2007-09-19

Euskaraz bai, baina ez edonola!

Ezkaba inguruko euskaldunok beti ibiltzen gara aldarrikatzen euskaraz ere nahi ditugula oharrak ikusi, albisteak jaso, iragarkiak irakurri... Eta batzuetan euskaraz ere zerbait ikustearekin pozten gara Erdalerriaren basamortuan...
Ezkaba inguruan, Berriozarko Doneztebe parrokiak katekesirako deialdia kaleratu du irail honetan. Ohar honetan, euskaraz zerbait jarri dute... irudian ikus daitekeenez.

Nire ustez iraingarria da euskarari ematen zaion tratamendua, lotsagarria.

Ados, Kurtso guztietan katekesia euskeraz eta gazteleraz egin daiteke... Euskeraz eta gazteleraz? Ez ote zuen esan nahi euskaraz edo gaztelaniaz?, alegia, edo hizkuntza batean edo bestean, ezta?
Zeren... euskarazko katekesien kalitatea ez da izango euskarazko testuarena bezain kaxkarra, ezta? Gogoak ematen du alaba gaztelaniazkoan apuntatzeko... zer gerta ere.

Euskarazkoa ez da ulertzen, ez da testua, ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen testua izateko, euskarazkoak ez baitu betetzen eginkizun komunikatiboa; erdaraz irakurri behar duzu eta dotrinaz zerbait jakin behar asmatzeko zer ezkutatzen den honako honen azpian: Urte azkenean etortzen ziren mutiko/neskatoak hasten dira. Alegia, iaz katekesira etortzen ziren neska-mutilak hasiko direla, edo horrelako zerbait...
Ez naiz agertzen kezkatuta Haurtengo bezalako akats ortografikoengatik -akatsik egiten ez duen idazlea ez da jaio eta denok egiten ditugu akatsak (ni-neu aurrena) Ez dezagun ahantzi: "Aliquando bonus Homerus dormitat" (Homero bera ere noizean behin lokartu daiteke-eta)
Ohar horretan datak eta orduak ez daude euskaraz... Litekeena da, egileak data eta ordua idazterakoan zalantzak izatea... Baina arauak horretarako daude.
Ez dut zalantzan jartzen egilearen borondate ona, baina... onartuko al genituzke horrelako akats eta errakuntzak erdarazko ohar batean?
Bukaera ere nabarmena da: neskatoan gurasoek bilduko dira. Ene ustez Berriozarko parrokian ez dira kezkatu euskarazko testua txukun egiteaz; borondate ona baina euskara maila eskasa duen norbaiti eman diote euskaratzeko lana eta... hor konpon! Benetako kezka eta benetako borondate ona izan balute, kezkatuko ziratekeen txukun egiteaz, bai horixe!

2007-08-27

Itzalgailua

Erdi lo edo erdi esna nentorren autoan, atzealdeko eserlekuan etzanda, Marea-ren “Ya lo dijo el Camarón” leloa belarrietan eta ezpainetan. Suntsipen handiko arma da garagardroga, baiki. Loaldi labur urduriak eta bihurgunetan burukadak. Loaldian murgildu behar nintzela zirudien unean, Kutxi-ren ahots lakarrak esnatzen ninduen: “Hay que joderse” oihukatu zidan estoldetako poetak bozgorailuetatik, izenburua gogoratzerik ez dudan beste kanta baten hasieran.

Udan, gauak oso luuuuuzeak izaten dira eta garagardrogak bihotzerrea eman zidan. Zorionez, eguna argitzear ikusi nuen Decathlon iragarki urdin handia, X herriko festetatik bueltan. Lagun errukitsu batek errotondan utzi ninduen eta ni, total eginda, etxerako bide malkartsua hartu nuen. Egunak argitu zuen, eta iruditu zitzaidan errepideak eta etxesailek eta Ezkaba mendiak berak hartzen zituela koloreak. Orduan ikusi nuen, Auzalor kaleko berdegunean gorri, itzalgailu bat. Estoldetako poetak azken diskoan salatzen du espaloiak zorriz beteta daudela, baina hori itzalgailu bat zen.

