2025-12-08

Jose Austin Arrieta-ren "Palinpsestoa" Durangoko Azokan



Jose Austin Arrieta, solaskide


Durangoko Azokaren abaroan, Jose Austin Arrieta Ugartetxea donostiarra aurkezteko eginkizun eta plazera izan nuen, Ahotsenean. Idazleak hirutan hogei eta hamabortz, eta bizitza oparokoa, inondik ere: Filologia Erromanikoan lizentziaduna, irakaslea, poeta, UZEI eta UEUn ibilia, Kutxan, kontu-hartzaile... eta Euskaltzain urgazlea ere bai! Kltismo bat baliaturik, “Homo Faber” bat.. Derradan, bidenabarkoan, Max Frisch suitzarraren Homo Faber eleberria euskaratu zuela gure solaskideak, baita William Goldingen Eulien Ugazaba ere, bertzeak bertze. Horatz eta beraz, itzultzaile ere bai.


Joxe Austin Arrieta gure idazle handietarikoa da, ez ulertua eta askietsia, euskalalari suharra eta Euskal Herri euskaldun, batua eta sozialistaren aldeko ekintzaile zaildua, eskarmentu handikoa. Hona ekarri gaituena, bere opus magna, zeren eta “Idazle bat ez da sekula erretiratzen, jubilatzen baizik” eta berak erretreta hartu zuenetik orain arte bilduta eta idatzitakoa jasota da Palinpsestoa mardulean.


Nabigatzaileendako oharra


Liburua poliki-poliki irakurri beharrekoa, egiturak eta ezaugarriek hartaratuta, idazlanak eskatzen dituen arreta eta tai gabeko excursus anitzek eta askotarikoek behartuta, kontuan hartuz, gainera, hamaika geruzatan dagoela antolatuta, tipula baten gisara eta egileak berak idatzia duenez; Jose Austin Arrietak berak dioenez, “hitz-jolasetarako nire mania, mamiari ezin eta durundiari beharko ekin.”


Palinpsestoa liburu aberats eta naroa den obra handi bat duzu, zaila sailkatzen, nobelaren, kronikaren eta saiakeraren arteko esparru lausoa, liburu hibridoa, sailkatzeko tenorean liburuzainen buhuheste alegia. Jose Austin Arrietak oldozpenak isuri nahi izan ditu liburu honetara; usu, sentipen eta gogoeta kontraerrankorrak, eskuarki liburuaren “pertsonaia” alter ego horiekin dituen eztabaidetan; pertsonaia horiek, izatez ez dira batere arruntak, ikasiak eta jantziak izanik, eta egileak fineziaz garatzen ditu hausnarketa horiek, bere mintzakide diren sosias anitzekin eleketan —batez ere bere Alter ego den Kepa Arrastirirekin—.


Bide batez ohartarazi nahi nioke irakurleari solasek eta oin-oharrek ez dutela betiko funtzio akademikoekin zerikusirik; guztiz alderantziz, testuaren osagarri, jarraibide eta solaskide baitira, gogora ekarriz Sarrionandiaren Moroak gara behe-lainoen artean liburukoaren ohar jakingarri oparoak.


Egileak dioenez, liburukote honetan “makina bat pasadizo autoplagiante”, anitzetatik haratago, paper ebakin zaharretatik haratago, collage aberats batetik haratago, balio literario, historiko eta soziologiko handiko obra dugu; liburu hau gozagarria izanen da da, betiere literatura landuaz gozatzen nekerik hartzeko prest badago. Asko eskatzen duen liburua izanik ere, eman, asko ematen dizu bueltan; eman bezain bertze —edo gehiago— ematen du ordainetan Palinpsestoak.


Laburbilduz


Etxean izateko liburu bat da, liburu honetan hausnarketa esperientzia pertsonaletik harago zerpentsaturik ematen duen liburu-mugarri bat, tarteka-marteka bistadizo bat eman eta gure iragan hurbilaz eta geure geroaz gogoeta egiteko tresna oparoa.


Bukatzeko, herenegun Espainiako Konstituzioaren urteurrena zenez gero, pentsatu nuen norbaitek esanez gero “¿qué dice tu DNI?” edo “o eres español o no eres nada”, Jose Austin Arrietari Palinpseston irakurritakoa gogoratu nahi nuke: “Esaiok ezetz. Garena garela, eta ezer ez garela garenak ez bagara”.


Jose Austin Arrieta eta Lucien Etxezaharreta
Maiatz-ek Durangoko Azokan daukan saltokian 




No comments: