2021-06-29

Bertze itsasoaren itzalpean

 

Joan Margarit-en Bertze itsasoaren itzala poema-liburuaren azken poema euskaratzen Olaldean bukatu nuen, 2018ko udaberrian. Negu gorri luzeari udaberria ari zitzaion gailentzen, Olaldean bertan astebete lehenago elurra ikusia nuen arren. Ama zenaren baserriaren ondoko gereziondoa loretan zen, eta leihotik argia sartzen zen artean. Baserriko ordenagailuko zaharraren aurrean eserita, fitxategiaren segurtasun kopia bat egin eta USB batean gorde nuen, zer gerta ere.

Denbora-tarte bat pasatu eta gero, Donibane Lohitzunen, Margarit-en poemak zuzentzen bukatu dudala uste dut. Uste dut hori izan zen galbidea. Zinez sekula ez da zuzentzen bukatzen, are gutxiago olerki baten itzulpena, eta hamaika berridazketa eginda ere beti egonen da zalantzaren itzala bertsolerro baten atzean kukuka, hitzen doinua eta soinua, hitzen hurrenkera baten inguruan, menpeko perspaus baten atzeko koma horretaz... harik eta bukatutzat eman behar den arte.

Peri Rossi poeta uruguiarrak dioenez, idaztea sedukzio prozesu bat da, eta itzulpena, maitasun prozesu bat. Ene kasuan, gaixoaldi luze baten ondorioz hasi nintzen tajuz itzultzen maite nituen olerkariak, gaixoaldi luze bat, ikastaldi luze bat dioen esaera zaharra berrinterpretatuz edo. IdeaVilariƱo, Wislawa Zsymborska... “Bakarrik emakumezko poeten lanak itzultzen dituzu, ala?” ihardetsi zidan lagun batek... Bada ez. Joan Margariten poemek aspaldi harrapatu ninduten. Miserikordia etxea liburuari esker ezagutu nuen eta, Bartzelonara joan nintzen batean, euskarari ekarritako poema-liburu horretako lekuak bisitatzen ibili nintzen, poemak estakuru.

Orain Bertze itsasoaren itzalak liburuan agertzen diren olerki hauek, Joan Margarit-ek berak hautatuak, euskaratzen bukatu egin ditut, eta gaizki sentitzen naizela aitortu behar. Badakit sentsazio hori egun anitzen lanaren ondorioa dela, mozkorraldia baten biharamunaren antzera, horror vacui edo hutsari beldurra izatearen ondorioz.

Donibane Lohitzunen, Kantauri aitzinean nuelarik, Mediterraneo ez den bertze itsasoaren itzala aurkitu egin nuen. Han pausatu nintzen geldi-geldi eta testu hau idatzi nuen. Eta eguzkiraren argia desagertu ahala, fitxategi hau itxi eta pantailaren goiko eskuin izkinara jo nuen: shut down.


Bertze itsasoaren itzala bilduma osatzen duten poemak 
Maiatz aldizkarian argitaratu dira.

2021-06-16

Euskaldunok pairatzen ditugun zazpi madarikazioak

 

Erdaldunek sortutako guri buruzko astakeriak irensteko

gaitasun neurrigabea,

zorri-izurritea bezain gogaikarria


Gure arteko liskar txikiak muturreraino eramateko

zaletasun ikaragarria,

ultzera-izurrite bat bezain akigarria


Besteen erdipurdikeria eredutzat hartzeko

jokaera etsigarria,

euli-izurrite bat bezain astuna


Borroka kainitiko antzuetan katigatzeko

grina gorria,

abereak hiltzea bezain ergela


Geure burua min eman arte gutxiesteko

gaixo-portaera akigarria,

behe-laino trinko iraunkorrak


Txoriari hegoak ebakitzeko itsukeria

egoaren izenean eta gizenean,

txingor oro-suntsitzailea


Etsaiaren ele ederrez limurtuak izateko

joera suizida.

Zazpi madarikazio biblikoak nola.




Iragan den igandean aurkeztu zen liburua Senperen, COVID 19 malapartatuaren ondorioz ohi baino beranduago aurkeztu ere. Egun ederraren gaineko kronika ttipia Olerkarien Eguna 2021 blogean  eta YouTuben aurkezpen laburra

2021-06-08

Gerraren aurkako hitzak 2021ean

 

Gerraren aurkako hitzak egin eta biltzen ditugu urtez urte, liburuz liburu, jakinik ere gerraren aurkako gure hitzak hitz hutsak direla, hutsak eta hutsalak, eta hutsaren hurrengoa entzun nahi ez dituenarentzat. Egia unibertsalki onartua da, izan ere, ez dagoela gor okerragorik entzun nahi ez duena baino. Beraz, gorraren aurkako hitzak ere badira gureak.

Hori horrela, gerraren aurkako gure hitzak, gerraren aurkako hotsak bilakatuak, hots hitsak eta latzak izan daitezke; baina gure hitzak, ahotsik ez dutenen hitzak dira, eta liburu honetan gelditu dira, zuri gainean beltz-beltzak, haizeak eraman ez ditzan.

