Urgell-eko apezpiku José Caixal Estradék emandako dispentsa bereziari esker, 1847ko abenduan onetsi zen “Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko serora kanpaia-jotzaileen kidegoa” sortzea. Kideak emakumezkoak ziren, kanpai-jotzaile errukitsu izenarekin ezagunak, prest zeudenak, itxura fisikoa edo adina gorabehera, kontsolamendua emateko bigarren gerra karlistan zauritutako soldaduei kanpai-jotzeen bidez.
Ideiaren sortzailea Sor Ethel Sifuentes serora izan zen: 45 urteko emakume hau erizain aritzen zen Jesusen Bihotzaren Babes Etxean soldatu zaurituak artatzen. Sor Ethelek aspaldi gaztigatua zuen soldadu zaurituak sendatu eta sendotu ahala, gizonezko hauen urduritasun, ezinegon, oldarkortasun eta grina lohia handitzen zela neurrigabe, soldatu bizkortu berriak antsietate eta testosterona-neurri oro gainditzeko zorian zirela.
Sor Ethel bera hasieran, eta Jesusen Bihotzaren beste serora batzuk gero, kanpai-jotzeak hasi zitzaizkien egiten hala eskatzen zuten soldaduei, berdin kapitain, lotinant, kaporal edo soldadu xehea izanik ere, neholako maila-bereizketa egin gabe, alegia. Harrezkero, eguneko kanpai-jotze bat zela medio, emaitza onak berehalakoak izan ziren. Jesusen Bihotzaren Babes Etxeko giroa goitik behera aldatu zen, eta soldaduak amultsuki eta gizalegez jokatzen hasi ziren, —armada ezberdinekoak izanik ere—.
Denboraren poderioz, eta eskaintzak eskaera asetzen ez zuenez gero, Jesusen Bihotzaren serora ez ziren beste emakumezko batzuk batu ziren kidegora, pairamenezko zerbitzuak hartaratuak, eta kobratu gabe ere. Emakume hauen izen ona salbatzearren eta ohitura onek aginduta, boluntario berriei ezarri zitzaien uniforme jakin bat janzteko arau zurruna: jantzi lasai bat emakumearen itxura lausotzeko, baita aurpegia estaltzeko lihozko “paramenta” edo beloa.
Ekimenaren arrakasta erabatekoa izanik, kanpai-jotzaile kidego berriak onetsi ziren han-hemenka; hala sortu ziren Erregearen Kanpai-jotzaileen Zerbitzua, Aragoiko Kanpai-jotzaile laguntzaileen Zerbitzua, Mariaren Bihotzaren mirabe kanpai-jotzaileak, harik eta Kubako gerlan gertatutako gehiegizko ustiapen bat zela kausa, Vatikanoak jarduera hori bertan behera uzteko agindu zorrotza eman zuen arte, Abusus non est usus, sed corruptela delako ebazpenaren bidez, orain dela 114 urte, 1898ko Pazko Astelehenez emana. Eliza Katolikoaren historiagileak ez dira ados jartzen, debekuaz geroztik jarduerak segidarik izan zuen ala ez. Nolanahi zelarik ere, teologo aditu guztien esanetan, ekimenaren beraren arrakasta izan zen, nolabait esateko, ekimenaren beraren hondoratzearen zio nagusia: bere arrakastaren beraren biktima, labur esanda.
Orduko hartan sortu omen zen gaur egun ere zenbait lekutan bizirik dirauen esapidea: “Ezin da kanpaia jo eta, aldi berean, prozesioan ibili”. Hizkuntzaren bideak —Jaikoaren berarenak bezalakoak— antzemanezinak dira, zinez.
Eta egia bada, sakelan sar; gezurra bada, kontuan ez har; eta egia ez bada ere, italiarrek dioten gisara, se non è vero è ben trovato.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment