Paper zaharren artean
aztarrika duela hamar urteko bilera baten akta bat aurkitu dut.
Hezkuntza administrazioan egiten nuen lan garai hartan, eta bilera
horretan, zerbitzuburu batez gain, atalburu bat, bi bulegoburu eta bi
teknikari ginen. Garrantzi handiko bilera horren akta —nola ez— teknikarietako bati jasotzea egokitu zitzaion: niri, alegia.
2004an
ginen, eta Egitasmo europarrak
izenburupeko bileraren aktaren aztergaiak
munta handikoak ziren: Irakasleen trebakuntzaz, Informazio eta
Komunikazio Teknologiak, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza long
life learning eta, batez ere, Anders
Hingel-ek, Europar Batasuneko Hezkuntza komisarioak emandako txosten
mamitsu baten berri: Txostenaren izenburua, ezin argigarriagoa:
Europar Batasunaren helburuak 2010ari begira.
Hona
hemen duela hamar urte ezarritako helburu estrategikoa (zilegi bekit
hitz estrategiko hori baliatzea, bestela, nagusia
esanda ematen du ez dela hain
estrategikoa)
"Europako Hezkuntza sistemen
eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea."
Helburu estrategiko hori
xehatzeko orduan, hiru nagusi aipatzen ziren
- Irakasleak eta irakasleen trebakuntza hobetzea
- Informazio eta Komunikazio Teknologiak eskura jartzea
- Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa eta porfolioa. Azken honetaz, ezartzen zen helburu gisa Europako ikasle guztiek nork bere portfolioa 2010erako helburu zela.
2014an gaude, eta xede
arranditsu horiek, jakina, ez dira erdietsi. Areago, Europako
Hizkuntzen Porfolioaz inor gutxi oroitzen da. Porfolioa zertan
zetzan, zertarako zen eta nola erabili ikasteko ikastaro horien
guztien karpetak etxean dauzkat pilaturik. Kasu gehien-gehienetan,
tamalez, portfolioa ur errea da.
Zenbat lan ordu, zenbat
ahalegin, zenbat paper ez genuen erre inora eraman ez gaituen tren
hori bultzatzen?
“Goitik” etortzen
zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mende bizi
gara irakasleok; bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkatu eta
durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak
itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume
bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek den-dena irakasleok egiteko
agintzen digute, eta epeak ezartzen dizkigute. Gero, agian,
politikari horiek joaten dira eta beste batzuk datoz, eta denek nahi
dute euren inpronta utzi.
Oroitzen al zara
Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen
da orain Jesús Laguna kontseilari zenaz? Eta Luis Campoy kontseilari
tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten
duela urte gutxi, CDNren izarra betiko itzaltzearren, UPN-k eginiko
jokaldi politikoaren ondorioz. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto
Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan
Alberto Catalan esanekoa izan da hezkuntza kontseilaria, UPNren
zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izanik.
Eta oraingoa, Iribas, “LOMCE a la navarra” aplikatu nahi duena,
murrizketaren maisua...
Ez, Iribasek ez du
dimisoa emango, denok aldez edo moldez eskatuta ere, ez da bere kasa
joanen; urtebete barru eginen diren hauteskundeetan Iribas eta
enparauak botatzekoa aukera dugu, eta orduan beste kontseilari-ohien
zerrendan izen bat baino ez da izanen... Baina horretarako,
irakaskuntzan ibiltzen garenok urtebete jasan beharrean, Iribasi
aurre egin behar diogu bene-benetan bere azken urtea izan dadin
kontseilari. A! Eta besoak gurutzaturik gelditzen bagara, ez etorri gero
koplekin!
No comments:
Post a Comment