Itzalgailu gorria, garbi-gargia, erabili gabea, zuhaitz baten ondoan, sute on bat noiz helduko zain, geldi-geldi, desafiatzaile... Berriozarko festetarako gordetzea pentsatu nuen; bizkarrean hartu eta etxera ekartzeko zorian egon nintzen... baina ez, han gelditu zen zut, gorri-gorri, probokatzaile.

Udan, gauak oso luuuuuzeak izaten dira, baiki. Abuztu honetan ere bai, antza. Goiz hartan ikusi nuen itzalgailu gorri hura, gau luuuuuze baten lekuko mutua erabili ote zuen inork gaueko suak amatatzeko? Inoren urdaileko bihotzerrea baretzeko?

2007-08-04

Ezkabako talaian sutea

Jakina da jakina denez, Ezkabako talaia honetan gotorlekua dago. Bada, gaur. duela ordu pare bat edo, sutea izan da, argazki hauek erakusten dutenez.









Helikoptero pare bat ibili da Berriozarko igerilekutik ura biltzen eta Ezkaba gaineko sutea itzaltzen.

2007-07-09

Hilarria dagokion tokian

Ezkabaren talaiatik oso ongi ikusten da Iruñea. Talaia lasai honetatik, sanferminak beste ikuspegi batetik ikusten dira.
Hogeita bederatzi urte joan dira Germán Rodriguez hil zutenetik. Aurten ere, German gogoan eta bihotzean izan dugu San Ferminetako festetan. Eta aurten Barcina alkate andere txit agurgarriak kendutakoa, dagokion lekuan jarri du euskal jendeak. Ea noiz arte irauten duen hilarriak! Tamalez, espero izatekoa da Barcinak hau ere kenduko duela eta, zer gerta ere, argazki zenbait atera genituen Ezkabaren Talaia honetatik.
Ez Tele Tabarra-n, Ez Canal Cutre-n, ez Euskal Tedespista-n, ez dituzu irudiok ikusiko.
Goizeko omenaldi hunkigarrian Xabier Silveira bertsolariak kantatu bezala, "isuritako odola ez da alferrik izango".
Arratsaldeko manifestazioa ere jendetsua izan da, eta Ezkabaren talaia honetatik, besteak beste, Ezkaba mendi hau biziki maite duten bi euskal presoren argazkiak ikusi ditugu: David Cebrian eta Ibai Aiensarenak.
Aurten ere, Ezkabaren talaiatik aditu dugu presoen aldeko aldarria, komunikabide gehien-gehienek ezkutatu duten arren.

2007-07-01

K komandantearen balentriak


Sabineitor izan zen lehena; poxpolinen defendatzaile sutsua, eta ondoren Nafarroa Kapitainaren berri izan genuen berrian eta, harrezkero, Txosten eta Emendakina super heroiak ere ezagutu genituen.

Orain, Euskal Herriko zeru eta errepideetan –batez ere errepideetan- beste super heroi nekaezin, ausart, eta aparta dugu... K komandantea. Oraindik orain, ez dugu haren itxuraren berri, ez dakigu nolako den, alegia. Google-n bilatuta ere, alferrik! Tira! Hala beharko du izan Kontu jakina da, super heroiek ezkutuko nortasuna gorde behar dutela ezinbestez, bestela, ez bailirateke super heroiak izanen... Halaz ere, K komandantearen arrastoa hor dago, Euskal Herriko errepideetako seinale okerrak zuzentzen.

Diotenez, Lakabe herrian sortu zen. Istorio honetako gaiztoak euskal nortasuna gogoratzen zuen leku izen oro aldatzeko agindu eman zuen eta, hartara, Lakabe Lacabe bihurtu zuten. Gure heroiak okerra zuzentzeko K beltz bat idatzi zuen eta okerra zuzendu zuen. Aitzitik, gaiztoa zinez gaiztoa denez, margo zuria erabili zuen seinalea zuritzeko eta berriz Lacabe jarri zuen, bere burua zuritzeko euren legea aipatzen zuelarik...

Baina legezkoa dena ez da beti zilegia, eta, horregatik, zilegitasun osoz, K komandanteak berriz kanpainari ekin zion. Eta diotenez, haren ekintzak edonon eta edonoiz gerta daitezke; izan ere, azken bolada honetan, Ezkaba mendiaren beste aldean, Makirriain inguruan ere, ikus daiteke haren arrastoa...