2015-06-24

Periko Solabarria joan zaigu

Bizitza osoa borrokan tinko
gogoa, indarra ta adore
buru, besoa eta ukabila
bihotza gorri kolore
HBn Periko guretzako
eredu eta pilare
Hil arte ez zuen sekula ere
Perikok eman amore
Berriozartik Barakaldora
diotsut agur ta ohore.


 Izar gorri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean

2015-06-13

Ezkabako Talaiatik, Berriogrado

Azken hauteskunde hauetan, Berriozarren 1.630 bozka lortuta EH Bildu lehen indarra da udaletxean, eta bigarren indarrari, PSNri, bozka kopurua bikoizten dio, PSN-k bakarrik 725 ditu eta.
Abertzale edo ezkertiar diren indarren zinegotzi kopurua eta portzentaiak, hurrenez hurren: EH Bilduk (6) % 37,95; Ezkerrak (2) % 14,6 Geroa Baik (1) %10,9
Nabarmentzekoa da EH Bilduk lortu duela botoen %37,95a, hau da: hamar boto-emaileetatik ia-ia lauk eman diote botoa udalerako, abertzaleok zortzi urtez kudeatzen aritu eta gero, eta Nafarroako Gobernuan UPNk udalei diru-murrizketa handiak eginda ere. Gainera, handicap bat geneukan, orain arteko gure zerrendaburu enblematikoa, Xabi Lasa, aurkezten ez zelarik. Hori horrela izanik ere, inoizko emaitzarik onenak lortu ditugu abertzaleok Beriozarren, UPNren zangotrabak gorabehera, eta Nafarroako Gobernuak udalak ito dituen arren. Abertzaleontzat, pozik eta harro egoteko moduko emaitzak.
Baina udalerako bozketan ez ezik Nafarroako Parlamenturako bozetan ere lehen indarra gara, udalerako baino boto gutxiago atera dugun arren (1.010); 200 boto ateratzen diogu bigarren indarrari, Podemos Ahal dugu-ri alegia.
EH Bilduk izandako boto diferentziari erreparatuta, faktore zenbait hartu behar dira kontuan, (hurrenkerak ez du adierazten ezinbestez garrantzi-maila)

1) Uxue Barkosen efektua, presidente in pectore gisa aurkeztua komunikabide zenbaitetan

2) Podemos-ek hartuak: Laura Perez-en efektua

3) Parlamentuaren beraren urruntasuna gure boto-emaile askoren begietan

4) Tafallako haizea, Adolforen efektua, ez da honaino heldu.

Nolanahi, aldaketaren aldeko indarrek, udal bozetan, 2.776 boto lortu ditugu, eta erregimenaren aldekoek, 1480. Parlamenturako bozetan ere, aldaketaren aldeko indarrek 2.072 boto erdietsi ditugu eta erregimenaren aldekoek, 1.288.
Udalari begira berriz jarririk, Berriozarren inoiz baino bozka abertzale gehiago lortu dugu, eta inoiz baino zinegotzi abertzale gehiago dugu (6 + 1), eta zinegotzi gehiago dago abertzale besteak baino, erdia baino gehiago. Izan ere, Euskal Herritarron garaian 5 zinegotzi abertzale izan ziren Berriozarren... baina gaur egun, 6. Beraz, Berriozar sekula baino abertzaleagoa da.
Beste albiste on bat da emakume zinegotzi kopurua ere inoiz baino handiagoa dela, 6: berdintasunaren alde gaudenontzat, pozgarria.

Beste alderdiei dagokienez, PSNk ez du portzentaian igortzen (%16a 2011ko udal hauteskundeetan), baina 600 botoetatik 725era igotzen da, eta bigarren indarra da. Bi zinegotziek errepikatzen dute; aurpegi berririk ez.

UPNk 590 botoetatik 676ra igota ere, zinegotzi kopuru bera (2) lortzen du, eta portzentaian %16tik %15era jaisten den arren; UPNren iguripenak, izan ere, askoz ere hobeak ziren, eta jarrera oldarkorra eta harrokeriaz betea izan du: hateskunde-goizean bertan UPNko zerrendaburuak udaltzain bati iragarri zion bera izanen zela alkate, guztiz ziurtzat jotzen zuen eta. UPNren egoitza berria Artekalen, kanpaina mediatiko itzela... UPNk egindako inbertsioa, baina, garesti atera zaio, ez baitu atarramentu handirik erdietsi kontuan hartuz ze inbertsioa egin duen. Bestalde, duela lau urte CDNk lortu zituen 90 boto horiek, aise ondoriozta daiteke, UPNra joan dira. UPNko hautagaiak ez du jakin galtzen; Atarrabian, adibidez, UPNko hautagaiak EH Bilduko hautagaiari zorionak eman dizkion arren, ez du hemengoak berdin jokatu.
IU-Ezkerrak lortutako emaitzak onak izan dira: zinegotzi kopurua bikoiztuta (1etik 2ra) eta hirugarren indarra bihurtuta 627 botoei esker (%14,6), Espainiako leku anitzetan ez bezala, agian hemen zeukan profil bereziari esker (Batzarre), eta lau urte hauetan jorratu duten esparruan (elikagaien bankua, gizarte zerbitzuak...) ereindakoak botoak eman dizkiolako. Parlamenturako, baina, askoz boto gutxiago lortu ditu, segur aski Podemos-ek hartuak

PPk 79 boto lortuta, udal panoramatik desagertzen da, eta duela lau urte 254 zituen: Espainian ez gaudelako beste seinale bat. Berriozarren guztiz ezezaguna den Zaragozako hautagai bat hemen jartzeak ez die mesederik egin; lehenagotik zegoenak ozenki adierazi du berari berriz zerrendaburu izaten utzi izan baliote PPk lortuko zukeela zinegotzi bat... Lau urteotan egindakoa ikusita, nekez sinets daitekeen aipua.

Horiek horrela, EH Bilduk beste indar politikoekin egin bilera sorta egin eta gero, udalbatza osatu da, eta gaurgero 7 boto abertzaleekin EH Bilduko Raul Maiza alkate dugu Berriozarren... Edo, baten batek dioen bezala, Berriogradon.

Raul Maiza, alkate berria

2015-06-10

Ekokardiografiak

Senide bat ospitalean izan dut hainbat egun, nahi baino gehiago, eta proba batzuk egin behar izan dizkiote, besteak beste, ekokardiograma bat. Ekokardiografiak egiteko gelara lagundu nuen goiz batean, eta erizain amultsu batek egongelan itxaroteko agindu zidanean, eserleku batean eseri nintzen. Han nengoela kolpe itzela hartu nuen garondoan, ohatila gurpildun baten aurrealdeak emanda. Antza, nire atzean, igogailutik atera eta ohatila gurpildunak abiadura hartu zuen, eta erizain-laguntzaileak ez omen zuen neurtu ongi. Kontua da nik buruan kolpean jaso eta lurrera erori nintzela, konortea galdu gabe baina, eta lurrera heldu orduko inguruan zeuden beste guztiak etorri zitzaizkidala gainera. Kolpea ez zen makala izan, eta ni lurrean etzanda gora begira gelditu nintzen, ziztu bizian hurbiltzen ziren aurpegi asaldatuen aurrean. Han zeuden erizainak, erizain laguntzaileak, senideak eta baita ohatilan zetzan gaixoa, niri begira eta ea ongi nengoen galdezka. Orduan ikusi nuen, aurpegi ezezagun horien guztien artean, ustez ezaguna zitzaidan aurpegi bat.

Lurrean ote nago
kolpe bat hartuta
jendea inguruan
burua minduta
bertsolari bat dut nik
orain ikusita
ez dakit ez ote naiz
guztiz txoratuta

Ez nauzu bertsolari, baina bertso hori etorri zitzaidan burura, agian kolpearen ondorioz, agian ezaguna zitzaidan aurpegi bakarra eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako bat ekarri zidalako burura. Eserlekuan eseri nintzen atzera, eta ezer gertatu ez balitz bezala gelditu nintzen; ongi nengoela esanda, erizainak, erizain-laguntzaileak eta zain zeuden beste guztiak urrundu ziren. Burua pixka bat minduta gelditu nintzen, eta kezka bat jiraka-biraka barruan, ustez ezaguna zitzaidan hori agertu bezain azkar desagertu baitzen. 

Orain, senidea, zorionez, jadanik ez dago ospitalean, eta ni... aitzakia bat bilatzen ari naiz ekokardiografiak egiten dituzten gelara hurbiltzeko.


2015-05-28

Nik ugaztunak ikusten ditut -Jesús Lizano in memoriam-

Gaurko Berria-n irakurri dut ohar ezin laburrago batean biziki miresten dudan poeta bat, Jesús Lizano, hil berri dela. Ez da lehenbiziko aldia blog honetan bertan haren poema bat jartzen dudana, euskaraz emana. Eta gaur ere ez da egun txarra haren beste poema bat euskaraz —eta euskarari— emateko, oso egokia hauteskunde ondorengo giro honetan boterea galtzear duten diputatu eta politikari hantuste batzuei zer diren gogorarazteko: ugaztunak baino ez.

