Kubako emakume arrunt batek munduak ikusi nahi ez duen krimena salatzen du gutun ireki honen bidez.
Gizateria osoari, munduko amei, mugarik gabeko medikuei, duintasuna gordetzen duten kazetariei, eta oraino justizian sinesten duten gobernuei:
Ene izena bertze anitzen izen bera da. Ene abizena zeharo arrunta da. Orobat, ez dut garrantzizko kargurik ere. Kubatar arrunta naiz. Alaba, ahizpa, abertzalea. Eta hau idazten ari naiz arima urratuta eta eskuak dardarka ditudalarik, gaur egun ene aberriak bizi duena ez baita krisi bat. Erailketa geldoa da, aurreikusia, eta Washingtondik hotz-hotzean burutua.
Eta munduak ezikusiarena egiten du.
Aiton-amonen izenean salatzen dut:
Kuban behar baino lehen hiltzen diren adinekoak badaudela salatzen dut, AEBk ezarritako blokeoak bihotzerako, tentsiorako eta diabeteserako botikak irlara heltzea eragozten duelako. Kontua ez da baliabide eskasia. Debekua propio egina da. Kubari botikarik saldu nahi dioten enpresek isunak, mehatxuak eta jazarpenak jasotzen dituzte. Zuen gobernuak, isil-isilik. Bitartean, aitona kubatar batek eskua bularrera eraman eta botikaren zain jarraitzen du. Herioak ez du abisurik ematen. Blokeoak, aldiz, bai.
Umeen izenean salatzen dut:
Salatu nahi dut Kuban badela erregai faltagatik ez dabilen inkubadorarik. Badira jaioberriak borrokan biririk jarraitzegatik, AEBetako gobernuak deliberatzen duelarik zein herrialdek sal diezaguketen petrolioa eta zeinek ez. Badira ama kubatarrak beren seme-alaben bizia arriskuan ikusi dutenak, Washingtongo bulego batean sinatutako agiri batek ume kubatarren negarrak baino gehiago balio duelako.
Bitartean, non dago nazioarteko komunitatea? Non daude haurtzaroa hainbeste babesten duten erakunde horiek? Ala Kubako haurrek ez dute merezi bizitzerik?
Propio eragindako gosetea salatzen dut:
Blokeoa programatutako gosea dela salatzen dut. Kontua ez da janari eskasia. Ezin dugu erosi, zeren eta elikagaiak daramatzaten ontziak jazarriak dira. Banku-transakzioak blokeatu egiten dira. Izan ere, aleak, oilaskoa, esnea saltzen diguten enpresak zigortu egiten dituzte.
Kubako gosetea ez da ezbehar bat,hala beharrez sortua. Estatu Batuetako gobernuak halabeharrez ezarritako estatu-politikaren ondorioa da, 60 urtez luzatua, AEBetako administrazio guztiek eta bakoitzak eguneratua, Donald Trump-ek gogortua eta Marco Rubiok amorruz bururatua.
Horri "presio ekonomikoa" deritze. Nik gose bidezko terrorismoa deritzot horri.
Sendagile eta erizainen izenean salatzen dut
Salatzen dut gure medikuek, mundu osoa kolapsatzen ari zen bitartean pandemian biziak salbatu zituztenek, gaur egun ez dutela ez xiringarik, ez anestesiarik, ezta X izpien ekipamendurik ere. Kontua ez da, beraz, ez dugula talenturik. Kontua da AEBek ezarritako blokeoak eragozten digula sargaiak, ordezko piezak eta teknologia eskuratzea.
Gure zientzialariek COVID-19aren aurkako bost txerto sortu zituzten. Bost. Inoren laguntzarik gabe. Oztopoak oztopo. Blokeoaren eta gezurren aurka. Eta guztiarekin ere, inperioak zigortzen gaitu erdietsi genuelako.
Munduari hauxe erraten diot:
Kubak ez du limosnarik eskatzen.
Kubak ez du soldadurik eskatzen.
Kubak ez du eskatzen maitatzeko.
Kubak justizia eskatzen du. Ez gehiago, ez gutxiago.
Ene aberriaren sufrimendua normaltzat hartzeari uzteko eskatzen dizuet.
Blokeori benetako izenez deitzeko eskatzen dizuet: gizateriaren kontrakom krimena.
AEBk lepoa estutzen digutelarik “elkarrizketa" eta "demokrazia" hitz politen amua ez irensteko eskatzen dizuet
Ez dugu karitaterik nahi, bizitzen utz gaitzatela baizik.
Isil-isilik dauden gobernu konplizei: Historiak epaituko zaituzte.
Gezurra esaten duten komunikabideei: egiak beti aurkitzen ditu arrakalak.
Zigorrak ezartzen dituzten borreroei: Kubako herriak ez du ahazten ez barkatzen.
Bihotzean oraindik gizalegea gordetzen dutenei: begiratu Kubari. Begira zer egiten diote eta galdetu elkarri: Historiaren zein aldetan egon nahi dut?
Populu erraldoia duen uharte txiki honetatik
Kubatar arrunt bat, sekula amore emanen ez duena.
Goiko testu horrek barruak astindu badizkizu, zabaldu.
Ez zait axola 10 ala 10.000 lagun edo jarraitzaile dituzun.
Ez zait axola zure profila publikoa edo pribatua den.
Ez zait axola ez baduzu sekula deusik ere partekatzen.
Zeren eta kontu hau desberdina da zeharo.
Hau ez da ilunabarreko argazki pollit bat.
Hau ez da axalezko kontu bat.
Hau ez da beste iritzi huts bat.
Hau irrintzia da. Eta irrintziak ez dira isilpean gordetzen ahal.
Aditzen dira.
Zabaltzen dira.
Biderkatzen dira.
Zabaldu munduak jakin dezan Kuban ez dagoela krisirik, AEBk eragindako krimen handi bat baizik.
Bertze herrialdetako amek jakin dezaten Kuban badaudela umeak blokeoak itzalitako inkubadoran bizia salbatzeko borrokan.
Beste lurralde batzuetako aitona-amonek jakin dezaten Kuban badirela agureak eta atsoak hiltzen direnak Washingtonek sartzen uzten ez dituen sendagaien esperoan eta desesperoan.
- Gobernu konplizeek ahalke eta lotsa senti dezaten.
- Hedabide gezurtiek jakin dezaten gezurrak hanka motza duela.
- Borreroek jakin dezaten ez garela isilduko.
Hau guztiau partekatuko balu pertsona bakar batek, ez luke ezertarako balio izango.
Baina hamaika lagunek eginez gero, bai.
- Ez ezazu testu hau gorde, otoi.
- Ez zaitez zure isiltasunari esker konplize izan, faborez.
- Eman eta zabal ezazu lau haizetara, mesedez.
No comments:
Post a Comment