Gazte ziren, euskaldun ziren, eta lagun preso bat bisitatzetik
bueltan zetozela, Madrilen gelditzea erabaki zuten bisita turistiko
bat egiteko. Madrilgo errege jauregira joatea otu zitzaien, beste
preso baten senideei entzuna baitzioten merezi zuela. Erraza egin
zitzaien aurkitzea eta jauregiaren kanpo aldean barkillero bat topatu
zuten, Jose Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa
zirudiena. Ironia guztiarekin, gazte euskaldun horietariko bat
saltzailearengana hurbildu eta barkilleroari, errege jauregiari
begira, galdetu zion ea han bizi ziren errege-erregina.
Paper-festa-n Anjel Lertxundi-k adierazi zuen: “Ironia eta
iraina oso hitz hurbilekoak dira. Eta esanahiaren aldetik, ironia
askotan iraingarria baita, biak sinonimotzat hartzen dira sarri”.
Barkilleroak ez zuen ironia harrapatu, iraintzat hartu baitzuen
galdera, eta sinkope bat sufritu behar zuela zirudien arren, Jose
Luis López Vázquez-en eta Tony Leblanc-en nahasketa haragiztatuak
arnasa hartu, erdeinuzko aurpegia jarri, eta purrustaka esan zion ea
nola zen posible espainol batek ez jakitea Zarzuela jauregian bizi
direla errege-erregina.
Izan ere, barkillo-saltzaileak ez zekien aurrean zituen gazteak ez
direla sentitzen espainol, Espainiari eta Espainiako
errege-erreginari eskertzeko deus ere ez dutela gazte euskaldunek.
Gazte euskaldun horien laguna utzi berria zuten Toledo eta Madrilen
arteko mugan dagoen espetxe batean, sei urteko kartzela-zigorraldia
betetzen Espainia monarkiko honek legez kanpo utzitako erakunde
bateko kidea izateagatik. Bi mila egun baino gehiago Aranjuez-en.
Espetxe hori Juan Carlos erregek berak inauguratu zuen, sarreran
bisitariei ongietorria emateko plakak aldarrikatzen duenaren arabera.
Baina hori nola azaldu Tony Leblanc-en eta Jose Luis López
Vázquez-en nahasketa den barkillero bati? Batzuetan, elkarrizketa
bateko solaskideen arteko amildegia Urbasako leize-zulo guztiak baino
sakonagoa da.
Egun horretan gazte euskaldunek ez zuten errege jauregia bisitatu
nahi izan, bertan dagoen armarri berezi bat ikusteko aukera galdu
zuten: Juan Carlos-en armarria zutoihal handi bat, bertan Falange-ren
ikurra duena, uztarri eta geziak hondo urdinean.
Hori ez zuten ikusi,
eta barkillorik ere ez zuten erosi nahi izan.
Espainia horrelakoa da: uda honetan, Moraleja de Enmedio herrian,
Madrilen, Falange-ren Cara al sol ereserkia jarri dute, udal
plazako bozgorailuetatik dena emanda, balkoian armarri frankista
airean. Ikusi, ikusi! Hori da hori marka, marca España!
Ez gaitezen harritu, beraz, ez badiote Espainiari olinpiadak antolatzea esleitu.
No comments:
Post a Comment