herioaren indarrak ez dakit, baina, haragiaren indarra Elizaren zimendu sakratuenak eraisten ari da. “Sinite parvulos venire ad me” ere esan omen zuen Jesukristok, baina ez apaiza horiek guztiek asetzeko euren sexu-grinak.

Bai, badakit "haragia ahula dela..." Orduan, Eliza katolikoak inoiz eginen ez duen deialdi isil-ozena zabal bedi, zelibatuaren agindu zaharkitu hori bertan behera utzita, apaizak ezkon daitezen. Ez dute ezkondu nahi? Orduan bizi daitezela “alberdanian eta olgetan” nahi duten emakumenarekin -ez zen izango ez lehen kasua, ezta azkena ere-. Bestalde, apaiza batek gizonezko batekin nahiago duela bizi? Ni homosexuala ez naizen arren, begirune osoa zor diot aukera horri. Gainera, homosexualismoa ez dago duela urte gutxi batzuk bezain gaizki ikusita gure gizartean, zorionez. Izan ere, de gustibus non est disputandum... Baina, orobat, ez ukitu umeak. Utzi bakean umeak. Mesedez, otoi eta arren. Sinesdunek ere eskertuko lukete.

Bestela, behean dagoen argazkiko seinalea laster zabalduko da munduan zehar.

2009-07-21

Lekukoen bisita

Batzuek ez dute oporrik hartzen. Gaur goizean izan dut etxean gonbidatu gabeko bisitari pare baten bisita. Jehová-ren lekukoak zirela ez didate esan beharrik izan: ageri-agerikoa zen. Goiko irudia duen panfletoa eman didate... Panfletoko galdera hori erretorikoa da, erantzunik behar ez duena; izatez, mundua bukatzen bada, bukatu da fandagoa: fini eta kitto, finikito. Bai, badakit galderaren gakoa determinatzaile horretan datzala, este horretan... A zeinen listoak diren! Aitortu behar dut galdera-amu hori ongi hausnartuta dagoela, baduela indarrik. Finean, inozoek hoska egiteko beita apokaliptikoa made in USA. Izan ere, zenbat aldiz bukatu behar da Mundua? Lehengo lepotik burua lekuko horiek...
Antzararen bidetik bidali gabe, antzarak ferratzera bidali ditut. Erruki-begirada batekin batera eman didate panfletoa, aurki eginen duten meeting baterako gonbitearen batera... Lekukoak joan eta gero, gogora etorri zait Berriozarko nire lagun batek horrelako bisita batean beste lekuko batzuei emandako arrapostua:
Benetako Jainkoarengan sinesten ez badut, nola sinetsiko dut, bada, zuen Jainko horrengan.
Tamalez, horrelako kontuak desorduetan gogoratu ohi ditut nik. Agian horregatik idazten ditut blog honetan...

2009-04-11

Steve Morse Jainkoa da

"Steve Morse is God" esaldi biribila topatu dut gitarra-jotzaile amerikar horren inguruko post batean. Lotsagabekeria irudi lekioke norbaiti, gaur areago, Larunbat Santua izanik. Bego.

Oi, nire gaztarako larunbat santuetako meza luuuuuuze eta amaigabe horiek... jasanezinak, zinez! Beude ahanzturaren eta oroimenaren arteko muga lauso horretan. Ordu honetan berean, segurki, batzuk eliz kantu hünkügarri horietako bat ari dira zerurantz jaulkitzen...

Aitzitik, nik beste kantu bat proposatzen dizuet: Steve Morse gitarra-jotzailearen melodia bat. Deep Purple talde mitikoaren azken bolada luze honetako gitarra-jotzailea da Steve Morse, eta duela hamar urte Australian grabaturiko pieza da: Total Abandon

Segur aski Steve Morse ez da Jainkoa; izan ere, ez al da enteratu, segur asko, ez dagoela Jainkorik? Dela ez dela, nolanahi den ere, munduko gitarra-jotzailerik onenetariko da Morse: Larunbat Santuko iluntze euritsu hau laguntzeko musika ona. Eta nahikorik ezean, Australian egindako kontzertu horretako beste opari bat; berriz ere Steve Morse eta Smoke on the water klasikoa.



Ur azalean kea, zerua sutan...


Amen.

2009-04-09

Ez sinistekoa: txorizo eta malkoak

Aste Santuan gogora itzultzen zaizkigu umetako kontuak eta kantuak. Zenbat meza, zenbat prozesio, zenbat otoitz egin nuen nik, aitaren agindupean, ume eta nerabe nintzela. Ez zait sekula ahaztuko garai hartako hainbat eta hainbat sermoi eta kantu: "Sinisten dut, sinisten dut Jauna, sinisten dut." Ez noa, alabaina, baten batek pentsa lezakeen modura, eliza katolikoaren kontra jotzera... behingoagatik.

Orain beste kantu batzuk entzuten ditut. Autoan, adibidez, Gaztea: the singles CDa daukat. CD horretako lehenbiziko kanta Itoiz talde mitikoaren Lau teilatu kanta zoragarriaren bertsioa egiten dute Mikel Erentzunek eta Amaia Monterok. Amaia Montero ñoñostiarrak ez sinisteko moduko aldaketa egin zion Itoizen kantari. Abestiaren hitza aldatu eta hauxe esaten du: "Txorizo eta malkoak"

Atzo lankide batek esan zidanean ezin nuen sinetsi, baina agindu zidanean zazpi belarrirekin entzuteko Amaia Montero erdaldun horren zatia... hor zeuden "txorizo eta malkoak", abestiaren bere zatian. Abestia hasi eta minutu bat eta berrogei segundo igaro eta gero, orduan esaten du perla hori.

Ez sinisteko modukoa izan arren, ez izan fedegabeak; zer, zuek ere San Tomasen antzera? Ikusi arte ez duzuela sinistuko? Ikusi ez, baina hemen entzun dezakezue abestia; erreparatu Amaiaren zatiari: benetan esaten du "txorizo eta malkoak"

A zer txorizoa atera zitzaion Amaia Monteri horri; eta malkoak... bera bai negargarria!

2008-12-31

Gaza, geza, giza...

Gaza
Gaza eta, oro har, Ekialde Hurbila oso urruti dago. Hain da urruti, ezen gure belarrietara ez omen dira heltzen bonbardatze masiboen oihartzunak, ez palestinar zaurituen garrasiak, ezta hildakoen isiltasun ozena ere. Hemen eta, oro har, Mendebalde ustez demokratikoan, lazgarria zait batzuen isiltasuna Gazako genozidioaren aurrean.

Geza
Bi munstroen teoriaren arabera, Gobernu Sionista txarra da, baina bonbei harrika erantzuten dieten gazte palestinarrak ere bai. Diskurtso hori garatzen duten guai horiek, Ongia eta Gaizkiaren gainetik agertu nahi horretan, ez dira palestinarren alde bustitzen... ez da politikoki polita eta, gainera, horrela, ez dira zipriztinduko. Bere burua ezkertiartzat jotzen duten guai asko dago, ez ardo ez ur, ez fu ez mu, zaporerik gabeko sasi ezkertiarrak: gezak.

Giza
Giza Eskubideen Deklarazioa paper-errea da Israelen. Ez ahaztu: euren irudiko, Israel Jaungoikoak hautaturiko Herria da eta Palestina agindutako lurraldea. Beste guztiok, kristau izan, musulman izan edo ateo izan, "jentilak" baino ez gara. Sionismoa arrazista da oso, eta Jaungoikoak emaniko lurra ari dira garbitzen. Lerrook idazterakoan 360 baino gehiago dira hildakoak, eta kopurua gorantz joanen da, Israelek dioenez, orain arteko erasoaldia "lehen urratsa" baino ez baita izan.