Ugaztunak

Nik ugaztunak ikusten ditut
oso izen arraroak dituzten ugaztunak
Ahaztu zaie ugaztun direla
Eta sinetsi dute zera direla, apezpiku, iturgin,
esne-saltzaile, diputatu. Diputatu?
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Polizia, mediku, atezain,
irakasle, jostun, kantautore.
Kantautore?
Nik ugaztunak ikusten ditut.

Alkate, zerbitzari, bulegari, aparejadore
Aparejadore!
Ugaztun batek nola sinetsi dezake aparejadore denik
Kide, bai horixe! Kide direla  sinetsi dute
Komite Zentraleko kide, Medikuen Elkargoko kide…
akademiako kide, errege, koronel.
Nik ugaztunak ikusten ditut

Aktoresa, puta, neskame, idazkari,
zuzendari, lesbiana, haurtzain…
Egiatan, nik ugaztunak ikusten ditut.
Inork ez du ugaztunik ikusten
inork ez du gogoratzen, antza, ugaztuna dela .
Ni ote naiz azken ugaztuna?
Demokrata, komunista, xakelari,
kazetari, soldadu, nekazari.
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Markesa, exekutibo, bazkide,
italiar, ingeles, katalan.
Katalan?
Nik ugaztunak ikusten ditut
Kristau, musulman, kopto,
ikuskari, teknikari, beneditar,
enpresari, kutxazain, kosmonauta…
Nik ugaztunak ikusten ditut.

2015-05-20

Esparza Espartzetan

Esparza hautagaiari entzuten diodanean, Espartzetaz oroitzen naiz. Espartzeta Ezkaba mendian dago, Berriozarko auzo zaharretik oso hurbil. Baina Esparzak ez du bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko interesik.

 Jakin beharko luke 1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik ihesi joandako lau preso Artikan atzeman zituztela. Artikatik Berriozarko eskolara eraman zituzten, gaur egun Lantxotegi den eraikinera. Bazuten Iruñeko epaitegi batera eramaterik; bazuten gotorlekura eramaterik atzera; baina ez, Berriozarko eskolan izan zituzten gatibu. Eskolako maisuaren emazteari, Mikaelari, atxilotuei afari on-ona presta ziezaiela agindu zioten, eta denbora luzez preso egondako horiek aspaldi ez bezalako afaria ukan omen zuten. Afaldu eta gero, Jose María Salobre apaizarekin bekatuak aitortzeko aukera eman zieten, eta batzuek hala egin omen zuten; beste batzuek, alta, ez. Orduan eskolatik atera eta mendirako bidetik goiti eraman zituzten guardia zibilek, Espartzeta izeneko lekuraino. Handik gutxira tiroak entzun ziren herrian. Harrezkero, isiltasuna nagusi. Handik gutxira, hiltzaileak baizik ez ziren Berriozarrera itzuli.

 Hau guztiau kontatu zuena ume-moko bat baino ez zen orduan, baina ederki dauka den-dena gogoan: izan ere, aita izan zuen hiltzaileen aginduz hilobia egin behar izan zuten gizonetako bat. Isiltasunak urteak eta urteak iraun du, isiltasun konplizea batetik, izuak eragindako isiltasun behartua bestetik. Eraildako lau gizon horien izen-abizenak ere ez dakizkigu, eta euren gorpuak hor egon dira urteak eta urteak, arteen artean, laurak elkarrekin, Espartzetan, hiltzaileek abandonatu zituzten leku berean.

Duela aste gutxi batzuk —bazen garaia— lau lagun horien gorpuzkinak erauzi zituzten Aranzadi elkarteko teknikariek Pako Etxeberria forentsea buru zutela: gorpuen buru-hezurrek bala-zulo bana zuten agerian, igande goiz eguzkitsu horretan Espartzetan egon ginenok ikusi genituen. Ez nauzue aditu, eta ikerketak egindakoan, forentsek ebatziko dute; baina agerikoa da ez zutela ohiko fusilamendu bat egin, eta bertatik bertara buruan tiroa emanda erail zituztela.

 Duela hilabete batzuk bertan ezarritako oroitarria gurutze esbastikaz tindatu eta erdi puskatu zuten Nafarroan oso ezagunak diren ezezagun batzuek; etzi ezarriko da berriz, Ahaztuak elkarteak eta Berriozarko Udalak antolatutako ekitaldi batean, arratsaldeko 6etan, hantxe, Espartzetan. Eta Memoriaren Ibilbidea izanen denaren panela ere ezarriko da.


Esparza hautagaiari entzuten diodan bakoitzean Espartzetaz oroitzen naiz, ederki dakidan arren ez duela bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko inolako interesik. Esparza hautagaia ez da inoiz Espartzetan egon, eta ez dut uste etzi hurbilduko denik.