2025-06-28

Angel Urrutia omentzeko errezitaldian

 


Angel Urrutia poesia talde bat da, gaztelaniazko poesia lantzen duena. Lekunberrin jaiotako Angel Urrutia Iturbe poeta zenaren izena daramana. Atzo Lekunberrin bertan Nafar Ateneoaren Angel Urrutia taldekoak ez ezik, Joxemial Bidador taldeko olerkari euskaldunok ere parte hartu genuen haren omenezko errezitaldian. izan ere, Angel Urrutiak erdaraz idatzi zuen arren bere obra ia osoa, euskarazko poema gutxi batzuk ere utzi zituen izkiriaturik, baina Angel Urrutiaren alde euskalzalea menostua izan da, maleruski. Informazio gehiago Juankar López-Mugartzak  idatzitako artikulu intereagarri askoan, Forntes Lingua Vasconum aldizkarian argitaratutakoan.

Angel Urrutia taldearen 25 urteko ibilbidea ospatzeaz gain, batez ere atzoko saioan Angel Urrutia bera ezagutarazteko eta omentzeko xedez parte hartu nuen, eta poesia-errezitaldian zer hoberik soneto baten bidez baino, Angel sonetista handia izaki? Hona hemen nire ekarpena atzoko emanaldirako. 


Angel Urrutia, agur t’erdi


Iritsi da iritsi agur egitekoa 

Lekunberrin gaude, zuei eskerrak aurrena 

bihoakio poetari gure omena, 

agur eta aintza Angeli, behin-betikoa


Ama-hizkuntza euskara, gogaide sormena 

Uitzin hazitu arren, Lekunberrikoa 

sonetorako jaidura erabatekoa 

gazterik hil zen-eta, horixe da txarrena 


Gogoan Euskal Herriari olerkiak saila daramatzat

Berriz piztuko da, ez ahaztu, atxik azkar!

Gernikako Arbola har dezatela aintzat  

 

Gogoan Angel Urrutia, poeta nafar,

inork ez dezala har bigarren mailakotzat 

inork ez beza Urrutia ahaztutzat har. 


Errezitaldi ederra eta naroa atzokoa, Nafarroa Garaiko bi hizkuntzetan idazten dugun Nafar Ateneoko poeten arteko loturak egiteko eta sendotzeko balio izan duena.







No comments: