![]() |
Berriozarko Osasun Etxean |
Ez gaitezen etxean gera. Elkar gaitezen berriz ere Palestinaren alde eta genozidioaren aurka kaleetan. Egoeraren larriak hartaratuta bildu gara gaur, kontuan hartuta bart Askatsunaren ontzidia Gazarako bidean zihoala, ausart, irmo, kemen eta erabakitasunez Israelek eraso egin duela.
Ez diezagutela ziria sar. Bihar ere bildu beharko gara, zeren eta Trump-en plana iruzur handi bat da, palestinarren iritzia kontuan hartu gaberik egina. Hortaz, ezin daiteke plan onik izan palestinarrentzat, kontatzen digutena kontatzen digutela. Gogora dezagun sahararren kasua. Azaroan beteko dira berrogeita hamar urte “Pactos de Madrid” direlakoak sinatu zituztela, jakina, sahararren iritzia kontuan hartu gabe. Mende erdia igarota sahararrak errefuxiatu jaio eta errefuxiatu bizi dira, basamortuaren basamortuan, baina Mendebaldeko Sahararatik at, Marokok sahararren baliabideak ustiatzen dituelarik. Mendebaldeko Sahararen aurrekaria ikaskizuna dugu. Ez gaitezen engaina.
Ez dezagun etsi. Ohartzen al gara iruzurgileen manipulazioari buru egiteak ze garrantzia duen? Nahitaezkoa da Palestinari buruz hitz egiten jarraitzea, gure ahaleginak biderkatzea, Palestinaren aldeko gure engaiamendua berrestea. Jarrai dezagun hitz egiten Palestinaz, jarrai dezagun Israel estatu sionista salatzen eta boikoteatzen.
Ez gaitezen isildu. Askatasunaren ontzidiaren aurkako eraso bidegabea salatzeko eta atxilotuen berehalako askatzea eskatzeko, hala nola Israelerako armen bahitura eta estatu sionistarekiko harreman oro galdegiteko, kalera.
Berriozarren kale agerraldi bat egin ordez, hiru egin ditugu gaur: Osasun Etxearen atarian 11etan, Institutuaren sarreran beranduxeago eta Euskal Herria plazan ilundu aitzin. Ez gaitezen isildu, ez gaitezen kikildu.
![]() |
Berriozarko Euskal Herria plazan |