2025-07-13

Iron Maiden Madrilen: "Fear of the Bus" (sic)


 Aspalditik ez dut musikari buruz blog honetan idatzi eta Iron Maiden Madrilen ikusi berri dudanez gero, estakuru ezin hobea da Heavy Metal talde mitiko horren emanaldiaren kronika ttipia egiteko.



Run for Your Lives
munduko biraren Madrilgo kontzertua Riyadh Air Metropolitan Estadioan egin da eta  ni bertan sekula egon gabea nintzen. Iron Maiden bizitzan gutxienez behin ikusi beharreko musika-taldea da eta, hau azken bira izan daiteke, diotenez; nik diot ezetz, oraindik badutela gehiagorako indarrik,  Espektakulo izugarria izan da, baina soinua ez da izan nik espero nuen bezain ona; arrazoia, segur aski futbol estadioa izanik ez delako tokirik hoberena akustika egokiena izateko. Egia da, bertzalde, harmailan oso goian nengoela eta, agian,  hori oteda kausa. Halere, merezi izan du kontzertuak, merezi izan duenez. Adinean aurrera goazenenok errepertorio zahar eta klasiko ia-ia osoa gozatzeko aukera izan dugu; ia-ia diot, zeren nik behintzat Blood Brothers eta beste baten bat  eskertuko nituzkeen. Orobat, adinean aurrera doazen Iron Maiden-eko kideak ez dira, bistan da, lehen bezain beste mugitzen, baina bataz besteko adina hirurogeita zortzi-bederatzei urteren bueltan egonik... zer nahi duzu, bada! Bateria-jole berriak ttukun egin du bere lana, baina Nicko McBrain erretiratu berria ezin izan dut ahaztu. Sasoian bai ikusi dudala Steve Harris baxujolea eta aho bete hortz —eta belarri bete soinu— gelditu naiz entzutean nola  Bruce Dickinson den gai oraino abesteko abesten duen gisara; harrigarria, zinez! 



Ene ustez, salatzeko moduko zerbait: horrelakoetan argi dago jan-edanaren eta materialen salneurria neurriz kanpokoa izaten dela usu, kontu jakina da: baina t-xerta merkeena 50 euroan eta t-xerta berria 100 euroan gehiegikeria hutsa iruditzen zait niri; aitor dezadan t-xerta gabe itzuli naizela, baiki. 


Kontzertu ederra bukatutakoan, autobusa hartu behar izan genuen ezinbestez, eta jendez mukuru betetako autobus batean itzuli ginen; gau iluna zen, baina ez ginen Fear of the Dark, ez ginen iluntasunaren beldur; autobusetik bizirik aterako ginen beldur ginen, baiki: Fear of the Bus