Azken garaiotan egin den gizarte ekimenaren
garrantzitsuenetariko izanik, ezinbesteko hitzordua da niretzat ekainaren 8ko giza katea. Giza katea izanik ere, kateak ateak irekiko ditu, erabakitzeko eskubidearen inguruko
eztabaidaren ateak. Hortaz eta beraz, paradoxikoa bada ere, euskal jendeak kateak baliatuko
ditu loturik gauzkaten beste kate horiek hausteko. Ni ere banoa. 118. kilometroan izanen naiz... eta zu(ek)?
2014-06-04
2014-05-21
Odola gorria ez delarik
Dublin,
Pearse karrikako Widow
Scallan’s
ostatua, gaueko hamaikak laurden gutxi. Inguruan, Irlandako
Poliziaren Adar Bereziaren auto kamuflatu bat, Special
Branch
gorrotagarriaren markarik gabeko auto bat, aparkaturik. Autotik inor
ez zen jaitsi, baina beste batzuk gerturatu ziren, Ulster
Volunteer Force talde
unionistaren kideak; horietako batek eskuko boltsa bat darama,
barruan lehergailu bat duena.
Pearse
karrikan, zaintza lanetan, Martin Doco
Doherty irlandarra, 36 urteko dublindarra. “No
witness”
idatzi zuen gerora polizia batek txostenean, “lekukorik ez”
alegia, baina geraterak nola joan ziren jakinik, erraza da asmatzea
Martin
Doherty-k,
susmo txarra hartuta, aurre egin ziela eta talde unionistako kideek
tiro eman ziotela bihotzean, baita lurrean zetzalarik ere. Gero,
beste bala andana bat bota zuten ostatuaren atearen kontra, eta
atearen beste aldean zegoen beste irlandar batek, Paddy Burke-k, tiro
bat jaso eta zaurituta gelditu zen. Nolanahi, erasotzaileek ezin izan
zuten ekintza burutu, ezin izan zuten lehergailua nahi zuten lekuan,
eta ihesari eman behar izan zioten.
Irlandako
Poliziak, Garda
delakoak, ez zuen atxiloketarik egin. Bertaratu zenerako, hiltzaileak
aspaldi joanak ziren. Polizien aldetik, zirtoak, sarkasmoak eta irri
txikiak.
Handik
gutxira, Irlandako poliziaburu Brian O’Higgins-ek hauxe adierazi
zuen: “Atentatu hori aurreikusi bezala atera izan balitz, sarraskia
izanen zen, une horretan ostatua jendez gainezka zegoen-eta”
Martin
Doherty zenaren gorpua Dublin-go Glasnevin hilerrian datza. Gaur
errepublikazale anitz eta anitz bilduta egonen dira han, gaur
betetzen baitira hogei urte Martin Doco
Doherty hil zutela.
Ipar
Irlandako Polizak, PSNI delakoak, lan handia hartu zuen hil honen
hasieran Gerry Adams buruzagi errepublikarra galdekatzen eta
atxilotzen, Europako Hauteskundeen zurrunbilo mediatikoan Sinn
Fein-eko burua kakaztu nahian, duela berrogei urte gertatutako beste
hilketa baten inguruan... Antza, Martin Doco
Doherty-ren odola ez omen zen gorria.
Martin Doco Doherty
2014-05-17
Zerekin egiten dute amets ordulariek?
Hatsaren Eguna Berriozarren, urterik urte egiten den emanaldi poetikoa, indartzen ari da. Hatsa-ren V. Eguna egin berri dugu iragan ortzegunean, Berriozarko Kulturgunean. Aurten, Auxtin Zamorak atondutako ikusentzunezkoa izan dugu berrikuntza nagusia, eta hasierako urduritasun-uneak aginditurik, oso saio ederra eta biribila suertatu zen. Urtero parte hartzen dugunontzat beti berdin baina beti ezberdin suertatzen den biltzar poetiko ttipi hau ari da, ari denez, finkatzen. Urtero, gainera, The Happy Few talde hori baten bat gehiago lotzen zaio; biziki eskertzekoa da Gipuzkoatik eta Lapurditik hurbildu ziren olerkarien prestutasun eta sostengua.
Hona hemen emanaldi horretako lagin ttipi bat, Zerekin egiten dute amets ordulariek?
Ibilitako arrastoari bide bera darraiolarik.
Segundoari segundo, minutuari minutu
Iragana errepikatzera kondenatua izaki
ildotik zipitzik ere aldendu gaberik.
Ordubete bukatu orduko
orduari ekiteko orduan.
Zerekin egiten dute amets, orduan, ordulariek?
Zutik: Josetxo Azkona, Berriozarko auzapez Xabi Lasa, Josemari Sestorain, Carmen Valois, Maite Ramos, Auxtin Zamora, Mikel Ortigosa, Panpi Mailharin, Jose Mari Zendoia
Belauniko: Pello Uharte Orotz, Josu Jimenez Maia, Juankar Lopez-Mugartza eta Mikel Taberna Irazoki
2014-04-30
Paper zaharren artean aztarrika
Paper zaharren artean
aztarrika duela hamar urteko bilera baten akta bat aurkitu dut.
Hezkuntza administrazioan egiten nuen lan garai hartan, eta bilera
horretan, zerbitzuburu batez gain, atalburu bat, bi bulegoburu eta bi
teknikari ginen. Garrantzi handiko bilera horren akta —nola ez— teknikarietako bati jasotzea egokitu zitzaion: niri, alegia.
