Joxe
Austin
Arrieta, solaskide
Durangoko
Azokaren abaroan, Jose Austin Arrieta Ugartetxea donostiarra
aurkezteko eginkizun eta plazera izan nuen, Ahotsenean.
Idazleak hirutan hogei eta hamabortz, eta bizitza oparokoa, inondik
ere: Filologia Erromanikoan lizentziaduna, irakaslea, poeta, UZEI
eta UEUn ibilia, Kutxan, kontu-hartzaile... eta Euskaltzain urgazlea
ere bai! Kltismo bat baliaturik, “Homo Faber” bat.. Derradan,
bidenabarkoan, Max Frisch suitzarraren Homo Faber
eleberria euskaratu zuela gure solaskideak, baita William
Goldingen Eulien Ugazaba ere, bertzeak bertze. Horatz eta
beraz, itzultzaile ere bai.
Joxe
Austin Arrieta gure idazle handietarikoa da, ez ulertua eta
askietsia, euskalalari suharra eta Euskal Herri euskaldun, batua eta
sozialistaren aldeko ekintzaile zaildua, eskarmentu handikoa. Hona
ekarri gaituena, bere opus magna, zeren eta “Idazle bat ez
da sekula erretiratzen, jubilatzen baizik” eta berak erretreta
hartu zuenetik orain arte bilduta eta idatzitakoa jasota da
Palinpsestoa mardulean.
Nabigatzaileendako
oharra
Liburua
poliki-poliki irakurri beharrekoa, egiturak eta ezaugarriek
hartaratuta, idazlanak eskatzen dituen arreta eta tai gabeko
excursus anitzek eta askotarikoek behartuta, kontuan hartuz,
gainera, hamaika geruzatan dagoela antolatuta, tipula baten gisara
eta egileak berak idatzia duenez; Jose Austin Arrietak berak dioenez,
“hitz-jolasetarako nire mania, mamiari ezin eta durundiari beharko
ekin.”
Palinpsestoa
liburu aberats eta naroa den obra handi bat duzu, zaila sailkatzen,
nobelaren, kronikaren eta saiakeraren arteko esparru lausoa, liburu
hibridoa, sailkatzeko tenorean liburuzainen buhuheste alegia. Jose
Austin Arrietak oldozpenak isuri nahi izan ditu liburu honetara; usu,
sentipen eta gogoeta kontraerrankorrak, eskuarki liburuaren
“pertsonaia” alter ego horiekin dituen eztabaidetan;
pertsonaia horiek, izatez ez dira batere arruntak, ikasiak eta
jantziak izanik, eta egileak fineziaz garatzen ditu hausnarketa
horiek, bere mintzakide diren sosias anitzekin eleketan —batez
ere bere Alter ego den Kepa Arrastirirekin—.
Bide
batez ohartarazi nahi nioke irakurleari solasek eta oin-oharrek ez
dutela betiko funtzio akademikoekin zerikusirik; guztiz alderantziz,
testuaren osagarri, jarraibide eta solaskide baitira, gogora ekarriz
Sarrionandiaren Moroak gara behe-lainoen artean liburukoaren
ohar jakingarri oparoak.
Egileak
dioenez, liburukote honetan “makina bat pasadizo autoplagiante”,
anitzetatik haratago, paper ebakin zaharretatik haratago, collage
aberats batetik haratago, balio literario, historiko eta soziologiko
handiko obra dugu; liburu hau gozagarria izanen da da, betiere
literatura landuaz gozatzen nekerik hartzeko prest badago. Asko
eskatzen duen liburua izanik ere, eman, asko ematen dizu bueltan;
eman bezain bertze —edo gehiago— ematen du ordainetan
Palinpsestoak.
Laburbilduz
Etxean
izateko liburu bat da, liburu honetan hausnarketa esperientzia
pertsonaletik harago zerpentsaturik ematen duen liburu-mugarri bat,
tarteka-marteka bistadizo bat eman eta gure iragan hurbilaz eta geure
geroaz gogoeta egiteko tresna oparoa.
Bukatzeko,
herenegun Espainiako Konstituzioaren urteurrena zenez gero, pentsatu
nuen norbaitek esanez gero “¿qué dice tu DNI?” edo “o eres
español o no eres nada”, Joxe Austin Arrietari Palinpseston irakurritakoa gogoratu nahi nuke: “Esaiok ezetz. Garena garela,
eta ezer ez garela garenak ez bagara”.
 |
Joxe Austin Arrieta eta Lucien Etxezaharreta Maiatz-ek Durangoko Azokan daukan saltokian
|