2009-09-02

Klaustrofobia

Hitzlandian, hitzen munduan alegia, hitzik engainagarririk bada, klaustrofobia hitza da.

Klaustrofobia irakasleontzat ez da "espazio txiki batean egoteko neurriz gaindiko beldurra izatea" (Sarasola); klaustrofobia klaustroetan etengabeko luzamenduetan eta alferrikako eztabaidatan galtzeko beldurra da: horixe bai dela klaustrofobia. Eta ziur naiz zuetako batzuk egunotan ari zaretela klaustrofobia pairatzen. Klaustroetan, badakizu... zenbat buru, hainbat aburu... Edo nahiago izatera, zenbat buru, hainbat artaburu. Esaera hau erabil daiteke klaustro batean txorrada pilo bat entzun eta irentsi behar izan dituzunean... Horrelakoetan, hausnartu gabe botatzen diren iritziek, aburuek, ez dute ez buru, ez hankarik; horregatik batzuei artaburu deitzea zilegi liteke, amodio guztiarekin deituta ere.


Esera zaharraren beste aldaera bat jefeekin erabil daiteke: zenbat buru, hainbat burutazio. Badakizu, jeferen batek ideia zoragarri bat izan du dauka... baina jefearen jefeak beste bat, eta jefearen jefearen jefeak beste bat... Horrelakoetan, bakoitzak agindu ezberdin bat emanen dizu, ustez bateragarriak, baina zinez kontrajarriak, eta zuk eginahalak egin arren, gaizki eginen duzu...

Nolanahi den ere, ez dezagun umorea gal! Eutsi!

2009-08-15

Joe Satriani kolosala da

Gaurko BERRIAk dakar Les Paul atzo hil zela, New York-en. Albistea esagututakoan, Joe Satriani-k deitu omen dio Gitarraren lehen heroia,

Gitarra-heroi bat baino gehiago agertu da dagoeneko blog honetan bertan: baten bat hilik, Stevie Ray Vaughan; beste baten bat bixi-bixi: Steve Morse...




Joe Satriani gitarra jotzaile onenetarikoa da. Nik etxean daukat Joe Satriani-ren binilo mitiko bat, Surfing with the Alien izenekoa, jatorrizkoa -duela hogeita bi urtekoa!-, nahikoa ospetsua karatula dela-eta. Alta, niri bitxiena ez zait egiten karatula, biniloa babesteko paprezko funda baizik: han agertzen da, Joe Satriani... iledun!

Duela hiru urte Los Angelesen zuzenean grabaturiko kontzertu honetan, aldiz...




Ilea gorabehera, Joe Satriani kolosala da...

2009-08-07

Begi-kliskak

Nire koadrillako lagun erdaldun bat kexu agertu zait sarri askotan, idazten ditudan ipuinak, poematxoak eta bestelako harrikadak euskara hutsez egiten ditudalako. Ulergarria izanik ere, hasierako nire erabakiari eutsiko diot eta ez dut erdaraz idazteko neholako asmorik.


Gainera, idatzi dudan zerbait erdaratzeko eskatu didatenean ez naiz batere pozik gelditu emaitzarekin: itzultzailea baino, itzaltzailea naiz ni. Horregatik nahiago izan dut horrelako lan garratzak uztea beste zenbaiten esku trebeagoetan


Izan ere, L. Carroll-ek idatzi zuen: "Take care of the sense, and the sounds will take sense of themselves". Hartara, Unibertsitateko irakaslea eta, hala ere, laguna den Juankar Lopez-Mugartza-k ederki lortu du zentzua hartzea eta nire poematxo bat itzuli du erdarara. Iragurgai dago ele biz El Coloquio de los Perros poesia aldizkariaren web orrian.

2009-08-06

Antipodeetatik

Euskal Herriaren antiopodeetan Australia dugu. Ezer gutxi heltzen zaigu handik... Antipodeetatik hain zuzen ere, begi-belarrientzako opari bat heldu zitzaidan: Living Loud.
Ez da ohiko banda bat, hainbat eta hainbat rock taldetan ibilitako musikari zoragarri batzuen esperimentua baizik. Bob Daisley-ren ekimenez bildu ziren duela bost urte bost musikari handi: Don Airey, Lee Kerslake, blog honetan behin baino gehiagotan agertu den Steve Morse, Bob Daisley bera eta Australiako rock abeslari famatuena den Jimmy Barnes.

Living Loud-en bildu ziren, besteak beste, Ozzi Osbourne-rekin ibilitako hiru; Whitesnake-n, Deep Purple-en eta beste hainbat banda mitikotan ibilitako munstro batzuk... Lagun zaharrak bildu, Ozziren garaiko bost abesti on berreskuratu eta beste bost berri egin dituzte. Living Loud egistamoa gauzatu zen eta izen bereko CD bat eta DVD zoragarri bat da horren lekukoa:





Jimmy Barnes tai gabe aritzen da behera begira abesti gehienetan... adinak ez du barkatzen eta abestien hitzak apuntatuta zituen orri handitan, ikuspegi zenital batean ikus daitekeen modura... Tira! Gutxienekoa da: luxua da ikustea eta entzutea musikari zahar hauek oraindik kaña ematen...

Euskal Herrian ezinezkoa da zuzenean erostea... Eskerrak Internet dugun.

2009-07-26

Eisi disi: Live at Donnington

Aurrekoan idatzi dudan gisa, Donnington-en hainbat eta hainbat kontzertu historiko egin dira. Gogoangarria, dudarik gabe, eisidisikoek -AC DC-koek eman zutena duela urte batzuk, batzu-batzuk izan ere. Nik kontzertu horren dibidi 1 -DVD bat- daukat, baina erabiltzearen poderioz erdi-hondatuta dudala ohartu nintzen lehengoan... A ze disgustua, nirea!

Zorionez, gaur egun dena (omen) dago Interneten...

Den-dena ez dakit, baina dibidi horren hasierako kanta on-ona bai: Thunderstruck. Gaur bezalako udako iluntze bero-sapa-puta hauetan, babestu ekaitzetatik eta gozatu musika ona.
Hasierako abestia denez, Angus kapela eta eskola-txamarra gorria jantzita agertzen da oraindik, baina abestiak aurrera egin ahala...



Eta kontzertu hori gogoangarria izan bazen, Barzelonan ekainean egindakoa ez omen zen makalagoa izan. Kontatu didatenez, Txantreako koadrilla bat joan omen zen kontzertura ad hoc eginiko kamiseta batekin: Back in black mitikoarekin jolas eginik, Bask is bask (sic) leloa zeraman kamiseta jantzita joan omen zen koadrilla osoa, ikurriña hondoan eta AC DCren logoa uztarturik... Nik aurtengo sanferminetan ikusi nuen kamiseta hori: inork al daki lortzerik dagoen?