Gerraren aurkako hitzak eta ahotsak, gerraren garraren aurkako hitz hotzak, baina ez hutsak, ez hutsalak, gerraren eta herraren aurkakoak, harik eta zuk irakurtzen dituzun arte, hitz hotzak hitz biziak bihurtzen dituzun arte.

Ongi etorri lerroen artera.




2021-05-29

Siria gaur

 

Tximeleta txuri bat, bat eta bakarra
kiratsaren eta haize pozoituaren
lainoen gainetik hegaka.

Ilgoraren argitan sortutako
musuaren ezpainak
erre ziren
eta haiekin batera
ilbetea ikusteko itxaropena
;
iheska doan jendea
ikatz bihurturiko eskuez eta hildakoez negarka;
tximeleta bat bakarrik onik eta osorik
etengabeko doilorkeriaren
eta aire hilgarriaren gainetik hegaka.

Ostiraleko bozkarioa,
masaileko biloa,
hamabost urtekoen pubisa,
isilpeko laztanak,
poetek kantatzen zuten guztia
orain txingar gorria da, begirik gabeko begi-zuloa,

ile harrotuen urakana,
hatz moztuko eraztuna,
korroan dantzatzen ziren neskatoen zapata puskatuen antzera,
usain txarreko kearen eta hautsaren azpiko hondamendia,
eguzki hilgarria eta sekula gehiagorik ez itzal freskagarririk,
ez gaur izartsurik,
ez egunsetiak bustiriko larrerik:
bakarrik onik eta ongi dagoen tximeleta horren hegoak,
bakarrik salbazio hori hainbeste hezur odoletan,
bakarrik hegaldi hori eta ez
lurraren hostoak Arkara zeramatzan usoarena,
baizik eta uso bakan eta bakar baten tximeletarena,
guztia kiskaltzen duen hats horretatik,
batek badaki nola,
iheka doan tximeleta,
guztia eraisten duen zatikatze-bonbatik,

gorputz-atalak erauzitako gizonarengandik eta emakumearengandik,
galipot-usaina darion maitalearen gorputik,
Infernuaren sakonetik oihuka dabilen
lotsaizun gorri eta hutsetik
iheska doan tximeleta.


Gerraren aurkako hitzak izeneko ekimenean sortu zenetik parte hartu ohi dut, urtez urte eta liburuz liburu.  Nafarroako I. liburu azokaren abaroan Gaztelu plazan aurkeztu zen atzo  2018-2019 urteetan egindako ekitaldien testu bilduma non, besteak beste, Daniel Vidart uruguaiarraren olerki eder hau argitaratua agertzen den.







2021-03-01

Saharako umeen eskutitza Joe Biden presidenteari


Lehenik, agur bero bat bidali nahi diegu amerikar guztiei.

Espero dugu zu ez izatea aurreko presidentea bezalakoa, Sahara Marokoren zati bat dela esaten zuen hori bezalakoa, hori egia ez delako.

Gu errefuxiatu kanpamentuetako neska-mutilak gara, eta bertan 45 urte daramatzagu. Pobreak gara gure Lurraldea ez dugulako eta Donald Trumpek gure ametsa hautsi zuelako, baina orain esperantza dugu zuregan, erbesteaz nekatuta gaude eta.

Gu neska-mutilak garenez gure hondartza politetan egon eta igeri egin nahi dugu, eta gure arrain gozoak jan, eta gure airea arnastu nahi dugu. Gure Lurraldean nahi dugu bizi eta bakean nahi dugu bizi, eta munduan gerra gehiagorik ez dugu nahi, are gutxiago hemen.

Nahi dugu zuk jakitea zurekin kontatzen dugula, eta gure Lurraldera itzultzeko gogoari ez diogula sekula etsiko, gure odola delako.

Gu ongi gaude, baina gure aita eta anaia askok gerrara joan behar izan du, Marokok Mendebaldeko Saharan gure jendea jotzen, gartzelaratzen eta hiltzen duelako.

Zuk erokeria hau geldierazten ahal duzu, urteak daramatzagu bakeari eusten eta erreferendumaren zain.


Eskutitz hau idazten dizugu zure lagntza eskatzeko, gure Lurraldera itzultzen laguntzeko mesedez, gure kaleetan barna paseatu nahi dugulako, zeruko izarrak ikusi eta gure Lurraldean zahartu ahal izateko. Ez dugu nahi gure aiton-amonei gertatutakoa gure gertatzerik nahi, gure Lurraldean lurperatuak izan gabe hil baitziren.




Ez dakigu eskutitz hau emanen dizuten eta irakurriko duzun ala ez, baina zure eskuetara heltzen bada, zure erantzunaren zain gaituzu, gerraren amaiera ekar lezakeelako, eta inor gehiagorik ez da hilen, errefuxiatu izateari utzi eta aske izanen gara, independentziaren alde egin eta gure Lurraldera itzulita. Eta kanpamentuetara bisitan etortzera gonbidatu nahi zaitugu, gure aiton-amonekin elkartu eta ohiko hiru teak hartzeko, eta askatasunez bere Lurraldera itzuli nahi duen Herri bat garela ikusteko.

Gure Herriaren izenean, besarkada bat behean sinatzen dugun neska-mutilen partetik.