2008-01-03

Errege magoak gurasoak dira

Ondoko argazkiak salatzen duenez, misterioa eta sekretua agerian dagoenez, ez dago arrazoirik kabalgatara joateko... Nor ote zen merkatal zentro erraldoi horretan egia berdadero hori jarri zuena? Bilboko, edo Iruñeko, edo Berriozarko, edo Artikako Olentzero gaiztoaren ekintza izan ote da?

Kabalgata guztietan botatzen dituzten goxoki guztiek ere ez lukete gozatuko errege magoen garraztasuna. Ezkabako talaia honetatik argi eta ozen aldarrikatu nahi dut boikot egiten diodala errege magoen kabalgatari.
Izan ere, erregeak gurasoak dira!

2008-01-02

Urte berri on!


Ama Euskal Herriak

ez du etsitzen,

bai baitaki seme-alabek,

egiazkoek,

dutela zin-zinez maite

2007-12-26

Doneztebe Egunean



Ezkabako talaiatik gaur ikuskizun berezia izan dugu. Urtero bezala eta usadioari jarraiki, Doneztebe Eguna ospatu dute berriozartarrek. Urteroko abenduaren 26an ohitura den legez, dantzariak, gaitariak, pastak, moskatela, ogi-torradak eta inoiz auzo zaharrera eta Ezkabara igotzen ez den jende andana... Egun polita, Ezkabako talaiatik zuzenean ikusi duguna, zin dagizuet; zuzenean, zin-zinez -eta ez zinean...- zeren zinerik ez dago Berriozarren. Argazki bat baino ez dut hemen jarri, baina, nahi izanez gero, argazki gehiago ikusi.

2007-12-25

Olentzerok ekarria


Olentzerok utzitako opari ederra izan dugu gurean. Iñigo Arregi arrasatearraren eskultura zoragarri bat. Gure eskultura txikia da, corten altzairuzkoa, eta ondoko irudian ikus dezakezue tamaina handian, paisaia elurtu eder batean... Begiluze du izena eskulturak eta Ezkabako talaiatik blogerako, zer egokiagorik, "begiluze" bat baino?
Halere, inork ez dezala pentsa gaurko irudia denik... Aurreko postean esan bezala, hemen egurra ari du, baina elurrik ez... Ezkabamendin, bederen.

2007-12-21

Egurra ari du.

Euskal Herrian ez du elurra ari. Egurra ari du Euskal Herrian. Azken ezpala, antza denez, Espainiako komunikabideek zalaparta ederra sortzen ari dira ESAIT-en iragarkiaren kontra.


Ez, espainolek ez dute umore zentzurik. Espainian umorea egiten duen El jueves-aldizkarikoei galdetu. Espainolek ez dute umorerik eta, agian, horregatik demokrazia ulertzeko oso mosu sui generis dute. Azken adibidea: Iruñeko Udalak bertan behera du inkesta bat gehiengoak Olentzeroren alde egin duenean; alegia, "gustatzen ez zaidanez emaitza, bertan behera gelditzen da inkesta"... Niri gogora ekartzen dit eskolako patioko harroskoen jarrera; "baloia nirea denez, nik irabazten badut, ongi! Eta irabazten ez badut, baloia eramaten dut". To, demograzia. Olentzerori eskutitza bidaltzeko garaiz zaude oraindik, baina ez Zizurkoari: Zizurko Erreniaga Ikastetxe Publikoan sartu eta Olentzerori sua eman zioten umorerik gabeko horiek. Umorerik gabeko horiek ARGIA ikastolan egin duten balentria ez ahaztu, pintadaz josita utzi dute-eta Tuterako Ikastola.

Espainolek ez dute umorerik... "Euren arazoa da!" esango du Urliak... Baliteke, baina gure arazoa bihurtzen dute... eta egurra ari du. Baina, hala eta guztiz ere, ez dezagun umorea gal... Ez ahantzi: espainolak dira umorerik ez dutenak!