Mercè Ibarz-ek dioenez No pienses, mira —Ez pentsatu, begiratu— liburutxoan, begiratzea margotzea da eta alderantziz ere, margotzea begiratzea. Nolabait errateko, errealitateari era berezi batez behatzea eta errealitate hori molde propioan interpretatzea. Nor bere zoroak bizi duela egia handia da, eta badirulike euskal esamolde horrek ederki biltzen duela Yayoi Kusama artistaren bizitza.
Yayoi Kusama-ren heriotza agorril honetan heldu da; agortu da sormen-iturri oparo bat. Ia mende batez bizi izan da, bizitzaldi luze eta naroa, baina ez erraza, hamar urterekin diagnostikatu baitzioten Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa (NOK). Haatik, Yayoi Kusamak ezinegonaren eta antsietatearen ondorioz atzematen zuen errealitate berezi hori margoen bidez islatzeari ekin zion eta artelan bihurtzen asmatu. Aise erraten da, baina oso neska buru-argia behar zuen hori erdietseko.
Duela hiru urte Yayoi Kusama japoniarraren margolan erakusketa ederra zuzen-zuzenean ikusteko aukera izan genuen Bilbon, eta zinez txundituta atera nintzen Guggenheim museotik. Orain, Yayoi Kusama zenaren irudiak ordenadorearen pantaillan ikusten ari naizelarik, susmatzen dut ez naizela atzematen ari Bilbon sentitu nuena, inondik ere ez. Izan ere, margolari baten irudi bati, jatorrizko margolan bati, ez zaio begiratzen ahal berdin zuzen-zuzenean ala pantailla batean, irudi digitalen formatu egokia eta kalitatea handia izanik ere. Ez, ez da berdin sentitzen dudana, Guggenheim museoarena ederra izanagatik.
Yayoi Kusamak galdu du bizia, baina ez bizitza, eta horrela adierazten du artelanen bidez, ondare oparoa opari emanda.



No comments:
Post a Comment