Goza
Etxea ezta enea, gozatzen baizen eztut. Esakune hori Luis Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian agertzen da gozatu hitzaren lehenbiziko adieran. Gobernu sionistak gozatzen du Palestina, baina Palestina palestinarrena baizik ez da. Estatu sionista inperialismo eta kapitalismoaren ondorioa da eta Palestina gozatzen, ustiatzen du Mendebalde kapitalistaren baimenarekin. Gaza-ko sarraskien aurrean eta epelkeria guai alferretan ibili gabe, goza dezagun guk elkartasunaren sugarra eta gora dezagun Palestinaren aldeko aldarria: elkartasuna itzaltzen ez den sugarra baita.

Gaza, geza, giza... horrek burura dakarkit Mikel Laboa zenaren kanta gogoangarria...

"Baga, biga, higa, laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele, arma, tiro, pun!"

2008-10-11

Jauna, Zu zara gure jomuga.

Bihar, Pilarika egunean, el coñazo del desfile, Raxoi-ren hitzetan. Ea zer aurpegiarekin azaltzen den bihar Madrilgo desfile horretara. Bera bezalako espainol txintxo batentzat coñazo bat bada, zer esango dugu espainol sentitzen ez garenok!
Nola edo hala -ezen ez nolanahi- Raxoi agertuko da. Azala behar da gero! Baina lasai, azal gogorrekoa da Mariano... Eta azalduko dira, halaber, eliza katolikoko ordezkariren bat edo beste; kapilau militarra berriak ez du, segurki ospakizuna galduko. They are living a celebration, celebration... Enpin! Batzuek salatuko dute -arrazoi osoz- ea zer egiten duen kapilau militar katolikoak laikoa den herrialde baten armadaren desfilean...

Halarik ere, euskaldunok ere badugu zertaz harritu. Lehengoan lagun batek esan zidan Euskal Herrian autoak bedeinkatzen direla; sinesgaitza egin zitzaidanez XXI. mendean horrelakorik gertatzea, nik -Santo Tomasen gisara, ikusi arte ez nuela sinetsiko- estanpita hura ikusi nahi nuela adierazi nuen... eta voilà! Arantzazu-n eman zioten estanpita hura ekarri zidan autotik: Jauna, Zu zara gure jomuga.

Jauna, Zu zara gure jomuga,
Zu zara, baita ere, bizitzara daraman benetako bidea.
Gu guztiok, erromes eta bidegaldurik,
Zuregana goaz etengabe.
Bedeinkatua Zu, Jauna,
zuk emanik baitauzkagu,
zientziaren eta teknikaren bidez,
tresnak eta bideak,
Zuk emaniko lurrean lan egiteko,
batetik bestera ibiltzeko, senideengana joateko,
Zuk egindako harrigarriak ikusteko,
eta gure bizitza atseginago egiteko.
Emaguzu, Jauna, zentzu ona, begi argia,
kemena eta esku zabala,
kotxe hau erabiltzen eta gidatzen jakin dezagun.
Hala eskatzen dizugu
Arantzazuko Amaren otoitzez
eta Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.
Amen eta hemen, non eta hemen, Euskal Herriaren bihotzean, Arantzazun, horrelako estanpita bat ematen omen diote auto berria bedeinkatzera hurbiltzen den orori. Tira, zehatz izateko, eman ez dute dohanik ematen... kobratu egiten omen dute borondatea. XXI. mendean, lagunok... Patetikoa!

Horregatik, bihar, el coñazo del desfile delakoa patetikoa iruditzen bazaizu, ez ezazu ahantzi gure bihotzeko Euskal Herriaren bihotzean badugula patetismo adibiderik. Larre guztia ez da pagotxa, ez horixe!

Pagotxa nik izan dudana gaur arratsaldean. Lagun batek sutsuki maite duen bere Suzuki berrian eraman nau buelta bat ematera... Bedeinkatu gabeko Suzuki batean.

Lagun honek barre egin du jakin duenean
Arantzazun auto berriak bedeinkatzen dituztela.