2011-03-20

Japoniatik, adeitasunez

Japoniako lurrikararen ondoriozko tsunamia jasan eta gero, Fukushimako hondamendi nuklearra. Reiko Furuno lagun japoniarrari posta elektroniko bat bidali ez bidali ibili nintzen, duda-mudatan. Badakit Tokiotik hegoaldera bizi dela senarrarekin, Taketorekin; ez nuen astun jokatu nahi, nahikoa lan izanen baitzuten kinka horretan munduaren beste puntan bizi den euskaldun baten mezu gogaikarririk jaso gabe ere.

Azkenik, kirioak dantzan, mezu bat bidali nion nire kezka agertzeko eta ongi egotea espero nuela esateko. Erantzuna, baina, ez zen nahi bezain azkar heldu, eta are urduriago jarri nintzen. Hondamendiaren irudi danteskoak burutik kendu ezinik ibili nintzen… harik eta Reiko lagunaren erantzun amultsua jaso nuen arte. Eskerrak emanda, onik eta ongi zeudela ihardetsi zidan; gaitzerdi!

Alabaina, Reiko ez da Japonian dudan lagun bakarra. Etsuko laguna ere han dago; berari ere mezu bat igorri nion, baina oraindik ez dit erantzun… Eta nahiago nuke, zinez, hau guztiau nire ipuin horietako bat balitz.

No comments: