Irakurzaletasuna gazteen artean zabaltzeko programa interesgarri bat martxan da, Ezpizentroa izenekoa, Nafarroako Liburutegien Sarearen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko elkarlamaren emaitza. Epizentroa programa horren lehen saioa aste honetan egin da Burlatako Liburutegian eta Miñan izeneko liburua izan genuen mintzagai. bertan ikasle talde politak parte hartu zuen, bi institututatik etorriak, Sarrigurengo Institutik eta Burlatako Askatasunatik hurrenez hurren. Lehen saio honetarako Amets Arzallus eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan arrakastatsuaren pasarte pare bat aztertu genuen bereziki: hasiera, adibidez.
Ni Ginean sortu nintzen, baina ez Ginea Bissaun, ez Ekuatore Ginean. Bada beste bat Konakri duena hiriburutzat (...) Han gertatu nintzen sortzean.
Ni fula etniakoa naiz, eta gure hizkuntza pularra da, baina hitz egin nezake malinkez. Susuz ere moldatzen naiz. Ginean hogeita bost hizkuntza hitz egiten dira. Frantsesa ere bai. Hogeita sei. Hori ere badakit, eskolan ikasi nuelako. Baina ni fula naiz, pularrez hitz guztiak dakizkit.(15. or.)
Nik, aukeran, nahiagoko nuen seme zaharrena ez izan. Beharbada bigarrena, edo azkena, baina zaharrena ez. Horrek gauzak pixka bat aldatuko zituen. Baina hori jainkoak erabaki du, eta nik ezin dut ezer esan. Gure etxera ni lehen posizioan iritsi nintzen eta bigarren posizioan, Alhassore. (35. or.)Ama ospitalera eraman genuen egunean, “Koto; zuk zer egingo duzu orain? Koto gure hizkuntzan anaia handia da. (...) Irri egin zuen, ezpainekin. Eta begiekin.Miñan hitzak pularrez anaia edo arreba txikia esan nahi du (45. or.)
Gazteei galdetuta zein ote zen liburuko pasarterik adierazgarriena, neska batek —barka biezat izena ez gogoratzeagatik— pasarte hau azpimarratu zuen:
Hor zaudenean ez zaude ez Arjelian eta ez Libian, hori poliziaren eremua da. Eta polizia ez da izutzen, badaki zer den pertsona bat torturatzea. Eta pertsona hori ni bezalakoa baldin bada ez du joko hanketan edo eskuetan, joko du hanken artean, edo buruan. Badaki mina hor gordetzen dela.
Nik ez nuke hitz egin nahi holako gauzez, kontatzen dudanean ikusi egiten dudalako, nire begien aurrean, esplikatzen ari naizen guzti. Zu orain hemen zaude, entzuten, baina ni han nago, nire haragiaren barruan, eta kontatzen dudanean berriz bizi dut esplikatzen ari naizen guztia. Horregatik ez nizuke hitz egin nahi halako gauzez. Baina zuk galdetu didazu, eta esan dizut. Eta esan dizudanean berriz sentitu dut dena.Batzuetan pentsatzen dut, lortuko ote dut hau dena ahaztea?
Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharren lekua hartzen du. Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer. Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.
No comments:
Post a Comment