2004an
ginen, eta Egitasmo europarrak
izenburupeko bileraren aktaren aztergaiak
munta handikoak ziren: Irakasleen trebakuntzaz, Informazio eta
Komunikazio Teknologiak, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza long
life learning eta, batez ere, Anders
Hingel-ek, Europar Batasuneko Hezkuntza komisarioak emandako txosten
mamitsu baten berri: Txostenaren izenburua, ezin argigarriagoa:
Europar Batasunaren helburuak 2010ari begira.
Hona
hemen duela hamar urte ezarritako helburu estrategikoa (zilegi bekit
hitz estrategiko hori baliatzea, bestela, nagusia
esanda ematen du ez dela hain
estrategikoa)
"Europako Hezkuntza sistemen
eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea."
Helburu estrategiko hori
xehatzeko orduan, hiru nagusi aipatzen ziren
- Irakasleak eta irakasleen trebakuntza hobetzea
- Informazio eta Komunikazio Teknologiak eskura jartzea
- Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa eta porfolioa. Azken honetaz, ezartzen zen helburu gisa Europako ikasle guztiek nork bere portfolioa 2010erako helburu zela.
2014an gaude, eta xede
arranditsu horiek, jakina, ez dira erdietsi. Areago, Europako
Hizkuntzen Porfolioaz inor gutxi oroitzen da. Porfolioa zertan
zetzan, zertarako zen eta nola erabili ikasteko ikastaro horien
guztien karpetak etxean dauzkat pilaturik. Kasu gehien-gehienetan,
tamalez, portfolioa ur errea da.
Zenbat lan ordu, zenbat
ahalegin, zenbat paper ez genuen erre inora eraman ez gaituen tren
hori bultzatzen?
“Goitik” etortzen
zaizkigun hitz handiko eta xede handiagoko egitasmo horien mende bizi
gara irakasleok; bat-batean etortzen diren ekaitz horiek kezkatu eta
durduzaturik uzten gaituzte, trumoi ozen eta oinaztargi azkarrak
itsuturik. Hezkuntza politikaz arduratzen diren horiek, batzuek ume
bat eskolan inoiz ikusi ez duten horiek den-dena irakasleok egiteko
agintzen digute, eta epeak ezartzen dizkigute. Gero, agian,
politikari horiek joaten dira eta beste batzuk datoz, eta denek nahi
dute euren inpronta utzi.
Oroitzen al zara
Markotegi eta Arellanoren garaiez? Ziur baietz. Baina, nor oroitzen
da orain Jesús Laguna kontseilari zenaz? Eta Luis Campoy kontseilari
tuterarraz? Gero, Perez Nievas etorri zen, baina dimisioa eman zioten
duela urte gutxi, CDNren izarra betiko itzaltzearren, UPN-k eginiko
jokaldi politikoaren ondorioz. Orduan Miguel Sanzek esan zion Alberto
Catalani Hezkuntza kontseilaritza ere hartzeko. Azken bi urteotan
Alberto Catalan esanekoa izan da hezkuntza kontseilaria, UPNren
zuzendaritzako kidea izateaz gain eta Gobernuaren eleduna ere izanik.
Eta oraingoa, Iribas, “LOMCE a la navarra” aplikatu nahi duena,
murrizketaren maisua...
Ez, Iribasek ez du
dimisoa emango, denok aldez edo moldez eskatuta ere, ez da bere kasa
joanen; urtebete barru eginen diren hauteskundeetan Iribas eta
enparauak botatzekoa aukera dugu, eta orduan beste kontseilari-ohien
zerrendan izen bat baino ez da izanen... Baina horretarako,
irakaskuntzan ibiltzen garenok urtebete jasan beharrean, Iribasi
aurre egin behar diogu bene-benetan bere azken urtea izan dadin
kontseilari. A! Eta besoak gurutzaturik gelditzen bagara, ez etorri gero
koplekin!
2014-04-10
Udaberriko oporraldiaren atarian
Udaberriko
oporraldiaren aterian gaude. Udaberriko oporraldia ez da udakoa bezain
luzea, baina biziki eskertzen da. Udaberriko oporraldia, bai; ez Aste
Santukoa. Umeei udaberriko oporraldian gaudela esan beharko genieke,
izen erlijiosoa duen “Aste Santua” bazter utzirik. Ez ginateke
lehenak izanen. Adibidez, ozeanoz bestaldean, Uruguain, “Turismoaren
Astea” deritzo oporraldi honi.
Eliza katolikoak,
oraindik orain eta oraindik ere, botere handia duen instituzio bat
da, hamarkadaz hamarkada eta urtez urte boterea higatuz joan zaion
arren. Haren eragina handia da oso gaurko gure gizartean, nahiz eta
fededunen kopurua murriztuz joan, nahiz eta sinesdunek beraiek ez
bete Elizaren beraren agindu moralak, nahiz eta elizak ia-ia beti
hutsik egon.
Eliza Katolikoak
fededunenegan eragina izatea normala da, norberak aukeratzen baitu
bere taldea edo bere elkartea... eta norberak ordaintzen du. Arazoa
da denon zergekin elikatzen dela Eliza Katolikoa, eta ez soilik
fededunen diruarekin, denon diruarekin baizik, ateo izan, agnostiko
izan, musulmandar izan ala budista izan.
Eta burura datorkit
esaldi biribil bat, Lourdes Goicoechearen auziaren kontura aditu
nuena: “Ogasuna denok gara, Opus Dei izan ezik”
Subscribe to:
Posts (Atom)