2014-07-04

Barcinaren argazki-beharra


Oraindik Nafarroako gobernuburu den Barcina andereak harrera egin berri die ume sahararrrei sanferminen atarian. Ume sahararrek bi hilabete ematen dute gure etxeetan, Oporraldia Bakean programa arrakastatsuari esker, eta bertan zaindu, artatu, babestu, elikatu, sendatu eta, batez ere, maitatu egiten ditugu. Eta egia da ume horiek askoz gehiago ematen digutela ordainetan: neurri gabeko maitasuna, begirunea eta, batez ere, herri txiki baina duin baten berri; neska-mutiko horiek Saharako enbaxadorerik onenak dira.

Barcina andreari, bere irudia hobetzeko premian eta beste irudi arrakastatsurik ezean, agenda ad hoc prestatu omen diote, eta ume sahararrak baliatu ditu argazki bat lortzeko. Izan ere, ez zen beharrezkoa, Nafarroako Parlamentuak jadanik harrera ofiziala egin dielako aste honetan; antza, Barcinari berdin izan zaio Nafarroaren ordezkarien gainetik pasatzea argazki itxuroso bat lortzeko. Iruñeko alkate Enrique Mayak berak zinegotziekin batera hartu ditu ume sahararrak aste berean, eta ez bakarrik, kameren aurrean esklusiban ateratzeko, Alli kontseilari fidelarekin batera.

Ume sahararrak hartzen ditugun guraso askok ez dugu parte hartu Barcinaren harrera horretan. Nafarroako Gobernuko prentsa-oharrak zioen “veintena”, baina argazkiari erreparatuta, dozenatik hurbilago dago ume kopurua hogeitik baino. Nolanahi, ekitaldi horretan parte ez hartzeko arrazoiak agerian uztea beharrezkoa iruditzen zaigu. Izatez, Sahararrek pairatzen duten egoera latza ez du urakan, ez lurrikada, ez itsasikara, ez lehorte batek sortu. Espainiako Erresumaren erantzukizun moral, potitiko eta juridikoa agerikoa da gertaera historikoen argitan. Izen-abizenak dituzten politikari jakin batzuek sortutako injustiziazko kinka batean bizi baitira ume sahararrak hamar hilabetez urtean. Eta injuztizia hori arintzeko guztiz txalogarria da Oporraldia Bakean izeneko programa, baina badakigu, jakin, Saharak justizia eta askatasuna behar dituela erdietsi, urterik urte luzatzen ari den egoera larria konponduko bada.

Horregatik ez da zilegia erabiltzea ume saharar horiek haren helburu pertsonal eta propagandistikoetarako. Urtetik urtera diru-laguntzak urritzen dituen bitartean, ez da bidezkoa ume sahararrak hartzea sasi-gurasokeriaz betetako ekitaldi anpurus batean, biharamunean “argazki on bat lortzea” beste xederik izan ez duen ekitaldi batean. Barcinaren agintaldia agorturik dagoen honetan, presidente andereak prentsan adeitsu eta irribarretsu agertu nahi du, eta horretarako erabiltzen ditu ume sahararrak; guraso asko ez gaude prest Barcinaren konpartsa osatzeko.

Antza, Espainiak Nafarroan duen ordezkari Alba andereak ere ume sahararrekin argazkia egin nahi du; ordezkaritza hori bera ume sahararrak ekartzeko trabak eta izapideak, erraztu ordez, urtetik urtera biderkatzen dituelarik... Bada, ez kontatu gurekin beste argazki horretarako.

Sahararrek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen den gisa berean, hemen ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko Gure Esku ekimenaren giza kale erraldoi arrakastatsua egin zen, Durango eta Iruñea lotu zituena. Horren haritik Barcina presidenteari otu zitzaion esatea herritarren ekimen hori ez zela espontaneoa izan eta ume txikiak erabili zirela. Zozoak beleari...

Barcinak, hitzez hitz, adierazi du “su deseo de que se alcance cuanto antes una solución definitiva que garantice un futuro mejor del pueblo saharaui” Baina, praktikan, zer egin, egiten eta eginen du goi agintari honek Saharararen alde, argazkian agertzeaz gain? Presidente batek badu zereginik Mendebaldeko Sahararako Konponketa-Plana sustatzen, Saharako herriak hainbeste urtez pairatutako sufrimendua bukatuko bada, erreferendum argi, garbi eta demokratiko bat behingoz egin dadin, Saharako Herriak bere geroa erabakitzeko duen eskubidea bermatuko duena.

Harro gaude ume sahararrekin, pozik gaude geure etxeetan hartzeaz, baina gustatuko litzaiguke ume hauek geure etxeetan hartu behar ez izatea, egunen batean Oporraldia Bakean programa beharrezkoa ez izatea alegia; horrek esan nahiko luke sahararrak euren lurrera, Mendebaldeko Saharara, itzuli ahal izan direla, Argeliako basamortu gorrienean, hamadan, dauden Tinduf-eko errefuxiatu kanpamentuak betiko utzita. “Oporraldia Mendebaldeko Sahara librean” bidaia antolatuko genuke gustura, eta gu joanen ginateke bisitan hara sahararrek prestatzen duten tea nana-rekin, mendafinarekin, berriz dastatzera, Sahara askean...

No comments: