2016-03-06

Gau txuriak - Paul Austerren poema bat

Inor ez hemen,
eta gorpuak
dio: esaten dena esaten dela
ez da esatekoa. Baina inor ez
da gorpu bat ere,
eta gorpuak esaten duena
inork ez du entzuten
zuk izan ezik.

Elurtea
eta gaua. Berriz ere
hilketa bat
zuhaitzen artean. Idazluma
mugitzen da
lurrean zehar eta ez daki
zer gertatuko den, eta idazluma hartzen duen
eskua
desagertu egin da.

Halere, idazten du.
Hauxe idazten du:
hasieran,
zuhaitzen artean, gorpu bat dator
gauaren erditik. Hauxe
idazten du:
gorpuaren txuritasuna
lurraren kolorea da. Lurra da,
eta
lurrak idazten du: dena
isiltasunaren kolorea da.

Ez nago
jadanik hemen. Nik ez dut inoiz esan
zuk esaten duzuna
Nik esan dut. Eta jadanik, gorpua
leku bat da
non ez den ezer hiltzen. Eta gauero,
zuhaitzen isiltasunetik
zuk badakizu
nire ahotsa
datorrela oinez zuregana. 


White Nights, Wall Writing bildumakoa, (1971-1975)

2016-02-25

Bertso xume bat Kalitateari

Kalitatea arduraduna
euskaraz ari da, ustez
ez ergatibo, ez ebakera
eta "nor-nork" bat ere ez
kalitatezko kalitatea
izateko izan beharrez
oinarrizkoa izan beharko
euskaraz txukun eginez

2016-02-19

Aurrematrikulazioa Ezkaban


Antsoaingo Ezkaba eskolan gaur bukatu da aurrematrikulazio-epea; bertso bat horren harira, D eredua aukeratu duten gurasoei egina


Hirurogeita lau ume daude
Ezkaban apuntatuta
hiru urtekoen hiru gela ta
poza handia hartuta
bete-betean asmatu duzu
D eredua aukeratuta
egun batean seme-alabek
eskertuko dizute-ta





2016-02-14

Bihozkada bat baserrian

Bihozkada bat baserrian
arraro sentitzen hasita—



Bonbilla bakar bat
baserriaren hire gelako
sapaiaren erditik zintzilik
iluntze hozminean indarge
altueren beldurrari soraio
hustasunezko bakardadean irauten.
Eta beldur haiz,
beldur haizenez,
bonbilla isolatu hori
ez ote den, funtsean,
heure bizitzaren metafora gastatu bat,
hori baino ez. 



 

2016-01-22

Nor da nor?

Badut lagun bat izugarri urduritzen nauena. Gai baten inguruan nire jarrera adierazi eta lagun horri bere iritzia galdetuta, inoiz ez du garbi adierazten ados dagoen ala ez, gaia edozein dela ere.
Normalean eskuekin keinu anbiguo bat egiten du, niri interpretagaitza suertatzen zaidana; bai, ez, izan zitekeen, litekeena da edo ez, ezin daiteke... Edo ez beti, baina bai batzuetan; edo agian ez, baina bai, apika, hori ere bai; edo ez bata, ez bestea, batek daki...

Lagun horrek aparteko trebezia dauka auzi oro ke-kortina trinko baten atzean lausotzen, eta harekin luze hitz eginda ere, ezer argirik esan ez duelako sentsazio amorragarria baino ez duzu hartzen. 

Diskurtso kriptiko horren bidez, Roland Barthesek esango lukeen modura, “anbiguetate preziatu bat dela tarteko, boterearen izatea eta itxura”, erdiesten du lagun horrek, aitor dezadan, nire etsipenerako. Eta ez, ez dut esango nor den... Horretarako dago Nor da nor jokoa, edo Zein da zein Berriozarko bertsioan...