Gazte-gaztetatik osabak, herrena izanik, besteen txantxak-eta jasan behar izan zituen. Baina Beltzitak ez zuen herdoila mingainean eta bizkor-bizkor erantzuten zion herrenaren kontua iradokitzen zion orori. Beltzita ezizena, aldiz, gustukoa zuen, horrela ez baitzioten "Aitzinagako herrena" deituko. Osabak ederki zekien "Aitzinagako herrena" deitzen ziotela bera aurrean ez zelarik, baina inor ez zen ausartzen berari halakorik deitzen. Harik eta, herri orotan beti gertatzen den bezala, bat ausartu zen arte.
Aitzinagatik mendira oinez joatea biziki gustatzen zitzaion osabari eta, diotenez, egun batean herritik hilerrira doan bidetik zihoan mendirantz. Hogei-hogeita bost urte izanen zituen orduan, eta menditik beheiti zetorren herriko batekin topatu zen, txantxazalea eta zirtolaria berau. Esan behar da txantxazale honen emazteari ahuntza deitzen ziotela, harira ez datozen esamesa zenbaiten kontura. Hala, beraz, goiz hartan txantxazaleak osaba Beltzita ikusi zuen herrenka zihoala mendirantz eta bota zion, braust:
"Ze, Beltzita, bide luzea eta pausoa llabur-llaburra hirea!"
Eta txantxazaleak jaso zuen berea:
"Bai, banihoak belar bila hire ahuntzarentzat".
Txantxazalea zapuztuta gelditu omen zen eta irentsi behar izan zuen herra guztia. Han ez zen bukatu kontua, laster zabaldu baitzen pasadizoa Aitzinagatik haratagoko haranetan gaindi, again, osaba Beltzitak berak barreiatua. Ez asko fido. Tabernarik taberna ibiltzea maite zuen eta han, baso bat ardo beltz hartuta, ederki zekien mingaina -eta bidenabar bazterrak- nahasten. Izanez ere, Beltzita ezizena ardo beltzari zion zaletasunetik omen zetorkion...
Nolanahi delarik ere, egia da osabari agur egiteko tenorean “Izan untsa” esanez gero, “Eta ez ahuntza” erantzuten zuela irri gaizto batekin batera. Neroni, lekuko .
Urteak joan, urteak etorri, osaba Beltzita zahartu eta txartu zen, eta, laurogeita bortz urterekin zaharretxera joan behar izan zen. Mutilzahar izanik eta gu senide bakarrak ginenez gero, baserria guri utzi zigun.
Gaur egun zintzarri gutxi batzuk gelditzen dira osabak utzi zigun baserrian. Ukuiluan aurkitu nituen eta jaso, bildu, garbitu eta txukundu nituen. Mingainik gabekoei mingaina bana jarri nien, eta distiratsu utzi arte garbitu nituen.
Gabon hauetan osaba Beltzitari bisitan joan natzaion zaharretxera eta aipatu nion zintzarriak bildu nituela eta oholtza batean apain-apain jarri nituela."Ahuntzaren zintzarriak!" esan du irriz osaba Beltzitak.
Nik dakidala, Osaba Beltzitaren baserrian behiak eta txekorrak eta untxiak eta txerriak izan ziren garai batean... baina ahuntzik, sekula ez.
No comments:
Post a Comment