Munduan ez dago herririk bere konkista ospatzen duenik. Hemen, ospatu baino gogora ekarri dut duela bost mende Espainiak Nafarroa Garaia, odol eta gar, azpiratu zuela. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren; batzuek libre adhesión izendatu arren, gaur inork gutxik sinesten du Jaime Ignacio del Burgoren bertsio kamutsa, besteak beste, urte osoan zehar Nafarroa Bizirik ekimenak egindako lanari esker.
Gaur egun berezia izan dugu Berriozarren. Ezkabaren magalean dagoen Berriozar herrian, gaur dela bostehun urte, Nafarroako errege Enrique IIIk hartu zuen ostatu, segur aski Juan Ezpeletako jaun leialaren jauregian, gaur egun oraindik auzo zaharrean dagoen jauregian. Nafar tropek mugaz bestaldeko bidea hartu aitzin egon zen Berriozarren; horren froga, idazki bat, 1512ko abenduaren 1ean sinatua "Berrio"-n. Gertaera horiek guztiak gogora ekartzeko hitzaldi bat egin berri da aste honetan bertan Berriozarko kulturgunean.
Hitzaldian parte hartu zuten, Patxi Pitillas lagunaren argazkietan dakusazunez, Javier Ilundainek eta Carmelo Urrak. Garai historiko horretan kokatzeko mintzo zen Javier Ilundain; Berriobeitin sortua, komertziala lanbidez baina jadanik erretreta hartuta, euskaraz eta erdaraz arituz zen.
Bestalde, Carmelo Urra, Barindanokoa baina aspaldi Berriozarren bizi dena; Mendialdea eskolako maisua eta Berriozarren historiaren sustraiei begiratzera emana, artxibategietan hainbat eta hainbat ordu pasatu dituena, jubilatu aitzin eta baita jubilatu ondoren ere.
Carmelo Urra eta Javier Ilundainekin
Hitzaldia bizia eta entretenigarria izan zen, kontu guztiz jakingarriak ederki azaldu baitziren. Besteak beste, Berriozarrekin estuki lotuta dagoen Juan Ezpeletako baroiaren soslaia eta baita Donamaria kapitainarena ere. Bitxia da: espainolen aldeko Donamaria mertzenarioak badu kale bat Berriozarren, Donamaria kalea hain zuzen, neroni bizi nintzen kalea; Juan Ezpeletako jaun nafarrak ez al luke merezi plaza bat?
Bukatzeko, Eliza Katolikoak nola jokatu zuen Gaztelako Fernandoren alde eta Nafarroaren kontra azpimarratu da: Fernandok “arma espiritualak” eskatu zizkion Juan II. Aita Santuari eta honek bulda ospetsua eman zuen, non aldarrikatzen zen eskumikatuko zituztela Nafarroako erregearen aldekoak gaztelarren konkistari aurre eginez gero...
Berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ginen Berriozarko Kulturgunean
No comments:
Post a Comment