2012-12-06

Serora batek esanak


Duela 25 bat urte serora batek hitzaldi bat eman zuen Berriozarko parrokian. Serora hori Filipinetan ibilia zen hainbat urtez, hango behartsuei laguntzen-eta, harik eta paramilitarrek jo-mugan jarri zuten arte. Orduko gotzainaren aginduz, Filipinetatik atera eta serora Euskal Herria etorri zen. 

Hitzaldian, gogoan dut, serora horrek ez zuen serora-jantzirik eramaten, eta  horrek lagundu zuen harengana hurbiltzen, —gaur egun Errekalde kalean bizi diren serorekin gertatzen den ez bezala—. Orduko hitzaldi hura goxoa izan zen, bertatik bertara emana, Berriozarko parrokian, parrokia zabala eta irekia zen garaian, —gaur egungo apaizarekin gertatzen den ez bezala—. Hitzaldi hartan hainbat kontu aipatu zuen, baina bat azpimarratu nahi dut. Serora hark esaten zuen —garai hartan!— hemen, Europan, kontsumismoa handia dela, baina gauza guztiekin, baita kulturarekin ere; kultura maite duen jendeak, hemengo jendeak, kontsumismoa egiten duela gauza guztiekin, baita kontu kulturalekin ere: liburuekin, adibidez. 

Gaur goizean serora hark esandakoa gogorarazi dut neska-lagunak, etxean pilatuta ditugun liburuak non jarri ez dakigularik. Liburu-jale apetatsua izanik, jadanik ez dut kontrolatzen ze liburua dudan eta zein ez, zein eta nori utzia eta zein eta non galdua. Orobat, apalategiko liburu batzuk irakurritzat ditudan arren, ez naiz gai gogoratzeko irakurriak ditudan ala ez. Horixe gertatzen zait, adibidez, ondo-ondoan ikusten dudan El bastardo liburuarekin. Hitzok idazteari utzi, aulkitik altxatu, ondo-ondoko arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi... eta bai! Egilea, Alberto Irigoyen uruguaiarra da; eta bai! Orriak pasatu ahala  irudi lauso batzuk ari dira iratzartzen ene garunaren txoko ezkuturen batean... Bai, aspaldi irakurri nuen, baina zapore gazi-gozoa utzi zidan. Agian berriz irakurri beharko nuke. 

Izan ere, asko ikasten da liburua irakurriz, baina baita liburuak berrirakurriz. Gainera, ni ez naiz duela 20 urteko bera —gauza bistakoa da— eta ideia bat dabilkit buruan jira-biraka: liburu zaharrak irakurtzeari ekin behar diot berriro. Adibidez, Andolin Eguzkitza zenaren Heriozaren itzalpeetan liburua. Berriz ere lerrook lotzeari utzi, altxatu, arasan dagoen liburua hartu, zabaldu, begiratzen hasi Bai! 1998ko martxoan irakurri nuen, artean Andolin bizi zela... Eta bai!, liburua irakurri nuen, dudarik ez dut, azpimarratuta daudelako esaldi zenbait, eta alboko ohar batzuk, arkatzez eginak... 

Buruan jira eta bira dabilkidanez ideia hori, erabaki bat hartu dut: liburu gehiagorik ez dut erosiko, harik eta etxeko liburu guztiek sortutako anabasa txukundu, sailkatu eta berriz irakurri arte. 

Baina nor ari naiz engainatzen? Ene burua engainatzeko bezain txepela ote naiz? Badakit ez dudala beteko arestian agindutakoa. Serora batek esana dakit kulturarekin, liburuekin adibidez, kontsumismoan erortzen garela, eta "tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da". Hori ez zuen serorak esan, jakina; Oscar Wildek esana da. Durangoko liburu eta disko feriara joanen naiz bihar-etzi, eta Oscar Wildek esandakoaren eta serora horrek esandakoaren arteko lehia bizia izanen da. 


Serora bat Vatikanon, Pinaburuaren patio ospetsuan

No comments: