Showing posts with label Palestina. Show all posts
Showing posts with label Palestina. Show all posts

2026-09-24

Berriozarko Osasun Etxearen atarian, Palestinaren alde

 


Gaur, irailak 24 egun ditu eta Israelek garbiketa etnikoa egiten jarraitzen du Palestina osoan, baita Libanoren hegoaldean ere, soldadu israeldarrek uztak, basoak eta olibondoak erretzen dituzte, den-dena suntsitzeko. Zisjordanian eta Jerusalemen israeldar okupatzaileen jazarpena biderkatu egiten da eta kolono sionistek herri palestinarraren aurkako basakeriak egiten jarraitzen dituzte. Gazan, ia erabatekoa da jazarpen latza. Hori horrela, ezinezkoa da osasun zentroak berreraikitzea eta gaixoak artatzea. 


Sionismoak sortutako giro dantesko honetan,  osasun arloko kideek jazarpen bikoitza jasaten jarraitzen dute: palestinar gisa eta osasungintzako profesional gisa. Horra hor Hassan Abu Saffyia doktorea kasua. Hassan Abu Saffyia askatzeko kanpainak egin arren, Israelek desagertarazi du, bahiturik dauka, astez aste, hilabetez hilabete, torturatu eta isolamenduan eduki ondoren. Zergatik? Medikua izateagatik bakarrik, haurrei gaixotasunak, zauriak eta anputazioak sendatzeagatik. Bera bezala, ehunka osasun-langileek erasoak pairatzen dituzte, tiroak jasotzen dituzte, bai soldadu israeldarren, bai kolono sionisteen eskutik.


Beraz, irmoki salatu eta hauxe exijitzen dugu:

  •  Batetik, Israelekin harreman diplomatiko, komertzial, akademiko, kirol kultural eta ekonomiko oro haustea.
  •  Bestetik, benetako su-etena eta mugarik gabeko laguntza humanitario eta sanitarioa sartu ahal izatea oztoporik gabe.
  •  Laburbilduta, Palestinan okupazioa, apartheida eta genozidioa amaitzea.


Nazioartean Israel inoiz baino isolatuago dago, Israelgo gizartea zatituta dago erabat eta munduko iritzi publikoaren babesa galdu du. Horregatik jarraitu behar dugu hemen, Palestinaren alde, tinko, Berriozarko Osasun Etxearen aitzinean ere bai, herri presioak garaipenak lortzen dituelako. Boikotak, mobilizazio bakoitzak, ekintza bakoitzak sionismoaren aurkako presioa handitzen du, baita Berriozarren egiten dugun kale agerraldi txiki honek ere.


Amaitzeko, mobilizazio handi baterako gonbidapena egin nahi dugu: urriak 3, larunbata, 18:00etan, Golem-etatik. Ikur nagusia kometa izango da, palestinar herriaren erresistentziarako sinbolo gisa. Hortaz, eskaera berezi bat: ahal bada, eraman zure kometa! Kometen bidez haizeak zabal dezan Palestinaren aldeko oihua: Gora Palestina askatuta!



2026-08-28

Jaietan ere, tarte bat Palestinaren alde

 

Jaietan ibilita ere, tarte bat hartu behar dugu Palestinaren alde agertzeko. Udan zibilen aurkako erasoak biderkatu dira Palestinan. Ez diot nik, Nazio Batuen Erakundeko hamaika adituk salatu dute.


Donald Trampen onarpenarekin, armada sionistak 160 bat lagun hil ditu Gazan, ustezko su-etena gorabehera: israeldarrek beraiek agindutako eremuetan errefuxiatu zeudenak gupida gabe erail dituzte, haur, gazte zein zahar. Gainera, ospitaleen eta aterpetxeen alartzean zeudenak ere izan dira armada sionistaren jo-muga. Ez diot nik, Nazio Batuen Erakundearen beraren langileen heriotza sarraskiaren froga da.


Nazio Batuen Erakundeak agindutako elikadura-laguntza oraindik ez da aise sartzen ahal Gazan; gainera, merkataritza-kanalen bidez sartutako produktuak ultra prozesatuak dira, eta ez dira sobera egokiak, ez nutrizioaren aldetik ezta ikuspuntu kulturalaren aldetik ere. Ez diot nik, baizik eta Nazio Batuen Erakundeak.


Honi guztiari, kolono sionistek sortutako izua gehitu behar zaio eta, ez gaitezen engaina, zeren eta kolonoen ekintza ankerrak “Israelgo okupazio indarren babesarekin eta parte-hartze zuzenarekin batera doa". Hori ere ez diot nik, Nazio Batuen Erakundeak baizik.


Haatik, diot nik, basakeria normaltzat hartzea nahi dute; bada jaiak ospatzen ari garen Berriozar herrian, tarte bat hartu dugu esateko, irmoki esan ere, ez dutela lortuko basakeriara ohitu gaitezen; aitzitik, gehiegikeriak, triskantzak eta genozidioa salatzen jarraituko dugu, herri palestinarraren eskubideen alde aldarrika jarraituko dugu eta gobernuei Israelekiko harreman oro eten ditzatela exijitzen jarraituko dugu.


Ben Gvir ministro israeldarrak iragarri berri du palestinarrak “urkatzeko instalazio” bat eraikitzen hasi direla. Instalazio horren “behaketa-gelak” isrrealdarrek palestinarren erailketa zuzenean ikusi ahal izango dute. Sionisten basakeriaren adierazgarri argia.


Horren aurka agertu behar gara, ankerkeria hori salatu eta gure esku dagoen guztia egin. Baten batek erranen dizu, jaien erdian, orain eta hemen ahotsa altxatzeak ez duela balio ezertarako. Ezer ez egiteak ez du balio ezertarako, hori bai gauza ziurra dela! Inperialismo ultrakapitalistaren garaian, adorea, indarra eta kemena! Ezinbestekoa da Palestinaren alde agertzen jarraitzea, genozidioak ez baitu etenik.

 


 

2026-07-30

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan


 Hiru kontu

  1.      Israelgo Armadak 73.000 lagun baino gehiago hil ditu; horietarik  20.000 adin txikikoak. Su-etenaz geroztik, Gazako Osasun Ministerioak dioenez, 100

  2.     Israelek okupatu zuen Gazaren erdia eta Lerro Hori bat ezarri eta adostu zen arren, ez du errespetatu. Egun, Israelgo Armadak Gararen %60 du bortxaz hartua.   

  3.     Gazako palestinarrek jarraitzen dituzte erasoak pairatzen eta lekuz aldatzen soldadu israeldarren erasoen ondorioz. Gainera, uda minean, urez eta janariz urri, egoera ezin hobera joan.


Hori horrela, bertze hiru kontu:

Lehenik, gure elkartasun handiena palestinarrei adieraztea eta Armada sionistaren ankerkeria eta basakeria salatzea, hala niola gobernuei eskatzea harreman oro eteteko gobernu sionistarekin 

Bigarrenik, ezin da onartu, ezin normaltzat jo,  behin eta berriz telebista bidez ikusten den Palestinarren giza eskubideen urraketa, Israelek gauzatua AEBen kolaborazioarekin eta Europar Batasunaren isiltasun konplizearekin.

Hirugarrenik, Palestinaren alde jarraitzea ez da soilik bihotzak agintzen diguna, ez da soilik kontu morala; buruak ere erraten digu mundu osoan zabaltzen ari den agintekeria eta eskuindarren olatuari aurre egin behar zaiola, zeren eta Palestina borroka handiago baten lubaki bat da, galdu ezin daitekeena edota berreskuratu behar dena.

Mila egun baino gehiago sionistek genozidioa hasi zutenetik Gazan, eta irmoki jarraitzen dugu aldarrika, uda minean ere, Berriozarko Osasun Etxearen atarian, hileroko azken ostegunean ohikoa den bezala.

 

Gora Palestina askatuta! 

 

2026-01-29

Ez ahantzi Palestina!

 



Gaur, Berriozarko Osasun Etxearen aurreko kale-agerraldian


Berriozarko Osasun Etxearen atarian ostegunero biltzetik hileko azken ostegunean biltzera pasatu gara berriozartar batzuk. Horregatik, aldaketak aldaketa, mila esker zin-zinez ilbeltzaren azken ostegun honetan hurbiltzeagatik.


Zoritxarrez, Palestinako egoerak zalditik astora eta astorik lurrera egin du eta, gainera, munduan inperialismo yankiaren adierazle nartzisista den Trump-ek piztutako krisi berriek arreta eta fokua desbideratu dituzte, bai Venezuelara, bai Groeandiara, bai Iranera; hori horrela, Palestina bigarren maila batean gelditu delarik. Haatik, horrek Israeli mesedegarria zaio inpunitate are handiagoz joka dezan, komunikabideek fokua Palestinatik aldendu eta beste hainbat tokitara fokuratzen dituztelarik.


Beraz, Inperialismo basatiak erasoak biderkatu dituen urte hasiera honetan, ez dakit ohartzen garen zeinen garrantzizkoa den elkartasuna, ze garrantzia duen elkartasunari eta presioari eusteak gobernu sionistak aurrera daraman genozidioa salatuz. Izan ere, su-eten aizuna eman zenetik bostehun palestinar hil ditu armada israeldarrak.


Europaren isiltasun konplizea urratzeko eta Estatu espainolak Israelekiko harreman oro behingoz bertan behera utz ditzan, Palestinak nazioarteko elkartasuna behar du oraindik, eta hileko azken ostegunean osasun etxearen atarian elkarrekin biltzera egiten dizuegu dei, palestinarren ahotsa eta deiadarra ahantzia izanen ez bada. Hurrengo kale agerraldira arte, ezin besoak antxumaturik gelditu eta egunerokoan presioa egiten jarraitu behar da, aldez eta goldez jarraitu ere.


Ez ahantzi Palestina!








2025-10-02

Ez gaitezen isildu, ez gaitezen kikildu

Berriozarko Osasun Etxean

Ez gaitezen etxean gera. Elkar gaitezen berriz ere Palestinaren alde eta genozidioaren aurka kaleetan. Egoeraren larriak hartaratuta bildu gara gaur, kontuan hartuta bart Askatsunaren ontzidia Gazarako bidean zihoala, ausart, irmo, kemen eta erabakitasunez Israelek eraso egin duela. 


Ez diezagutela ziria sar. Bihar ere bildu beharko gara, zeren eta Trump-en plana iruzur handi bat da, palestinarren iritzia kontuan hartu gaberik egina. Hortaz, ezin daiteke plan onik izan palestinarrentzat, kontatzen digutena kontatzen digutela. Gogora dezagun sahararren kasua. Azaroan beteko dira berrogeita hamar urte “Pactos de Madrid” direlakoak sinatu zituztela, jakina, sahararren iritzia kontuan hartu gabe. Mende erdia igarota sahararrak errefuxiatu jaio eta errefuxiatu bizi dira, basamortuaren basamortuan, baina Mendebaldeko Sahararatik at, Marokok sahararren baliabideak ustiatzen dituelarik. Mendebaldeko Sahararen aurrekaria ikaskizuna dugu. Ez gaitezen engaina.

Ez dezagun etsi. Ohartzen al gara iruzurgileen manipulazioari buru egiteak ze garrantzia duen? Nahitaezkoa da Palestinari buruz hitz egiten jarraitzea, gure ahaleginak biderkatzea, Palestinaren aldeko gure engaiamendua berrestea. Jarrai dezagun hitz egiten Palestinaz, jarrai dezagun Israel estatu sionista salatzen eta boikoteatzen. 

Ez gaitezen isildu. Askatasunaren ontzidiaren aurkako eraso bidegabea salatzeko eta atxilotuen berehalako askatzea eskatzeko, hala nola  Israelerako armen bahitura eta estatu sionistarekiko harreman oro galdegiteko, kalera. 

Berriozarren kale agerraldi bat egin ordez, hiru egin ditugu gaur: Osasun Etxearen atarian 11etan, Institutuaren sarreran beranduxeago eta Euskal Herria plazan ilundu aitzin. Ez gaitezen isildu, ez gaitezen kikildu.

Berriozarko Euskal Herria plazan





2025-06-03

Gerraren kontra, lehen lerroan


Iruñeko Gaztelu plazan, jendaurrean aurkeztu dugu Gerraren aurkako hitzak / Palabras contra la Guerra 2023/2024, aurreko bi urte horietan gerraren aurka egindako ekitaldietan irakurri ziren testu antimilitaristen bilduma, Liburuaren aitzin-solas laburra, hiru ataletan banatuta, jarraian irakurgai.




Hasiera 

Liburu honetan, lagun anitz eta askotarikok idatzi dituzten testu, istorio, olerki eta aldarrikapenak aurkituko dituzu. Ekimen hau ez gaur goizekoa. Urtez urte eta lerroz lerro egin da hogeitaka urte luzez, laurogeita hamalautik. nahi baino urte gehiagoz. Izan ere, paradoxikoa badarik ere, eskuartean duzun liburu hau plazaratzen duen ekimenaren helburua desagertzea litzateke, alegia, urtero gerren kontrako ekimen hau errepikatu behar ez izatea. Gu ere ez gara gaur goizean sortuak, ordea, zeren eta gerrak, izan, badira: Sahara, Palestina, Ukraina, Sudan, Libano, Siria, Somalia, Yemenen... 

Gerra horietan guztietan, NATO eta enparauak leporaino sarturik daude, interes geopolitiko eta ekonomiko inperialistak xede eta helburu dituztelarik. Katixa Agirre idazleak dioenez, “Zer esango dizuet, ba, lagun zahar baten erruz. Kapitalismoa du izena, eta estraktibista abizena”.

Horregatik gerra-hotsak diraueino, gerraren kontrako ahotsak eta hitzak biltzen eta zabaltzen jarraituko dugu hau bezalako liburu baten bidez. Bihotzetik ateratako ahotsak eta hitzak aurkituko dituzu, bihotzetik eta bihotzez izkiriatuak, norbanakoen hizkiak, hitzak eta lerroak, gerraren kontrako lehen lerro metaforikoa hitzez eta ekintzez osatzeko. Gerraren kontrako ahotsak eta bihotzak aurkituko dituzu lehen lerrotik.


Korapilo 

2025eko udaberri honetan bizi dugun nazioarteko egoera ezegonkor eta korapilotsu honen aitzinean, bi aldarrikapen egin nahi ditut, laburzki:

Alde batetik, gobernuei irmoki egiten diet eskaera bat: ordaintzen ditugun zergen euro bakar bat ere ez bideratzeko ez Israelera, ez Marokora, ez Ukrainako gerrara, ez beste inongo gerratara, ezta arma bakar bat gehiago bidaltzeko ere.

Beste aldetik, Europa zaharraren mandatarien ahotan “autonomia estrategikoa” barra-barra dabilelarik, gogora dezagun Hego Euskal Herriko gehiengoak ezetz erran ziola NATOri, ezezko biribila 1986ko martxoaren 12ko erreferendumean. Hori horrela emaitza hori errespetatzeko eta Ipar Atlantikoaren Akordioaren Erakundetik —NATOtik— jalgitzeko egiten dut galde, berandu baino lehen jalgi ere.


Bukaera 

Amaitzeko, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, dei egiten dizut, irakurle, gurekin bat egiteko gerren kontrako lehen lerroan. Ene nahimena da, hitzez hitz, lerroz lerro eta orrialdez orrialde, liburu hau goza dezazula nik aitzin-solas hau egiten gozatu dudan adina.


Bestalde, eta espero izatekoa zenez, Palestina izan gaur da testu gehien-gehienen mintzagaia. 






2025-03-27

Infernuan erre daitezela Rafah-ko sarraskiaren erantzuleak

Thomas Gould Sinn Feineko parlamentariak Dublineko Parlamentuan egin berbaldiak hautsak harrotu ditu, harrotu dituenez.  


Ikusten ditugunean handik etortzen zaizkigun argazkiak, bideoak. telebista-irudiak, eta entzuten ditugunean umeak garrasika. Garrasika!

Israelek gizon, emazte, umeak erre egin ditu, bizirik kiskali ere.  15.000 ume, 45.000 gizon eta emakume! Eta umeak! Sinesgaitza da, zinez...  Gertatzen ari den genozidioa, sinesgaitza. Ume bat bururik gabe... Ume bat bururik gabe! Eta Israelek dio errore bat izan dela. Errore bat? Baina non dago gizatasuna? Non!

Espero dut Netanyahu infernu gorrian erretzea...! Infernuan erretzea bere jeneralekin eta eskuin muturreko gobernukideekin, bai, infernuan kiskali daitezela. Zeren eta gertatzen ari dena ez da soilik apartheid; izugarrikeria bat da, gerra krimena; izugarria; ikaragarria.  

Juduek, historian zehar  hamarkadatan izugarrikeriak jasan dituzten horiek beraiek nola uzten diote, euren Gobernuari, horrelako ekintza izugarriak egiten eta zuritzen beste gizaki batzuei. Gizakiak, bai; baina Netanyahuren begietan palestinarrak ez dira gizakiak. Baina gaur eta hemen, Irlandako Herriak dio: Palestina izan, badela. Israelen lotsarako! Lotsagarria baita egiten ari direna eta sekula ez da ahantzia izanen!


Gaur Berriozarren egin dugun Palestinaren aldeko kale agerraldian, Thomas Gould-en hitzok entzuteko parada izan dugu. 



2024-08-30

Gazako Olibondoetan

 


Noraezean dabilen mundu baten hondakinen artean
kondenatuta nago urrats bakoitzean.
arimaren une bakoitzean.
Hitzak bilatzen ditudanean,
malko ukiezinak aurkitzen ditut,
goizez esnatzean,
eguzki-izpien artean

hezetasuna altxatzen denean,
ume bat hondakinen artetik ari da irteten
parke baten bila
beste batzuek alfonbren artean hitz egiten dute
irribarre egin eta badoaz.

Nork etengo du bonben burrunba?
Nork ereingo ditu loreak holokausto hau amaitu dadin?
Aski dugu gorrotozko irribarrez
bizitzaren suntsipenaz.

Malkoek ez dute etenik
haur bakoitzarekin, adineko bakoitzarekin
bizitza hautsi bat hiri fantasma batean
egunero hiltzen den kanpamendu bat.

Eraman zuen gorrotoa,
zuen armak
urrundu zaitezte zeru izartsuan
utzi euriari hodei bakoitzean itzultzen.

Han, Gazako olibondoetan
ume baten irribarrea sortuko da berriz.


 Saharako poeta Ali Salem Iselmu-ren olerkia



2024-03-21

Arteari buruzko zure predikua pikutara, gure jendea hiltzen ari delarik

Poesiaren Nazioarteko Eguna den honetan, Noor Hindi olerkari palestinar-iparamerikarraren poema bat, Palestinaren alde Txantrean egin poesia-emanaldirako euskaratua:  Arteari buruzko zure predikua pikutara, gure jendea hiltzen ari delarik



Kolonizatzaileek loreei buruz idazten dute

Nik hitz egiten dizut Israelgo tankeei harrika egiten dieten umeez,

bitxilore bihurtu baino segundo batzuk lehenago.

Ilargiaz kezkatzen diren poeta horien antzekoa izan nahi dut.

Palestinarrek ez dute ilargia ziegetatik eta espetxeetatik ikusten.

Bai ilargi ederra.

Bai lore ederrak.

Aita zenarentzako loreak beltzen ditut goibel nagoenean

Bera egun osoa Al Jazeera telebistari begira.

Jessicak Ramadana zoriontzeko mezuak bidaltzeari utziko ahal dio.

Badakit iparramerikarra naizela zeren eta gela bat zeharkatzen dudanean zerbait hiltzen da.

Heriotzari buruzko metaforak poetentzat dira, mamuei soinua interesatzen zaiela uste duten poeta horientzat.

Hiltzen naizenean, zin degizut betiko jarraituko dizudala.

Egunen batean loreei buruz idatziko dut haien jabe bagina bezala.

  



2023-10-30

Hiba Abu Nada olerkari palestinarra hil egin du Israelgo Armadak

 

“Hiltzen bagara, jakizue harro eta irmo hil garela, eta Munduari jakinarazi, gure izenean, pertsona zintzoak garela, zuzenak",

Hiba Abu Nada emakume olerkaria Israelgo Indar Armatuen bonbardaketen ondorioz hil zen, hilaren 20an, Gazako Zerrendan, Al Mayadeen komunikabideak jakinarazi zuenez.

Kazeta horren arabera “Ama Lurraren negarren eta Israelgo Armadaren misilen artean Hiba Abu Nada idazlea hil da, Khan Yunis herrian, 32 urte zituela,”,

Era berean, idazlearen heriotzaren berria bertako Kultura Ministerioak egiaztatu zuen.

Oxijenoa ez da hildakoentzat nobelaren kari, 2017an, Abu Nada-k Arabiar Sormanerako Sharjah sariketaren bigarren saria erdietsi zuen.

Iragan den ostegunean, hil aitzin, hauxe eman zuen argitara:

“Hiltzen bagara, jakizue harro eta irmo hil garela, eta Munduari jakinarazi, gure izenean, pertsona zintzoak garela, zuzenak. Oi, Jainkoa. Hiba”.

Al Mayadeen kazetaren arabera, haren azken poema, eraila izan zen egunaren bezperan idatzia zuen:

“Gaua iluna da, ezpada misilen distiragatik; isila, ezpada bonbardaketen zaratarengatik; beldurgarria, ezpada otoitzaren promes lasaigarriagatik; beltza, ezpada martiren argiarengatik. Gabon”.

Marwan Makhoul poeta palestinarrarena









2014-03-06

Harria eta olibondoak

Harria eta olibondoak Bingen Amadoz lagunaren azken —oraingoz— liburua dugu. Kazetari eta idazle nafartarrak Palestinara brigadista egindako bidaietan bizitutakoak eta ikusitakok jasotzen ditu hogeita hamar testu laburrez, lekukotasun zirraragarriz: "Kontatzeko ahalmena neukanez, isilik gelditzea ez zitzaidan zilegia iruditu."

Atzo Iruñeko Auzolan liburu-dendan liburu horren aurkezpen ederra egin zuen Bingenek, Sodepaz elkarteko Xabier Aguirregabiria lagun zuelarik.


Xabier Aguirregabiria eta Bingen Amadoz

Harria eta olibondoak liburua ele biz dago, euskaraz eta gaztelaniaz, eta informazio gehiago Sodepaz-en weborrian duzu.